Itsasoz beste aldean, baina itsasotik urrun bizi da Imanol Tolaretxipi (Donostia, 1967). Hura gertu izatea da, hain justu, gehien falta duen gauzetako bat. Brasilek, ordea, etxetik gertu zailagoa zaiona egiteko aukera eman dio: bere lana jendearen aurrean erakustea. Ikasten jarraitzeko gogoak eta emazte brasildarraren saudade-ak (herrimina) Uberlandiara eraman zuten duela urte eta erdi, eta “pixkanaka” bada ere, bere bidea egiten ari da antzerki munduan, antzezle zein irakasle. Handik erantzun ditu galderak, telefonoz.
Brasilen bizi arren, Txiletik datorkio uneotan inspirazioa. Pablo Neruda poetaren lanak dira haren azken obraren oinarria: Por Neruda, canções de amor, dor e desespero bakarrizketa aurkezten ari da hirian, asteburuetan.
Minas Gerais estatuko hiri garrantzitsuenen artean bigarren da Uberlandia, Belo Horizonteren atzetik. Industria asko dago; kultura aldetik, ordea, eskaintza ez da horren zabala: “Antzerkiaz bizitzeko hara eta hona mugitu behar duzu. Jende asko joaten da Sao Paulora, Rio de Janeirora, Belo Horizontera…”. Tolaretxipi, hala ere, gustuko duen horretan ari da Uberlandian oraingoz. Antzoki txikietan egiten ditu saioak batik bat, eta udalak utzitako lokal batean ari da entseatzen. “Alde horretatik erraztasunak daude”.
Esker oneko ikusleak dira brasildarrak, “emankorra” da publikoa. Euskal Herrikoen aldean, hango saioek badute berezitasun bat: “Txaloak jasotzera ateratzen zarenean, oholtzan geratzen zara. Ohitura dute obra bukatzean publikoarekin elkarrizketa bat izateko, oraindik pertsonaia bezala”. Tolaretxipik ez du bereziki gustuko; “magia hausten dela” iruditzen zaio. Hala ere, brasildarren erara egiten du hark ere.
Portugesez ari da lanean. Ondo menperatzen du hizkuntza; ulertu, dena, gainerakoek berari batzuetan ulertu ez arren: “Gaztelerak eta portugesak badituzte berdintasunak, baina hitz egiteko garaian oso ezberdinak dira; hitz egiteko era, ahoskera…”. Gaztelerarekin ere badu gertuko harremana, ordea. Astean zehar antzerki eskolak ematen ditu eskola batean, astelehenetik ostiralera. Ikasleek gaztelerako klaseak hartzen dituzte, eta astean behin antzerkia egiten dute, errefortzu gisa. 120 ikasle ditu guztira; 9 urtetik 15 urte bitartekoak gehienak. Antzerki saioak baino gehiago, klaseak dira diru sarrera garrantzitsuenak Tolaretxipirentzat: “Asko irabazi ez arren, bizitza hemen ez da hain garestia; gainera, etxea badugu, eta ez dugu alokairurik ordaindu behar”.
Lanerako kontakturik gabe iritsi zen Brasilera, baina segituan suertatu zitzaion antzerkian aritzeko aukera. Antzezlan bat ikustera joan, eta Uberlandiako Unibertsitate Federaleko irakasle bat ezagutu zuen. “Machiavelloren A Mandragora obrarako aktore bat behar zutela eta, fakultateko ikasleekin parte hartzeko proposatu zidan”. Hori izan zen Brasilen antzeztu zuen lehen obra.
Antzerki ikasketak, berriz, Bartzelonan egin zituen, “zahartzen hasita” zegoela. 30 urterekin erabaki zuen ostalaritza mundua utzi eta antzerkian hastea. 2000. urtean iritsi zen hara, eta lau urtez aritu zen Xavier Gratacos eskolan. Ikastaro trinko ugari egin zituen garai hartan, eta maila handiko aktoreekin lan egiteko aukera izan zuen: “Oroitzapen ona dut Yoshi Oida Japoniako aktorearekin egin nuenekoa. Peter Brook konpainiako kidea da, antzerki munduan sekulako aktorea”.
Bartzelonan zela, atzerrira ere irten zen ikasten jarraitzera: Minsken izan zen bi hilabetez, eta Argentinan beste hiruz. Ikasi ez ezik, sortu ere egin zuen: Teatro Ruso Barcelones konpainia osatu zuen Bielorrusiako kide batekin. Batez ere Bartzelonan bizi ziren errusiarren aurrean antzezten zuten: “Modu bat zen antzerkiaren bidez hizkuntza menperatzeko”. Oraindik ere irauten du konpainiak, eta harremanetan da haiekin, zer moduz doakien jakiteko.
Bartzelonan lan egitea ez zen horren erraza: “Konpetentzia handia dago, eta zaila da. Europako hiri handiek oro har kultura aldetik eskaintza handia dute. Hemen [Uberlandian], eskaintza gutxiago egonda, aukera gehiago dago”.
Kamera aurrean ere bai
Antzerkian ez ezik, kamera aurrean jarduteko aukera ere izan du Tolaretxipik. “Beti egin dut ahalegina gero eta gehiago ikasteko, gero eta esperientzia handiagoa hartzeko”. Hori hala, ETB2ko El Topo saioan parte hartu zuen 2003an; Hombre cero film luzean ere aritu zen Bartzelonan zegoenean, eta film labur ugaritan ere lan egin du.
Aldi baterako egonaldia da Brasilgoa. “Patuak hona ekarri nau; ikusiko dugu noiz arte”. Berriro Bartzelonara itzultzea gustatuko litzaioke, baita Euskal Herrira ere. Bueltatuz gero, badu gustura egingo lukeen zerbait: portugesa, katalana eta gaztelera probatu ondoren, euskaraz antzeztu nahiko luke.
Leave a Reply