Kirol mundua atsegin eta aerobic edo step monitore gisa lan egin nahi duenarentzat, 60 orduko ikastaroa, Tolosan; esnekiak egiten ikasi nahiko lukeenarentzat, 40 orduko ikastaroa, Arantzazun (Oñati); umeen koliko, haize eta idorreriaren kontrako erremedioa bilatzen duenarentzat, bi orduko ikastaro praktikoa, Beasainen; sukaldaritzako erdi mailako titulazioa eskuratzeko gogoz dagoenarentzat, 2.000 orduko gradua, Donostian; istripuak ekiditeko ikastaroa beharrezko ikusten duenarentzat, DYAren eskutik jasotako bi orduko hitzaldia, Donostian; jendaurrean hitz egiten ikasteko formula bilatzen duenarentzat, hiru orduko ikastaroa, Donostian…
Hezi+ webgunean jasotako eskaintza zabalaren adibide txiki bat baino ez dira horiek. Ikasteko gogoz dagoenak eskura ditu ikastaro, tailer, hitzaldi eta bestelako hamaika formulaguztiak toki bakarrean bildu nahi izan dituzte, www.heziplus.eus helbidean, hain zuzen ere.
Arautua eta arautu gabea
Joan den astean aurkeztu zuten proiektu berria Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatuak eta Paul Gurmendi proiektuaren arduradunak, Donostian. Peli Uriguenek azaldu zuenez, “ikaskuntzari dagokionez gipuzkoarrek dituzten beharrak asetzea du helburu” Hezi+ plataformak, eta erabiltzaileen interesekoak diren ezagutza eta konpetentzietara sarbidea errazteko helburuarekin jaio da.
Gipuzkoa, ikasten duen lurraldea izeneko programaren eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsak emandako diruaren bitartez finantzatutako proiektua da Hezi+, eta bizitza osoan zeharreko ikaskuntza bultzatzen du. Ikaskuntza ekintza formalak, ez formalak, arautuak eta arautu gabeak, guztiek dute lekua webgunean.
Ikaskuntzarako eskaintza egiten duenak eskegitzen du webgunean proposamena, eta edonork egin dezake hori. Erabiltzaile gisa erregistratu eta Plus bat —eskaintza berri bat — gehitzea besterik ez da egin behar, balizko erabiltzaileari ahalik eta datu gehien emanaz; hala nola ikastaldiaren edukiak, hasiera eta amaiera data, prezioa, ordu kopurua, ordutegia, gehienezko eta gutxienezko adin tartea, beharrezko materiala eta titulazioa eskaintzen duen ala ez. Erabiltzaileak ikastaldi bat intereseko badu, bera jarriko da kontaktuan eskaintza egiten duenarekin.
Ikaskuntzarako eskaintzak bost ataletan sailkatuta agertzen dira: Osasuna eta Ongizatea (kirola, elikadura, zainketa pertsonala, lehen sorospenak…), Kultura (artea, literatura, moda, dantza, ohiturak…), Gizartea (enpresa, hezkuntza, pertsonak, hizkuntzak…), Teknologia (ingeniaritza, IKTak, bideojokoak, informatika…) eta Zientzia eta Natura (matematika, psikologia, medikuntza, kimika, natura…).
Hezi+ webguneak nolabait ere bitartekari lana egiten du ikaskuntzarako eskaintza edo proposamena egiten duenaren eta erabiltzailearen artean. Ikastaro eta ikastaldiak antolatzen dituzten erakundeen zerrendan dozenaka izen agertzen dira honez gero, nahiz eta horietako batzuek ez duten oraindik euren proposamena eskegi. Adibide moduan, hainbat antolatzaile: Maizpide euskaltegia, Cebanc, Aquariuma, DYA Gipuzkoa, Gipuzkoako Parketxe Sarea, Hazi eta Hezi, Ikasfit, Mater itsasontzi museoa, Musikhazi, Artzain Eskola, Adegi, Barandiaran Lizeoa, Ceinpro, Donostiako Piratak, Eureka Zientzia Museoa, Fraisoro, Gaindegia…
Leave a Reply