‘B’-ra iritsiko ez den bidaia

Izen zerrenda luzea ageri da ekonomiagardena.net webgunean: 350 taxi gidarirekin harremanetan jartzeko telefono zenbakiak daudeerabiltzaileen eskura. Ausaz bat aukeratu, eta terminal fiskala duen taxi bat eskatu du kazetariak, Donostiatik Andoainera joateko. “Faktura emango dizun baten bat, ezta? Arazorik ez, gurean guztiek terminala dute-eta”, dio neska batek telefonoaren beste aldetik.

Behin taxian, ez da aparteko ezer ageri lehen begiratuan: kilometroen markagailua darama goiko aldean, irratia erdiko partean… “Hor gordeta daramat aparailua”, azaldu du Jokin Goldarazena taxi gidariak kopilotuaren pareko kutxa seinalatuz. Asteburuetan eskurago jartzen du normalean; astegunetan baino mugimendu gehiago izaten du orduan, gau partean gehienbat.

Ez da tresna handia. Kreditu txartelarekin ordaintzen denean erabili ohi den aparailuaren antza du. Horrekin eta sakelakorako aplikazio batekin, nahikoa du taxilariak. Sistemaren bitartez, bidai bukaeran faktura ematen dio gidariak bezeroari, eta aldi berean, transakzio guztiak automatikoki Ogasunaren ordenagailu batera bidaltzen dira. Ekonomia gardenaren alde eta zerga iruzurraren aurka aldundiak martxan jarritako egitasmoa da.

Enpresa gardena dioen bereizgarria daramate autoan terminal fiskala jarri duten taxilariek. Goldarazenak ere eramaten du; erabiltzaileen aldetik, ordea, ez du oraingoz aldaketarik nabaritu. “Askok esaten dute ez dela beharrezkoa faktura ematea; benetan behar dutenek eskatzen dute normalean”.

Gidariarentzat, sistemak ez du aparteko zailtasunik funtzionamenduaren aldetik. Ez du kasik gailuaz arduratu behar; ez da beharrekoa hasierako eta amaierako puntuak zehaztea ere: “Bidaia hiri barnekoa den ala hiri artekoa den aukeratu behar da, ea errepidean bidesaririk ote dagoen… Ez dauka konplikazio askorik”.

Gipuzkoako taxi erdietan

Terminal fiskala izan aurretik, kilometrajea eta beharrezko gainerako datuak apuntatzen zituen Goldarazenak, gestoriara eraman eta errenta aitorpena egiteko. “Oraindik ere apuntatzen ditut badaezpada”. Sistema berria aurkeztu zietenean azaldu bezala, terminala jartzeak ez du eraginik izango haien errenta aitorpenean, eta, hortaz, begi onez hartu zuen proposamena. Hala egin zuten lehen momentutik beste zenbait taxi gidarik ere. Pixkanaka gehiago batzen joan dira, eta dagoeneko Gipuzkoako taxi gidarien erdiek darabilte. Taxilariek borondatez hartu duten erabakia txalotu du diputazioak; heroi gisa irudikatu ditu bere kanpainan: “Supertaxilariak, B doktorearen aurka borrokan”.

Helmugara iritsi da taxia. Kilometro kontagailuan ageri den prezioa sartu du Goldarazenak sakelako aplikazioan, eta hiri arteko bidaia aukera sakatu du. Bidesaririk ez. Datu horiek sartuta, automatikoki agertu zaio faktura pantailan, eta jarraian hasi da terminal fiskala paperean inprimatzen. Prezioaz gain, xehetasun ugari ageri dira zerrendatuta: taxi gidariaren datuak, fakturaren zenbakia, data eta ordua, zerga oingarria, BEZari dagokion zatia…Eta paperaren azpian, erabiltzaileari gogorarazteko mezua: “A gizartea lortzeko, eskatu beti faktura”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.