Olaia Iraola
80 urte igaro dira Urolako burdinbideko langileak “askatasunaren eta balio demokratikoen alde egiteagatik” jazarriak izan zirenetik. 1936an, Gipuzkoako Aldundiko 1.051 langilek —horietatik 123 burdinbideko langileak— frankismoaren garbiketa prozesua jasan zuten, altxatuak herrialdean sartu ondoren.
Gerraren lehen asteetan normal jarraitu zuten zerbitzuarekin. Baina irailean, altxatuak Irunen eta Donostian sartu zirenean, haiengandik ihesi, ebakuazio agindua eman zuten, eta Urolako treneko 79 langilek bete zuten, beraiekin hainbat lokomotor eta bagoi Bizkaira eramanez. Sabotaje batzuk ere egin zituzten bidean, erabilera oztopatzeko. Altxatuek, eskualdera iritsi zirenean, idatzi bat kaleratu zuten, 48 orduan lanpostuan aurkezten ez zen langile oro kaleratua izango zela zioena; Bizkaira ihes egin zutenak automatikoki lanik gabe geratu ziren. Ondoren, garbiketa prozesuan kaleratze horiek berretsi eta beste bost gehitu zitzaizkien; hau da, guztira 84 lagun geratu ziren lanik gabe. Besteek aldi baterako zigorrak jaso zituzten.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, estatu kolpearen 80. urteurrena gogoraraziz, aitortza egin zien burdinbideko langile errepresaliatuei abenduan, Tabakaleran (Donostia). Hika antzerki taldeak Trenak ekarri, gerrak eraman ikuskizuna eskaini zuen, trena ardatz hartuta. Markel Olano ahaldun nagusiarekin batera, herri ugaritako alkateak elkartu ziren: Eneko Goia (Donostia), Jose Antonio Santano (Irun), Oier Korta (Zumaia), Ane Beitia (Elgoibar) eta Iraitz Lazkano (Elgeta).
Alkateez gain, foru aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari Maribel Bakero ere omenaldian izan zen, eta ikuskizun hunkigarria izan zela azpimarratu du: “Burdinbideko langileen sufrimendua islatuko zuen ekitaldi bat helarazi nahi genuen; zerbait sentikorra egin nahi genuen, eta lortu dugu”. Aldundiko ordezkariak azaldu duenez, omenaldira jazarriak izan zirenen senide ugari joan ziren, eta beren esker ona jaso zuten.
Omenaldiaren antolaketa ez zen egun batetik bestera egin, Bakeroren arabera. Izan ere, ikerketa sakona egin beharra izan dute foru aldundiko langileek. “Errepresaliatuen senitartekoak aurkitzea ez da erraza izan. 123 langileetatik 50 bat ingururen familiako kideekin jarri gara harremanetan”. Horien kontaktuak lortzeko, iragarkiak jarri zituzten, besteak beste, komunikabideetan. Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendariak adierazi duenez, horren guztiaren aurretik jazarriak izan ziren langileen izen-abizenak, beren datuak nahiz argazkiak batu, eta liburu bat egin zuten: Gipuzkoako Aldundiko Langileak, 1936. Hortik ateratakoak dira, besteak beste, trenbideko 123 errepresaliatuen izenak. Liburuan urte hartan jazotakoa azaltzen da, baita langileek jasan zituzten zigorrak eta ondorioak ere. Omenaldian liburu hori langileen senitartekoei oparitu zieten; CD bat ere gehitu diote. Bakeroren hitzetan, familia guztien erreakzioak ez dira berdinak izan; izan ere, batzuek bazuten gaiaren berri, eta besteek, aldiz, ez: “Sentsazio asko piztu dira, eta familia bakoitzak erreakzio desberdina izan du gaiarekiko: batzuek sorpresa handia hartu dute, beste batzuek bazuten honen inguruko informazioa, eta gutxi batzuek aurrera jarraitzea erabaki dute, gai honetan interesa jarri gabe”.
Hala ere, jarrera guztiak ulertu dituztela azpimarratu du Bakerok: “Gai delikatua da. Gertaera gogorrak dira, eta sufrimendu handia dago gai honen atzean. Familia guztietan ez da hitz egin honi buruz; tabu bat ere izan da batzuentzat. Normala da sentimendu ezberdinak sortzea, eta horiek guztiak onartu ditugu”.
Leave a Reply