Festetan da Andoain. Joan den asteburuan kuadrilla egunarekin berotu zituzten motorrak, eta aste honetan segida eman diete Santa Krutz jaiei. Aldaketa hitza erabili dute aurtengo festak deskribatzeko: “Guztia aldatzea modan dagoen honetan, gu ere ezin gintezkeen atzera geratu, eta horretan ari gara”.
Herrian lanean aritu diren eta dabiltzan hainbat dendarik irakurri zuten atzo pregoia; omenaldi txiki bat egin nahi izan diete, haien lanagatik. Atzo bezala, gaur ere goizetik izango da giroa herrian. Dianarekin hasiko da eguna, eta herri krosak hartuko ditu kaleak 10:30etik aurrera. Haurrentzako krosa eta txirrindulari lasterketa ere antolatu dituzte goizerako. Arratsaldean, berriz, erreka jaitsiera egingo dute, 17:30ean, eta ordu erdi geroago irtengo da herriko danborrada Beheko plazatik.
Biharko ere askotariko jarduerak antolatu dituzte. Haurrentzako arrantza lehiaketa egingo dute 09:30ean, eta herriko eskulangileek euren postua jarriko dute Zumea plazan, 10:00etatik aurrera. Kantu kalejira eta Urki dantza taldearen saioa ere izango dira bazkalordua baino lehen. 14:30erako, auzo bazkaria antolatu dute Kale Nagusian. Arratsaldean, jolasak, haurrentzako antzerkia, sardina jana eta bakailao txapelketa egingo dituzte herriko hainbat gunetan. 22:30ean aterako da Santa Krutz elkartearen danborrada.
Igandea izango da egun handia: Santa Krutz Eguna eta, era berean, elegante eguna. Dotore jantzita irtengo dira kalera andoaindarrak. Eskopeteroek lagunduta, ikurrinaren jaitsiera egingo dute 11:00etan, eta, jarraian, harrera egingo diete agintariei, ezpata dantzarekin. Meza santuaren ondoren ere ezpata dantza eta brokel dantzak izango dira. Arratsalderako, sagardo lehiaketa eta kalejira elegantea prestatu dituzte.
Kontzertuak
Gaur. Estricalla, The Riff Truckers eta Osso: 23:30ean, Beheko plazan.
Bihar. La Jodedera: bazkalostean, Kale Nagusian. Ezustean: 23:30ean, txosnetan. Ingo al Deu?: 01:00ean, Beheko plazan.
Leave a Reply