Irtenbidea bidezubia bota gabe

Karlos I.a hiribideko zubibideak bitan zatitu du Amara Berri auzoa azken 43 urtean. Urte mordoan, Donostiarako sarrera nagusia izan da berau hiriburura hegoaldetik eta mendebaldetik hurbildu direnentzat. 43 urte horietan, ibilgailu kopuruak etengabe egin du gora. Eta kopurua handitzearekin bat, auzotarren arazoak, kexak eta protestak ere ugaritzen joan dira. Astearte gauaz geroztik, Amara Berriko auzotarrek itxaropenez begiratzen diote etorkizunari, bidezubian aldaketak egiteko obrak abiatu baititu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Bidezubia kentzea izan da auzotarren eskaera azken urteotan, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ezinezko jotzen du Donostiarako sarrera-irteera hori kentzea, eta erdibideko konponbidea aurkeztu zuen iragan abenduan. “Aukera erreal eta egingarria” zela azaldu zuen Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegitura diputatuak.

Asteartean hasi eta lau hilabetean luzatuko dira lanak; auzoaren itxura aldatzea eta auzotarren bizimodua hobetzea izango dute helburu. Aldundiak espero du lanak abuzturako bukatuta egongo direla.

Dena maila berean

Errepidearen kota jaitsi eta kalearen mailara ahal bezainbeste hurbiltzea izango da aldaketa nabarmenenetako bat. Dena altuera berean geratuko da. Pio XII.aren plazatik hasita, altuera berean egongo dira errepidea eta kaleak, ia tuneletara iritsi arte. Tuneletara igo eta jaisteko malda 160 metro lehenago hasiko da, eta, igoera laburragoa izan arren, aldapa pikoagoa izango da, orain arteko malda progresiboaren aldean.

Donostiara sartzeko eta irteteko bina bide ditu egun errepideak. Hori ere aldatuko da. Sartzeko bi bide izango dira, eta ateratzeko bakarra. Horrez gain, errepidearen albo bietan dauden itxiturak eta errepidea bitan zatitzen duen hormigoizko hesia ezabatzea izango da aldaketa handienetako bat. Auzoa jada ez da bitan zatituta geldituko, eta oinezkoek hiru gunetan izango dute aukera errepidearen alde batetik bestera igarotzeko: semaforo eta zebrabide bana jarriko baitituzte Isabel II.a etorbidearen parean, Etxeberri plazaren inguruan eta Katalina de Erauso eta Eustasio Amilibia kaleek bat egiten duten tokian.

Bestalde, gelditzen diren hiru bideak metro erdi estutuko dituzte: hiru metroko zabalera izango dute, hiri barneko beste errepideekin parekatuta. Errepide estuagoak autoen abiadura moteltzeaz gain, espazio libre gehiago geldituko da, eta espazio horretan berdeguneak egingo dituzte, errepidearen alde bietan.

Ibilgailuen abiadura “modu eraginkorrean” murriztea da foru aldundiaren helburu nagusietako bat. Horretarako, zebrabide zein semaforoak jarri eta errepideak estutzeaz gain, gehienezko abiadura mugatuko dute hiribide osoan. Ibilgailuek ezingo dute orduko 50 kilometro baino gehiagora ibili.

Abiadura moteltzearekin batera, zarata gutxituko den ziurtasuna azaldu zuen Ugartek. “Zirkulazio handiko hiriko beste kale batzuen antzeko maila izango du, eta, ziurrenik, zirkulazio oso handiko beste batzuk baino txikiagoa, hala nola Mirakruz, San Martin, Ategorrieta…”.

Ugartek abenduan azaldutakoaren arabera, martxan jarritakoa konponbide benetan egingarria da. “Argi geratu da orain artekoak ez zirela egingarriak, eta hori errealitateak berak erakutsi du. Orain arte Karlos I.ako bidezubia kenduko zela hainbatetan iragarri den arren, lan horiek ez dira sekula egin, besteak beste, planteatzen ziren alternatibak izugarri garestiak zirelako eta batere praktikoak eta eraginkorrak ez zirelako”. Aldundiak egingo duena ez da auzotarrek eskatzen zutena —bidezubia kentzea—, baina irtenbide bat emateko lehen ahalegina, eta auzotarrak emaitzak ikusteko zain daude.

Astelehenetik aurrera

Obrak bere horretan hasi aurretik egin beharreko seinalizazio eta balizamendu lanak ari dira egiten aste honetan. Helburu horrekin, Aieteko tuneletatik Amarako tuneletarako errepidean hainbat bide mozketa egin dituzte. Benetako obrak astelehenean hasiko dituzte.

Lanek 668.215 euroko aurrekontua dute, hasieran esperotakoa baino %25 gutxiago. Amenabar eraikuntza enpresari esleitu zion aldundiak obra, lehiaketara aurkeztutako zazpi hautagaien artean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.