Ane Olaizola
Gipuzkoako autoeskoletako langileek duten egoera frenatu nahi dute. Azken urtean, gidabaimena ateratzeko aztertzaile kopurua erdira jaitsi da Gipuzkoan, eta, horrek azterketa praktikoen zerbitzua “kolapsatu” duela eta, protestak hasi dituzte, Espainiako Trafiko Zuzendaritzak aztertzaile berriak kontrata ditzan. “Konponbide bat lortu arte aterako gara kalera”, ohartarazi du Josean Bengoetxea Gipuzkoako Autoeskolen Elkarteko lehendakariak.
Egun, lau aztertzaile daude Gipuzkoan, 2015ean baino lau gutxiago. Erretiroek eragin dute beherakada hori, eta, Bengoetxeak adierazi duenez, pixkanaka handituz joan den arazoa izan da: “2015eko maiatzean bi aztertzailek erretiroa hartu zuten, eta ikusten genuen ez zituztela langile berriak jartzen. Udan arazo batzuk izan genituen, eta orduan hasi ginen ikusten Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren jarrera. Ez zituzten aztertzaile berriak jarri nahi”. Harrezkero, beste bi aztertzaile erretiratu dira, azkena iazko uda amaieran.
Bitarte horretan, Trafiko Zuzendaritzak bideratutako ordezko aztertzaileekin eraman dute aurrera zerbitzua: “Beharra dagoen lekuetara bideratzen dituzte aztertzaileak, baina aldi baterako izaten dira, oso kontratu motzekin”, esan du Bengoetxeak. Ordea, neurriok “unean uneko adabakiak” besterik ez direla salatu dute autoeskolek.
Zerbitzua, gainezka
Aztertzaile kopuruaren beherakadaren eraginez, azterketa praktikoen zerbitzuak gainezka egin du Gipuzkoan. Azpeitian, Beasainen eta Donostian egiten dituzte azterketa praktikoak, eta orain arte Azpeitian eta Beasainen egun banatan eta Donostian hiru egunetan egiten zituzten probak. Hala osatzen zuten asteko zikloa. Ordea, aztertzaile bakoitzak egunean hamahiru azterketa egiten ditu gehienez, eta, aztertzaile gutxi eta bezero asko egonik, egun Donostian hamabi egun igaro ditzakete jarraian, lehendakariak adierazi duenez.
Autoeskolek, beraz, arazo larriak dituzte euren funtzionamendua aurrera eramateko. Zumaia autoeskolan, esaterako, abenduaren 6an egin zuten azkenengoz azterketa praktikoa, eta egun sei ikasle dituzte horretarako zain. “Urtea amaitu aurretik egitea aurreikusten genuen, baina atzeratuz doa”, adierazi du Izar Martin autoeskolako kideak.
Egoera horretan, autoeskolek tartekatuta ematen dizkiete eskola praktikoak ikasleei, azterketarako denbora luzea itxaron behar dutelako: “Orain arte ikasle bat praktikekin hasten zenean jarraipen bat egiten genion. Normalean, ia egunero erabiltzen zuten ibilgailua, eta hori da ideala. Orain, berriz, gure lana ezin dugu aurrera atera, eta ikasle berriek normala baino gehiago itxaron behar dute”. Bengoetxeak ere adierazi du autoeskolek eguneko lanaldi “zatitua” dutela: “Ibilgailuak geldituak ditugu. Lehen, ordu guztiak planifikatuak izaten genituen, eta bagenekien noiz izango ziren azterketak. Azterketa baino hiru egun lehenago jakinarazten digute noiz izango den proba, eta ikasleei azkar batean jakinarazi behar izaten diegu”.
Hain zuzen, kalte handiena ikasleei eragiten die, hori azpimarratu dute. Gipuzkoako Autoeskolen Elkartearen arabera, 1.400 ikasle ingururi eragiten die aztertzailerik ezak. Martinen iritziz, gidabaimena horrela prestatzeak “presio handia” eragiten die ikasleei. “Asko ikasleak dira, eta unibertsitatean laster azterketak hasiko dituzte. Beraz, gerta daiteke gidabaimeneko proba beste ikasketen azterketen egun berean suertatzea. Gaixotzen bazara edo utzi ezin duzun azterketa bat baduzu, beharbada beste hilabete egon beharko duzu zain”.
Gipuzkoan 71 autoeskola daude. Azterketa teorikoak astero egiten dituzte oraindik ere, baina praktikoak hilabetean behin egiten dituzte azkenaldian. Dena den, arazoa ez dute berdin bizi autoeskola handiek eta txikiek, Azpeitia autoeskolako Maite Agirrezabalak esan duenez: “Gure autoeskola txikia da, eta ez digu horrenbeste eragiten arazoak. Udan izaten dut lan handiena, eta negua lasaia izaten da. Une hauetan eguneratuta gaude”.
Autoeskolen kudeaketa Eusko Jaurlaritzarena da, baina gidabaimeneko azterketak Espainiako Barne Ministerioaren menpe daude. Gidabaimeneko aztertzaile izateko postua eskuratzeko, aurretik Espainiako Trafiko Zuzendaritzako langile izan behar da, eta barne oposizioak egiten dituzte aztertzaile izateko. Bengoetxearen ustez, “irtenbide txiki bat” izango litzateke plaza horiek kanpora ateratzea, jende gehiagok izan dezan horretarako aukera. Gainera, Gipuzkoako aztertzaileek ez dituzte kobratzen aparteko orduak. “Beraz, arazoa handituz doa hemen”, dio Martinek: “Udan, lan karga handien dagoenean, aparteko orduak sartzen dituzte, eta, horien ordez, jai egunak hartzen dituzte gero. Beraz, aparteko orduak sartzearekin ez da ezer konpontzen”.
Arazoa gero eta handiagoa ari dela bilakatzen salatu dute guztiek. “Aurtengoa errematea izan da. Guztiok genekien zer zetorren, aztertzaileek erretiratu egin behar zutelako. Trafiko Zuzendaritzak aurretik konpondu behar zuen egoera; kanpotik aztertzaileak ekartzea ez da irtenbidea”, dio Agirrezabalak.
Bengoetxearen arabera, aztertzaileak erretiratzean, haien lanpostuak hutsik uzten ditu Trafiko Zuzendaritzak, eta horren atzean gobernuaren murrizketak daudela irizten dio. Ikasleek aurrez 90 euroko tasa ordaintzen dute azterketa praktikoa egin ahal izateko, eta Trafiko Zuzendaritzak ikasleei dirua aurrez kobratu eta gero itxaron egin beharko dutela esatea ez da egokia, Bengoetxearen ustez. Horri aurre egiteko, “benetako irtenbide bat” nahi dute, eta “berehalakoa” izatea exijitzen dute. Gutxienez lehengo kopurua berreskuratu nahi dute, baina badakite lehen baino aztertzaile gehiago beharko dituztela egungo arazoari buelta emateko, hasiera batean behintzat.
Iaz hasi ziren biltzen Trafiko Zuzendaritzarekin. Irtenbiderik ezean, ordea, protestak hasi dituzte. Trafiko Zuzendaritzak Donostian duen egoitzarainoko manifestazioa egin zuten, abenduaren 29an. Haren ondotik, Trafiko Zuzendaritzaren azpiordezkaritzan elkartuko dira datorren astean; adierazi dutenez, konponbiderik ezean, protestekin jarraituko dute, berriro “kalitatezko zerbitzua” eskaintzen hasi arte.
Leave a Reply