Nairobitarrari buruzko hitzaldi batekin ekin zieten, 2006an, Amalur jardunaldiei. Eta horien bitartez, Tolosatik mugitu gabe, munduko txoko ugaritara hurbiltzea lortu dute jardunaldietara gerturatu direnek: Japonia, Groenlandia, Patagonia, Thailandia… Aurten hamargarren ekitaldia dute, eta urteurren borobila aprobetxatu nahi izan dute atzera begirakoa egiteko.
Orain arte, Amalurrek beti gai zehatz bat edo toki jakin bat aukeratu izan du. Aurten, ordea, “jomuga jakinik gabe” abiatu dituzte jardunaldiak. Hamar ekitaldietan igaro diren hizlari batzuk gonbidatu dituzte berriro, eta aurreko ekitaldietan landu izan diren lurraldeetarako bisita errepikatzeko beldurrik ez dute izan.
Gaur Rosa Maria Calafek eta Jose Maria Palauk Asiari buruzko hitzaldia eskainiko dute, eta, ondoren, beste bi geldituko dira: apirilaren 24an Roman Moralesek eta Josu Iztuetak Marokori buruz emango dutena eta maiatzaren 8koa, Luis Sepulvedarekin, Patagoniari buruzkoa.
Estampas viajeras: cronicas de un recorrido por Asia hitzaldia, gaur, 19:30ean, Topic zentroan (Tolosa).
Leave a Reply