Gogo eta ilusio bat gauzatuko da Oiartzunen, zementuzko ilusioa: skate parkea. Ez da oraingo kontua skatezaleek horrelako gune bat eskatzea, baina aurten heldu diote gaiari udalak eta erabiltzaileek. Benetako bultzada eman diotenak herriko gaztetxoak izan dira.
Hori izan da, hain zuzen, Igor Eskudero dinamizatzaileak proposamenari baietz esateko arrazoia. Eskudero BMX modalitateko rider-a da, eta ongi dakizki skate parkearen nondik norakoak. “Aurretik, beste egitasmo batzuk mugitzeko garaian ez nuen oso esperientzia ona izan, gazteen jarrerarengatik batik bat, baina kasu honetan desberdina izan da. Gazteek gogo ikaragarria erakutsi dute, sinadurak biltzeari ekin zioten, oso modu kuriosoan, gainera: orri handi batzuk hartu zituzten, arkatzaren marrak egin eta sinadurak biltzen ibili ziren. 400-500 inguru lortu zituzten”.
Baldintza bakarra jarri zuen Eskuderok: ez zuela zerikusirik nahi skate parke modular batekin. “Piezaka egiten dena da hori. Iztietan dago [Errenteria], Anoetan… Gure kirolarentzat, skatearentzat zein BMXentzat, minbizia izan da, hitza hori da”. Dioenez, normalean skate parke modularrak saldu dituzten enpresak haur parkeak egiten dituztenak izan dira, eta haien artean ez dago rollerrik, skaterrik. “Horiek diseinu batzuk kopiatzen dituzte nonbaitetik, eta azkenean ezin duzu ezer pertsonala egin. Gainera, bi urtetan junta guztiak altxatuta daude, desnibelatuak…”. Parte-hartze prozesuaren bidez, eurek egin ahal izan dute diseinua.
Prozesuan 8 eta 35 urte bitarteko skatezaleak bildu dira. Lau saio egin dituzte guztira. Bertan ikusitakoarekin gustura agertu da Jokin Sukuntza Gazteria eta Kirol teknikaria: “Gurasoek ere parte hartu dute, eta polita izan da hain adin tarte handikoak gai beraz hitz egiten ikustea”. Saio horietan diseinuaz hitz egin dute, besteak beste: nolakoa izan behar duen guneak, kirola egitekoak zein ingurukoak. Izan ere, skate parke bat ez da soilik kirola egiteko toki bat, egoteko toki bat ere bada. Hala, bankuen kontuez aritu dira, slackline egiteko toki bat egoteaz… “Dinamika polita sortu da”.
Parte-hartze saio horien aurretik lana “gogotik” egin dutela aitortu du; izan ere, gauza batzuk ezin dira parte-hartze saioetan erabaki: kokalekua, esaterako. Hainbat baldintza bete behar ditu: lurzoruak publikoa izan behar du, bizilagunen gertutasuna… Lauzpabost eremuren artean baztertzen joan dira, eta bat gelditu da: Gaetxe. “Toki idilikoa da. Erreka ondoan du, bidegorriaren ondoan dago, urek ezin dute hartu, herriko bi ikastetxeen alboan dago eta kiroldegia ere bertatik bertara dago”, azaldu du Eskuderok.
2. 700 metro koadro
Skate parkearen azalera ez da nolanahikoa izango: 2. 700 metro koadro izango ditu. Dena den, ez da dena batera beteko, zatika joango dira osatzen. Asmoa hiruzpalau urtetan betetzea da. “Ez da erraza izango; orain 60.000 euro ziurtatu ditugu, baina ez dakigu hurrengo urteetan zer gertatuko den”. Hein batean gaztetxoen esku egongo da hurrengo zatiak egitea: “Ikusarazi behar dugu skate parkeak bizitza propioa duela, hori izango da erronka. Gaztetxoek eurek dinamizatuko dute parkea, erakustaldiak eta ikastaroak antolatuz…”.
Aurten, lehenengo zatia gauzatuko da; skate plaza egingo da, eskailerak barandarekin, trukoak-eta egiteko. Irail-urri bueltan inauguratzeko asmoa dute lehenengo zati hori. Oraingoz, hilaren 30era bitarte ideiak proposatzeko epea dago, eta maiatzean lehiaketara aterako dute proiektua.
Bigarren zatian, bowl-a egitea aurreikusi dute —horrek spine bat izango du saltoak egiteko—. Hirugarren zatia oraindik definitzeko dago. “Oiartzungo skate parkea erabilgarria izatea lortu behar dugu, eta kanpotik etortzen direnak harritzea”.
Leave a Reply