Aizpea Amas
Bi urtez kirol elektronikoetan punta-puntan jokatzen aritu ondoren, Alex Robleño (Eibar, 1989) kirol mota horiek beste ikuspegi batetik lantzen hasi da, enpresa ikuspegitik, eta lehiatzen ere segitzen du. Omnis sortu du, eSports taldeak sustatu eta aholkularitza emateaz arduratzen den enpresa.
Zer dira eSports edo kirol elektronikoak?
Bideo jokoen lehiaketak dira. Pertsonak pertsonen kontra lehiatzen dira beti, bakarka edo taldeka. Gaur-gaurkoz, eSports deitzen diegu baldintza jakin batzuk betetzeaz gain atzean maila goreneko inguru konpetitiboa sortzeko nahikoa masa sozial daukaten titulu, joko edo diziplinei.
Kirol elektronikoen barruan, zeintzuk dira titulu garrantzitsuenak?
Hainbat maila daude. Lehenengoan, hiru titulu daude: League of Legends (LOL), Dota 2 eta Counter Strike (CS:GO). Beste maila batean nabarmen daiteke Hearthstone karta jokoa. Horien atzetik Call of Duty, FIFA eta Overwatch daude.
Nola sartu zinen mundu honetan? Nola ezagutu zenuen?
27 urte ditut, eta hasieratik bizi izan dut: lehen partidak on line egiten hasi zirenetik orain arte. Ezagutu nuen batik bat on line jokatzen. Kasualitatez, atentzioa eman nion zerbitzari publiko berean jokatzen ari zen pertsona bati, eta talde bat zutela esan zidan —nik orain talde deitzen diodanetik gutxi zuen, ordea—, eta eurekin hasi nintzen jokatzen. Lehen aldiz jendaurrean lehiatzeko aukera izan genuenetik urtebetera, zortea izan genuen, eta talde garrantzitsu batek fitxatu gintuen.
Zein taldetan ibili zara?
Maila profesionalean hasi nintzen lehen taldea Frantziako Mistral izan zen, eta denbora gehien igaro dudan taldea Espainiako Dimegio izan zen.
Nolakoa da jokalari profesional baten bizitza?
Nire kasua pixka bat berezia da. Talde batean errendimendu handiena eman nuen garaian, enpresa propioa neukan, eta, zortzi orduz lanean aritu ondoren, nire entrenamendua izaten zen gutxienez ordu eta erdiz bakarrik jokatzea (praktikatu, gihar memoria landu, berotu…); gero, entrenatzailearekin aritzen nintzen ordu erdiz, demo bat ikusten, aurreko partida batean egindako akatsak zuzentzen edo aurkarien partida bat analizatzen; eta, azkenik, bi ordu taldearekin beste talde batzuen kontra praktikatzen.
Zein mailatara iritsi zinen?
Zaila da neurtzea. Espainiako talde garrantzitsuenetakoan jokatu nuen —2014az ari naiz—, eta batik bat horrekin neur daiteke. Egia da ez zeudela talde asko gureak zuen egonkortasunarekin. Gero, nazioarteko txapelketetan ere lehiakorrak ginen. Edonola ere, ezin gara lehiatu eskandinaviar herrialdeekin: han urteak daramatzate kirol elektronikoak garatzen. Taldean lehiatzen diren bostez gain, sukaldari bat izaten dute, kirol psikologoa… Horren kontra ezin zara lehiatu.
Zergatik utzi zenuen taldea?
Bi urtez pertsona berekin etengabe lehiatzen aritzeaz gain, oso zaila izaten da mantentzea, eta, gainera, beste jakin-min batzuk nituen: kirol elektronikoak beste ikuspegi batetik garatu nahi nituen. Hala, unibertsitatera bueltatu nintzen, eta hainbat bidaia egin nituen errendimendu altuko taldeak sortzearekin lotuta. Finlandiara, Kaliforniara, Asiara… joan nintzen, kirol elektronikoak garatuta dauden tokietara. Hori dena ez zen bateragarria taldearekin.
Askorentzat ezezagunak dira kirol elektronikoak, baina sektorea indarra hartzen ari da, ezta?
