Ikerne Zarate
EAT Errenteriako Atletismo Taldeko emakume beteranoak onenen pare ariko dira lehian datorren hilabetean. Espainiako txapelketan parte hartuko dute, Antequeran (Malaga, Espainia), eta Gipuzkoako bakarrak izango dira, gainera. Lehen aldiz heldu dira EATko emakumeak halako txapelketa batera, eta pozik azaldu da Errenteriako Atletismo Taldeko presidente Virginia Rodriguez: “Euskal Herriko bi talde baino ez gara arituko bertan lehiatuko diren taldeen artean, Durangokoa [Bizkaia] eta gurea, eta izugarria da guretzat aukera hori”.
Zortzi talde arituko dira guztira txapelketan: EAT, Durango Kirol Elkartea, Bartzelona, Playas de Castellon, Avinent Manresa, Atletismo Alcorcon, Oasis Tres Cantos eta Catarroja. Guztiak nor baino nor ariko dira domina bila txapelketan, eta hainbat modalitatetan lehiatuko dira; abiadura lasterketetan, lasterketa luzeagoetan, jauzietan eta jaurtiketetan, besteak beste. Dominaren bat eskuratu ala ez, saria lortua dutela argi du Rodriguezek: “Guretzat txapelketan parte hartzea bera saria da; horrekin konforme gara”. Baina, behin sailkatuta, gogor lanean ariko dira errenteriarrak maila ona emateko.
Ildo beretik mintzatu da David Carrasco entrenatzailea: “Txapelketa horrek berebiziko garrantzia du taldearentzat. Batetik, lehenengo aldiz ariko gara halako batean. Bestetik, talde txapelketa da. Garrantzitsua da oso guretzat”. Izan ere, Beteranoen Taldekako Espainiako Txapelketa lehiarik entzutetsuena da.
Helburu ludikoa
Ez dira kasualitatez heldu txapelketara. Carrascok azaldu duenez, horretarako gogor lan egin dute azken hilabeteetan, parte hartzeko beharrezko puntuazioak lortu ahal izateko: “Esfortzu handia egin dute emakumeek proba prestatzen, baina, azkenean, lortu dute bertan sartzea”. Hogeita hamar emakumek osatzen dute EATko beteranoen taldea, Baietz taldea oinarri hartuta. Txapelketara heltzeko egindako lanarekin eta esfortzuarekin taldearen barruan “barne iraultza prozesu bat” sortu dutela esan dute Carrascok eta Rodriguezek. “Sortu duten motibazioa eta ilusioa izugarria izan da”.
Emakume beteranoen atletismo taldea ez zen sortu txapelketetan aritzeko helburuz. “Zerbait ludikoa izan da gurea batez ere; ez gara hasi atletismoan lehiaketetara joateko asmoarekin. Honetan, ordea, aukera ikusi dugu, eta lan handia egin dugu. Nahikoa erromantikoa eta polita izan da, beraz, prozesua, inoiz ez dugulako halako zer edo zer egin eta orain, bat-batean, txapelketa batean gaudelako”, esan du Rodriguezek. Izan ere, taldean parte hartzen duten 35 urtetik gorako emakumeen artean denetarik dago, aurretik atletismoan aritu direnak, eta baita mundu hori duela gutxi deskubritu dutenak ere.
Txapelketan parte hartzeko puntuazio jakin bat lortu behar izan dute taldeek. Horretarako, aurretik lortutako markak eta parte hartzaileen adina hartzen dira kontuan: “Prozesu taktikoa da, parte hartzaileen adina eta proba bakoitzean lortutako puntuazioa hartzen ditu kontuan. Horretarako, hamar probatan parte hartu behar dute”.
Espainiako txapelketan parte hartzeko 11 talde aurkeztu ziren, eta horietatik zortzi sailkatu dira: “Kontuan hartu behar da, gainera, horietako bat beti izaten dela anfitrioia”, azaldu du Carrascok. Zortzigarren sailkatu zen EAT, baina laugarren postuan sailkatutako taldeak baino 50 puntu gutxiagorekin: “Aldea txikia da: 50 punturen aldea dugu soilik laugarren sailkatu den taldearekin. Horrek zabalik uzten ditu txapelketan goi mailan aritzeko aukerak”.
Lan handia egin dute emaitza bikainak lortzeko, baina presidenteak talde barruan dagoen giroa nabarmendu du, atleten arteko harremana: “Giro oso ona dago guztion artean, polita, eta horrek izugarri motibatzen du. Egiten duzun lana gustura egitea izugarria da, eta bertan hala egiten dugu, giro paregabean”.
Hamabi atleta
Otsailaren 11n izango da txapelketa, eta taldeko hamabi atleta joango dira Antequerara txapelketan parte hartzera. Ez dute bidaia bakarrik egingo, ordea: beste bederatzi lagun gehiagok bat egin dute bidaia horretan. “Primeran pasatuko dugula uste dut; aukera izugarria da taldearentzat”. Hamabi lehiatuko badira ere, 30 beterano dabiltza atletismoan EATren emakume taldean. Txapelketan izango direla jakinda, bidaia prestatzen ari dira ilusio handiz, eta, horren harira, deialdi berezia egin diete erakundeei, bai pribatu zein publikoei, Errenteriako Atletismo Taldea lagun dezaten: “Taldearen bidaiak eta bertako mantenuak kostu bat dauka, eta laguntza eskatu nahi diogu horretarako prest dagoen orori, gastu hori eramangarriagoa izan dadin taldearentzat”.
Emakume beteranoen taldeak lan egiten duela argi geratu da. Ez dira, ordea, EATn aritzen diren bakarrak, gizon beteranoen taldea ere badago, eta garrantzitsuena dena, harrobia. Atzetik bultzaka dator, gogotsu, lasterka, eta Carrascok emandako datuek argi uzten dute azken hori: “Atletismo eskolan 50 lagunetik gora dabiltza. Geroz eta haur gehiago hurbiltzen dira atletismora, eta hori pozgarria da. Eskolakoen eta beteranoen artean ehun atleta inguru dabiltza gure taldean gaur egun”.
Beraungo Mikel Odriozola pistan entrenatzen dira, eta ia egunero aritzen dira atletak bertan. Hori ikusteak “izugarri betetzen” duela dio entrenatzaileak: “Olinpiar Jokoen urtea amaitu berri dugu, eta, halakoetan, harra pizten zaio askori”.
Leave a Reply