Eider Goenaga Lizaso
Laminak, Basajaun eta Tartalo —Ataunen Torto esaten diote— ezagutzen ote dituzten galdetzen diete umeei, Jose Migel Barandiaran nor izan zen esplikatzen hasi aurretik. “Ume guztiek ezagutzen dituzte izaki mitologiko horiek, eta, ezagutza hori jaso badute, Barandiarani esker jaso dute, bestela galduta egongo lirateke jada”, azaldu du Ainhoa Diez de Salazar Ataungo Barandiaran museoko arduradunak (Donostia, 1988). Barandiaranek topatu, induskatu eta katalogatutako trikuharriez ere hitz egiten diete, baita hark idatzita utzitako 10.000tik gora dokumentuei buruz ere.
Jose Migel Barandiaran zein izan zen azaltzea eta hark egindako lan guztiaren zabalpena egitea da museoren helburua, 2010ean sortu zenetik. “Gezurra badirudi ere, garai batean hezkuntza curriculum batzuetan azaldu ere ez zen egiten. Eta hutsune hori betetzeko eta gaiari euskarri fisiko bat emateko sortu zen museo hau. Hemen ez daude haren liburuak, ondare hori Sara Etxean dago; bere bizitzaren eta bere lanaren zabalpena egiten dugu”. Barandiaranen bizitzari eta, batez ere, haren lanak euskal kulturarentzat izan duen garrantziari azpimarra egiten diote museoan.
Bi zatitan dago banatuta museoa. “Goiko solairuan Jose Migelen alde pertsonala lantzen da, nola oso pertsona apala eta umila izan zen, zenbat lan egin zuen… Bideo bat ere badago bere pasarte batzuekin”. Beheko solairuan, berriz, arkeologia eta etnografia lantzen dira. Modu oso grafikoan azaltzen dute, adibidez, Barandiaranek arkeologian egindako lana. “Panel batean argi urdinekin agertzen dira markatuta mapan Barandiaranen aurretik zenbat megalito ezagutzen ziren Euskal Herrian; bisitariak botoi bat sakatzen duenean, Barandiaranek egindako aurkikuntza guztiak agertzen dira. Aldea izugarria da, eta oso modu argian ikusten da mapa horretan. Bere ekarpena zenbatekoa izan zen erakusten digu horrek”.
Megalito baten indusketa baten erreplika ere badute museoan. “Trikuharri baten inguruan aurki daitekeena ikusten da bertan, umeek eta bisitariek, oro har, geruzaz geruza zer aurkitzen den eta nola lan egiten den ikus dezaten. Tamaina errealean dago, eta jendeari asko gustatzen zaio”.
1928ko grabazio bat
Etnografiaren atalean, bestalde, museoak duen harribitxietako bat aipatu du Diez de Salazarrek. 1928an Barandiaranek berak kamera eskuan hartuta grabatutako pelikula bat. “Garai hartan inork ez zeukan halako kamerarik, baina Jose Migelek asko bidaiatzen zuen Europara, eta hango teknologia ekartzen zuen hona. Eta kamera hori baliatu zuen Ataungo jardun magiko batzuk grabatzeko. Adibidez, eguzki lorea zergatik jartzen den baserrietan, zergatik jartzen zuten aizkora bat buruz gora ekaitza zegoen egunetan, nola kentzen zituzten garatxoak garia igurtzita… Irudietan ikusten dira horrelako jardunak grabazio horretan”. Diez de Salazarren arabera, Barandiarani beste inori ez zitzaion bururatzen garai hartan kamera bat hartu eta gauza horiek grabatzea eta dokumentatzea. “Berak argi zeukan ondare immaterial hori galtzen ari zela, ahoz aho pasatu arren ez zela inon geldituko idatzita eta jasota. Hala, idatziz jarri ez ezik, irudietan jaso zuen”.
Etnografiaren atalean dago mitologiaren gaia ere. “Modu batean edo bestean lantzen dugu, datorren bisitariaren ezaugarrien arabera”.
Aipatutakoak asteburuetan egiten dituzten bisita gidatuen ardatza izango lirateke, baina Barandiaran museoaren eskaintza asko zabaltzen da hortik abiatuta. Ikastetxeei begira hamaika jarduera, irteera, ibilaldi eta tailer antolatzen dituzte bai Ataunen eta bai Aralarko Parke Naturalean; eta ikasleentzat prestatutako eskaintza hori guztia bestelako bisitarien beharretarako egokitzen dute, hamar lagunetik gorako taldea osatuz gero.
Bisitariaren interes, adin, denbora eta beharren neurrira egokitu eta konbinatzen dituzte eskaintza horiek. “Egin daiteke trikuharriak ikusteko irteera bat eta gero arkeologia tailerra; edo bioaniztasunaren ibilbidea eta mitologia tailerra; edo errota martxan jarri eta irina egin, gero talo tailerra egiteko… Museotik abiatuta betiere, nahieran antolatzen ditugu, bisitariak aurrez deitu eta harekin hitz eginda”.
Leave a Reply