Mater, itsas ondareari begira

Arrantzaleek itsasoan egiten duten bizimodua ezagutzeko aukera ematen du Pasaiako Badian, San Pedron, porturatua dagoen Mater Itsasontzi Museoak. Urte osoan, bisita gidatuak eta hamaika tailer zein ekimen antolatzen ditu hor Itsas Gela Elkarteak; oporraldiekin batera ugaritu egiten du eskaintza. Hala egin du Aste Santuan eta Pazko Astean. Gaur eta igandean bisita ordutegia zabaldu, eta bisita gidatuak eskainiko dituzte 11:00etan, 12:00etan eta 13:00ean; arratsaldez, berriz, 17:00etan eta 18:00etan.

Bihar, berriz, Mariñel Eguna ospatuko dute, 11:00etan hasita eta arratsaldera arte. Izaskun Suberbiola Mater Itsasontzi Museoko zuzendariak azaldu duenez, Pasaia eta itsasoaren arteko harreman estua erakusten dute egunaren bidez: “Bisita gidatua egingo dugu Pasai Donibane eta San Pedroko gune historikoetatik barrena, arraun elkartea eta arrain lonja bisitatuko ditugu, badiatik buelta egingo dugu itsasontzian, Mater ontzira bisita gidatua egingo dugu, eta, azkenik, pintxoa hartzeko aukera izango dute parte hartzen dutenek”.

Urte osoan tailerrak

Urte osoan tailerrak eta bisitak eskaintzen ditu Mater ontziak. Horien artean arrakastatsuena aukeratzea zaila egin zaio Suberbiolari, “eskaintza nahiko zabala” duelako museoak. “Eskolekin lanketa egiten dugu, eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat Boga Boga Marinela edota Itsasora Hurbilduz unitateak lantzen ditugu. Materren agertokia berezia da, ingurunea eta itsasoan bertan izatea modu egokia dira arraunketarako edo arrantzara hurbiltzeko. Helduagoekin bisita gidatua egiten dugu Materren, lehen sektorea eta arrantza mundua erakusteko; arrakasta handia izaten du”.

Nabigatzen ikasteko eta arrantzan modu tradizionalean aritzeko ikastaroa eskaintzen du, bestalde. “Itsas korapiloak egiten, itsasoan egoki kokatzen, tresnak erabiltzen… ikasten dute nabigatzen ikasteko tailerrean parte hartzen dutenek. Arrantzan modu tradizionalean aritzeko tailerrean, berriz, aparailua egin eta badian bertan arrantza egiten saiatzen dira”.

Itsasoarekin lotura izanik, ezin zitekeen falta arrain kontserbak egiteko tailerra. Itsasontzia bisitatu ondoren, arrantzaleen eguneroko bizimodura hurbildu, eta Kantauriko antxoekin arrain kontserba egiten dute. Kontserba hori etxera eramaten dute gainera. Hori gutxi ez eta tailerrean pintxo dastaketa ere egiten dute. Arrain kontserben tailerrak 15 euro balio du haur zein helduentzat; beharrezko guztiak Materrek jartzen ditu, eta aldez aurretik erreserba egin behar da. Taldeak lau lagunetik gorakoa izan behar du.

Ikastetxeekin lanketa handia egiten du museoak, baina familientzako egitasmoa ere badela esan du zuzendariak: “Familiako txikienentzat zein helduentzat erakargarriak diren ekintzak antolatzen ditugu. Gustura aritzen dira denak”.

Gaur egun arrantzaleak nola bizi diren eta nola lan egiten duten erakusteaz gainera, kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egin du ontziak: “Bertatik pasatzen denak, beraz, kontzientzia hartzen du, eta jabetzen da itsasoaren zaintza denon ardura dela, denon esku dagoela”.

7.000 bisita urtero

Udaberriarekin batera, bisita kopurua handituz doa. Urtero 7.000 pertsona joaten dira, batez beste. Orain 10 urte hasi zen Mater Itsasontzi Museoa jarduerak eta bisitak eskaintzen. Pasaia eta Itsasoaren arteko lotura erakusteaz gain, itsasoarekin lotura berriak egiteko aukera zabaltzea da helburua, eta era berean, pasaitarrek itsasoaz bizitzeko aukera izatea.

Pasaiako Itsas Gela Elkarteak kudeatzen du Mater Itsasontzi Museoa, eta elkarte horrek sartu zuen biziberritze prozesuan Kantauriko atunontzia, 2003. urtean. “Urte hartan bukatu zuen jarduna Mater-ek atunontzi edo arrantza ontzi gisa, eta, hondoratzear zela, Itsas Gela elkarteak hartu eta gure ondarearen zati den itsasontziari beste erabilera bat ematea erabaki zuen”. Ordutik mantendu du Itsas Gelak egurrezko itsasontzia. “Pasaian jaiotako museoa da Mater, herri museoa, herritik bertatik sortutako ideia izan baitzen Mater itsasontzia museo bihurtzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.