“Eskubideak galtzen ari gara pixkanaka”

Milaka lagun aterako dira gaur kalera, Maiatzaren Lehenean. Langileen eskubideen alde egingo dute, eta murrizketen kontra. Badira, hala ere, pankarta atzean hilero hilero euren eskubideak aldarrikatzen ari direnak ere. Duintasuna Gipuzkoako pentsiodunen elkartea berrordainketaren aurka ari da: “Ordainduta daukagu jadanik gure zergekin eta egindako lanarekin”. Hori salatzeko, martxan dute botikak ez ordaintzeko desobedientzia kanpaina.

Duela hilabete abiatu zuten egitasmoa, eta gustura daude izaten ari den harrerarekin, Xanti Aldanondo elkarteko kideak dioenez: “Egia esan, jendea ez da ausartzen botikara joan eta ordainduko ez duela esatera, baina pozik gaude lortutakoarekin: salaketa jende aurrera atera dugu, gertatzen ari dena ezagutarazten ari gara”. Gauzak aldatzeko gogoz dagoen jendea badagoela ikusarazi nahi dute.

Botikak ordaintzen ez ziren garaia “ia ahaztuta” geratzen ari da: “Ez dira hainbeste urte. Askok normaltzat hartzen dute, baina, pixkanaka, eskubideak galtzen ari gara”. Duintasuna elkartearentzat guztiz bidegabea da berrordainketa, diru sarrera gutxien dutenak eta gaixoak “zigortzen” dituelako. “Barregarria da pagatzea eta, gero, daukazun pentsioaren arabera gobernuak berriz dirua bueltatzea”.

Pentsiodunen artean, ezjakintasuna dago. Ordaindutakoa itzul diezaieten, beharrezkoa da lehenik eskaera egitea: anbulatorioetan paper bat eskatu behar dute, datuak bete… Urtean 18.000 eurotik beherako diru sarrerak dituztenek eska dezakete laguntza. Askok, ordea, ez dakite hori beharrezkoa dela: “Beldurragatik ere izan daiteke”. Aldanondok dioenez, Groseko zahar etxe bateko kideekin elkartu zirenean, konturatu ziren kontu korrontearen zenbakia emateko ere beldurrez zeudela asko. Elkarteak salatu du Jaurlaritzaren asmoa pentsiodun guztiak laguntzea balitz beste modu batera egingo lukeela.

Ezjakintasunaz gain, ezarritakoa onartzea erabaki du beste hainbatek: “Esaten dute pagatu behar dena ez dela hainbeste, baina bi euro badira, hilean bi euro, batzuentzat diru asko izan daiteke, daukaten pentsioarekin”.

Jaurlaritzak 18 milioi euro jarri zituen iaz berrordainketa konpentsatzeko, baina ez zuenez “jende askok” eskatu, 4,5 milioi gastatu ditu soilik. Aurtengo aurrekontuetan, berriz, 11 milioi euro sartu ditu. “Diru hori guztia 18.000 eurotik behera jasotzen dutenena da”.

Desobedientzia kanpaina hasi zutenetik, erankundeek ez diete erantzunik eman. Aurretik, beste zenbait ekintza ere egin dituzte; 2013an, esaterako, 43.600 sinadura aurkeztu zituzten pentsiodunen elkarteek Gasteizko legebiltzarrean.

Murrizketa gehiago

Berrordainketak ez ezik, beste zenbait arlotan izaten ari diren murrizketek ere eragina dute erretiratuengan: “Eta, martxa honetan, gero eta gehiago ikusiko ditugu”. Finantzatu gabe utzi dituzten 417 botikak aipatu ditu Aldanondok: “Botika horiek ezin dira errezetarekin hartu, eta asko edadeko jendeak behar ditu. %100 ordaindu behar dira; horretan ez dago bueltarik”.

Astelehenean berriro aterako dira kalera Duintasunako kideak; Donostian eta Errenterian egingo dituzte elkarretaratzeak, aldarri batekin: osasun sistema publikoa, unibertsala, kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala.

Leave a Reply

Your email address will not be published.