Leire Narbaiza
Nire ametsetako etxea. Espainiako LTDan ematen duten saio iparramerikar baten izena da. Antzeko asko ere ematen dituzte. Neguko arratsalde hotzetan, sofan jarrita mantapean, gustura ikusten ditut. 200 metro karratuko etxea txikiegi geratu zaielako bigarren umea jaiotzean etxe handiagoa behar dute, esaterako. Gu barrezka gaude geure pisu txikietan. Open concept eskatzen dute guztiek, eta lagun batek dioen bezala sardina asko erretzen ez duten seinale. Nahiko klonikoak izaten dira saio guztiak, lagun eta bisitei begira eraldatu nahi baitute euren etxea; hau da, itxura eman nahi dute, aberats berriak balira moduan, baina zorri hil piztuak dirudite, aberaskiloak, alegia.
Egia esatera, saio horiek hotzean pentsatuta obszenoak dira. Dirutzak xahutzen dituzte kapritxoetan, dena iruditzen zaie gutxiegi euren helburuendako, kexa batean ematen dute programa guztia. Halakoak entzun behar, pertsona askok etxebizitza duinik ez duenean. Baina, agian, urrunekoak direnez, sortzen digutena harridura eta barregura baino ez dira. Edo fikzioa direla iruditzen zaigu, film batean legez.
Dena den, harrigarriena da, nire ustez, AEBetako saio eta filmetan halakoak baino ez agertzea, azken hamarkadan sekulako hekatonbea izan denean zabor-hipoteken (edo subprime hipoteken) kontura. Ez dago reality-rik, ez bazkalosteko dramarik. Fikzioan ez dago halakorik. Eta badakigu jakin, telebistan agertzen ez dena, ez dela existitzen.
Hemen eta estatuan ere etxe desjabetzeek portadak eta teleberriak betetzen zituzten. Agian ez zituzten okupatzen titular handienak, baina ia egunero ageri ziren. Orain, ostera, desagertu dira. Nork desagerrarazi ditu etxebako horiek albistegietatik? Zer gertatu zen kalean geratu ziren familiekin? Nola egin dute aurrera? Isiltasuna, AEBetako telebista saioetan bezala. Isiltasun horrek, ordea, ez du esan nahi etxegabetzerik ez dagoenik. Ez da orduko asmakizuna, zoritxarrez, beti bota izan dutelako jendea bizi zen etxetik, jasan dugunok ondotxo dakigun moduan.
Aurreko krisian ez ezik, historikoki ere arruntak izan dira etxegabetzeak. Hala gogorarazi ziguten Twitterren San Tomas eguna zein traumatikoa zen baserritar errenteroendako, egun horretan ordaintzen zelako leku askotan urte guztiko errenta. Uzta eskasa izanez gero urte hartan, gosea segurua; eta urte txarra izan balitz, etxea husteko agindua: ondasun gutxi eta pobreak aldean hartu eta baserria laga behar. Eta ez dezagun ahantz, baserria familia horiendako bizilekuaz gain, lantokia ere bazela, hortik ateratzen zutela bizimodua, sarriegitan bizirik irautea baino ez bazen ere. Miseria bazterretan, argitara atera duenez Naiz-eko artikulu batek, 1927ko Eusko Ikaskuntzako txosten batean oinarrituta. Ikerketa horrek salatzen du gehiegizko errentak eta etxeen egoera txarra. Orduan ere, aberatsak pobreenen pentzura bizi.
Esan dudan lez, baserria etxe eta lantoki izan da historikoki. Identitatea ere bai, abizena eman zielako gure aurrekoei etxeak, adibidez. Hori eta beste gauza asko azaltzen ditu Xamarrek Etxea bere liburu ederrean, azken Durangoko azokan aurkeztu zuena. Zutik geratzen zaigun ondarearen bilduma, ametsetakoa baino gehiago, erreala.
Etxea beti ametsa izan da, poz eta malkoen iturri, Ipar Amerikan zein Euskal Herrian. Amets eta bizimodu.
Leave a Reply