Hala da. Lehen, oso zaila zen neurtzea, oraindik ez zegoelako teknologia digitala orain bezain garatua. Ahoz ahoko zerbait zela uste zen, frikien zerbait, sekta bat, edo zerbait mugatua. Lehen positiboegitzat jotzen ziren aurreikuspenak erruz bete dira, ordea: milioika euro mugitzen dituen industria da, musika eta zinemak batera baino gehiago mugitzen du bideo jokoen industriak, eta garrantzia hartzen ari da. Ez bakarrik lehiaketari dagokionez, aisia gisa ulertuta ere, indarra hartzen ari den mugimendua da, eta hori ez ikustea ostrukarena egitea litzateke.
Orain, Omnisen ari zara jokatzen. Zer da Omnis?
Bidaiek punta-puntan aritzea oztopatzen zidaten arren, jokatzea beti izan dut barruan, eta Omnisekin lehiatzen naiz. Omnis kirol elektronikoen antolakuntza bat da, bi adarrekin: kirol arloa, lehiatzen den kirol talde batekin, eta, bestetik, aholkularitza. Azken horri dagokionez, beste kirol taldeei kirol nahiz kudeaketa mailan laguntzen diegu: babesleak, jokalariekin dituzten kontratuak… Jokalariei ere euren kirol ibilbidea bideratzen laguntzen diegu. Alor horretan punturik garrantzitsuena da enpresei laguntzen diegula etekina ateratzen millennials-engana iristeko; alegia, 18-34 urteko gazteengana. Horrez gain, fundazio bat daukagu: kirol elektronikoen alorra baliatzen dugu heziketa teknologikoa zabaltzeko.
Noiz sortu zenuten?
Buruan nuen ideia bat zen 2015eko maiatzean, eta ekainean taldea osatzen hasi nintzen. Lehen bi pertsonek bat egin zuten, eta, uztailean, Omnisek aurrez aurreko final batera heltzea lortu zuen, Euskal-en. Nik parte hartu nuen Hearthstone-n. Lehiaketa horretan beste 250 lagunek parte hartu zuten —nahiko final handia da eSports-etarako—. Kirol mailan bultzada bat izan zen final hori jokatzea. Urte horretan bertan, ni Shanghain nengoela, gure eskola ireki genuen. Eskolarako fitxatu genituen pertsonek Espainiako Bideo Joko Profesionalen Lehen Mailara iristea lortu zuten. Hortik aurrera, 2016an kirol arloa lantzen aritu gara ekainera bitartean, eta irailetik hona birmoldaketa prozesu batean sartuta gaude; alegia, aholkularitza adar hori batu diogu proiektuari, kirol adarraren euskarri izateko.
2017an sartu gara. Zer eskatzen diozu urte berriari?
Batetik, ordezkaritza bat izatea titulu garrantzitsuenetako bitan. Horrez gain, gustatuko litzaiguke aurrez aurreko txapelketan parte hartzea, eta ongi legoke garaipenen bat lortzea. Iaz, CS:GOren irekia irabazi genuen Bartzelonako ESL Expon, eta ongi legoke errepikatzea. Kirol mailan harro gaude eskola Lehen Mailara igotzearekin, baita lehen taldea SocialNATeko —gaur Game eSports— Lehen Mailara igotzearekin ere. Biak Espainiako bi lehiaketa garrantzitsuenak dira. Baliabide gutxirekin kirol arloan maila ona eman dezakegula erakutsi dugu, eta horri jarraipena emateko baliabideak lortu nahiko genituzke.
Bestetik, ongi legoke bertako enpresaren batekin elkarlanean aritzea, kirol elektronikoen tokiko zirkuitu bat sortzeaz gain, egonkortasun handiagoa lortzeko. Errendimendu altuko zentro bat irekitzeko eta multimedia edukiak sortzeko estudio bat irekitzeko negoziatzen ari gara. Hori guztia atzerrian garatzea errazagoa litzateke; antolamendua, zentzuzko erregulazio bat, federazio bat, araudia… falta dira.
Aurreiritziak badira oraindik?
Jendea animatuko nuke aurreiritziak kentzera eta ikustera beste ekintza bat bezalakoa dela. Gaur egun gauza bera dela futbol partida bat ikusi edo LOL partida bat, eta, oro har, probatzen duen jendeak errepikatu egiten du.
Leave a Reply