Oreka TXkoak Iberdrolaren akziodunen batzarrean, Leonor Watlingen Marlango, Perezako Leiva eta otxote batekin”. Leherkaria hiru mezulariren partetik iritsi zitzaidan Whatsappez. Erantzun zorrotzen bat-edo esperoko zuten bueltan, baina ez zitzaidan ezer bururatu. Hirurei Twitterren-eta erabiltzen dituzten errazkeria horietako batekin erantzutekotan egon nintzen, “Postmodernismoa hau zen” edo beste pitokeriaren bat. Atzaparrak geldi laga nituen ordea, behingoagatik zuhur. Gaztetan nuen txinparta lotsagabe hura galtzen ari naizela nabari dut aspaldi.
Jasotako whatsapp-ek ez zuten morbo faltarik, eta musika emanaldien irudiren bat topatzen saiatu nintzen segituan, alferrik. Ez irudirik, ez iruzkinik. Ekitaldiaren aurrerapen labur batzuk baino ez ditut ikusi Interneten. Horrek nire jakin-mina areagotu besterik ez zuen egin, imajinatuko duzun bezala. Propio atondutako Euskalduna jauregiaren ateak itxita, etengabe hazten diren mozkinekin txoratzen zeuden akziodunak, zuzeneko musika, luxuzko catering-a. Batek daki nola amaitu zen hura.
Zorionez, luze baino lehen izango dut batzarreko xehetasunen berri, ikusten dudanean Oreka TXko Mikel Ugarteri eskatuko baitizkiot. Eta graziarekin kontatuko dit guztia hark ziur, ezin majoagoa da eta. Kapitalismoaren akelarre batean parte hartu izana aurpegiratuko diodala uste baduzu, oso oker zaude. Euskalduna jauregian baino sarriago ikusi dut Mikel Putzuzulo gaztetxean, batere ordainsaririk gabeko auzolanean.
Autonomook badugu gainera garaiz eta eskuzabal kobratutako eginkizun erosoak detektatzeko eta balioesteko sen berezi bat. Bere nomina finkoarekin lasai bizi den horrek kritikatzen dituen zereginak altxor preziatuak izan litezke guretzat. Eta Oreka TXrenak garaiz eta eskuzabal kobratutako eginkizun erosoaren itxura osoa dauka. Autonomoaren moral bakarra irautea da; dilema etikoak, sekula ordaindu gabeko fakturarik pairatu ez duten irakasleen eta antzeko funtzionarioen kontuak.
Oreka TXren afera honetan bi txikikeria dira nire onetik atera nautenak. Lehenbizikoa, ez daukadala Iberdrolaren akziodunen batzarrean erakusterik merezi duen abileziarik. Bigarrena eta are garrantzitsuagoa, ez daukadala Iberdrolako akziorik batere. BERRIAko eta Gipuzkoa Basketeko bizpahiruk osatzen dute nire zorroa. Martin Ugalde kultur parkeko urteroko batzarretan ez naiz sekula izan, baina entzuna dut bertaratutakoei sagardoa eta txistor muturra eskaintzen dizkietela. Aukeran nahiago nuke sos horiek Leonor Watling ekartzen xahutuko balituzte. Autonomoa ohituta dago zahatoa eta ogitartekoa hartuta etxetik irtetera.
Leave a Reply