Bestelako Donostia baten aldeko apustua da Eneko Goiarena (Donostia, 1971). Inkestek alkate izateko lehia betean kokatzen dute. Harentzat, ordea, kontua ez da alkate bat aukeratzea: “Hiri eredu zehatz bat aukeratuko dugu”. Proiektu “ireki eta plurala” proposatu du EAJren alkategaiak, hamar konpromisorekin.
Erronka nagusienetako bat bakea, bizikidetza eta giza eskubideekiko errespetua lortzea da Goiarentzat. Arlo horretan antzeman du, hain justu, agintaldiko elementu negatiboenetako bat: adostasunik eza. PPk eta PSE-EEk udaleko Giza Eskubideen Batzordea utzi zuten, eta jeltzaleak lehentasunezkotzat du halako batzorde batean sentsibilitate politiko guztiak egotea: “Oraindik bide luzea dago egiteko”.
Arlo ekonomikoan, lehentasuna emango dio enpleguari eta ekonomia suspertzeari. Goiaren iritziz, Donostiak erreferente izan behar du teknologian eta berrikuntzan, eta sail bat sortzea ere proposatu du: berrikuntza eta teknologia berrien gaineko zinegotzigoa. Gizarte politikan, berriz, justizia soziala bermatu nahi du, lehentasuna eman nagusien zaintzari eta baztertze arriskuan dauden pertsonei. Kultura Gipuzkoaren garapenerako “benetako motor” bihurtzea dute helburu; tartean 2016ko hiriburutza. “Aukera historikotzat” du Goiak, eta ezinbesteko deritzo erakundeen arteko elkarlanari. Tabakalera ere “erreferente” izango da.
Oposizioan egindakotik haratago, Bide Azpiegitura diputatu zeneko garaiak jarri du lehen lerroan azken hilabeteetan: Bidegi auzia. Aste honetan beste iruzur bat salatu du aldundiak, eta Goia akusatu du, dokumentuak sinatu zituztenen artean egon daitekeelakoan.
Leave a Reply