O. Iraola
Jazarritako 123 langileetatik 40 azpeitiarrak ziren, 30 zumaiarrak, 19 zumarragarrak, 18 azkoitiarrak eta 13 zestoarrak. Urretxukoa zen beste bat, eta donostiarrak gainerako biak. Langileetako bat Lurdes Goenagaren (Azpeitia, 1960) aitona zen; beste bat Julen Saldiasena (Azpeitia, 1959), eta beste bat Xabier Euzkitzerena (Azpeitia, 1966). Hiru biloba horien familian ezberdin jaso dute gaiaren inguruko informazioa. Goenagak eta Euzkitzek omenaldia baino egun batzuk lehenago jakin zuten beren aitonak jazarriak izan zirela. Julen Saldiasen familiak, berriz, aspalditik du jazotakoaren berri.
Hiru familia, hiru istorio
Euzkitzeren familiak bazekien Pedro Perezek trenarekin lotura handia izan zuela, baina zigorren kontuak ez dituzte orain arte jakin. Goenagak, berriz, irratian entzun zuen 1936an lanean jardun zuten langileen senitartekoen bila zebiltzala. “Deitu egin nuen, eta aitonaren izena esan nion. Hark, zerrendan begiratu, eta jazarrietako bat izan zela azaldu zidan; eta omenaldira gonbidatu gintuzten”.
Saldiastarren familian bazekiten beren aitona egun batetik bestera lanik gabe gelditu zela. “Nire aitak 9 urte zituela gertatu zen, eta etxean denok daukagu gertatukoaren berri”, adierazi du Saldiasek. Bere aitonak Zestoako geltokian lan egiten zuen. “Beldurrez egoten zen lanean”, dio Saldiasek; izan ere, jendea fusilatzen ari zela entzuten zuen aitonak. “Leihotik zintzilik sokazko eskailera bat edukitzen zuen aitonak, bere bila etortzen baziren ere alde egiteko. Azkenik, gutun baten bidez jakinarazi zioten lana utzi behar zuela”. Okerrago joan zitekeela ere aitortu du burdinbideko langile errepresaliatuaren bilobak.
1936an trenak gaur egun baino garrantzi handiagoa zuen, eta, denbora gutxiren buruan, jazarriak izan ziren batzuk lanera itzuli ziren. Horietako bat izan zen Pedro Perez, Xabier Euzkitzeren aitona. Beste batzuei zigorra kendu ere egin zieten, baina ez zen izan Francisco Goenagaren —Lurdes Goenagaren aitona— eta Julian Saldiasen —Julen Saldiasen aitona— kasua. Horiek kargutik kendu zituzten. “Lanik gabe gelditzeaz gain, lana bilatzea ia ezinezkoa zen aitonarentzat”, adierazi du Saldiasek. Zumarragako enpresa batean hasi zen lanean, eta handik bi egunetara kargugabetzen zuen gutun bat iritsi zitzaion, Francisco Francoren sinadurarekin. Julen Saldiasen arabera, ondoren, Azpeitiko alpargata eta menbrillo denda batean lan egin zuen aitonak. Geroago, organoak egiten zituzten denda batean hasi zen lanean, eta han erretiratu zen.
“Garai hotzak”
Senitartekoak ziur daude beren aitonak eta familiak garai txarrak pasatuko zituztela. “Une gogorrak izango ziren familiarentzat”, dio Goenagak. “Gure aitona, errepresaliatua izateaz gain, kartzelan ere egon zen. Ziur nago bizi gogorra eduki zuela”, aitortu du Francisco Goenagaren bilobak. “Min ematen duten gaiak askotan ezkutatu egiten dira, eta horregatik ez zigun kontatuko”, erantsi du.
Julian Saldiasek lau seme-alaba zituen, eta bera zen familian lan egiten zuen bakarra. “Kolpe gogorra izan zen, garai hartan estazioko nagusia izatea ondo baitzegoen, eta argi daukat latza izango zela hortik ezer ez edukitzera igarotzea”, azaldu du bilobak.
Euzkitzek duela 80 urteko bizi baldintzak eskasak zirela azpimarratu du, eta ziur dago sufrimendu itzelari aurre egin beharko ziola aitonak: “Gerrari zigorra erantsita, nola iraun? Miseriak nahiz ezinegonak bizi ostean, ez zuten nahiko kontatzerik”. Euzkitzek ez zuen omenaldira joateko aukerarik izan, baina bai familiako zenbaitek: “Han izan ziren aitona, osaba eta beste hainbat senitarteko. Beraiek, ni bezala, ezer gutxi zekiten, eta omenalditik zeharo hunkituta itzuli ziren”.
Goenaga eta Saldias senitartekoekin izan ziren omenaldian. “Historiaren errepaso bat egin zuten, eta, gero, trenaren ibilbidea azaldu zuten, geltokiz geltoki”, azaldu du Goenagak. “Oso hunkigarria izan zen”, gehitu du.
Saldiastarrak ere hunkituta itzuli ziren omenalditik. “Oso polita” izan zela adierazi du Julen Saldiasek: “Amaieran errepresaliatuak izan ziren guzti-guztien izen-abizenak irakurri zituzten; une oso hunkigarria izan zen”.
Hiru familietako kideek aldundia eskertu nahi izan dute egindako lanagatik. “Lan handia egin dute. Irratian ez banu iragarkia entzun, orain ez nuke hau guztia jakingo”, aitortu du Goenagak.
Leave a Reply