Etxekoak, aparraldi betean

Etxekoak, aparraldi betean

Aitziber Arzallus

Garagardo artisauaren sektorea aparraldi bete-betean da Gipuzkoan. Duela hogei bat urte AEBetan edo duela dozena bat urte Katalunian gertatu zen modu berean, geroz eta gehiago dira edari hori ekoizteari, kontsumitzeari zein saltzeari ekin dioten herritarrak. Informazioaren hedatzeak zerikusi handia izan du horretan, Igor Oiarbideren irudiko. Hain zuzen, horretan dihardu berak. “Ikusi genuena zen garagardo bereziak kontsumitu nahi zituenak ez zeukala erraza, ez zegoelako zerbitzu bat informazio hori biltzen zuena”. Hutsune hori beteko zuen bilatzaile bat sortzea pentsatu zuten. 2013an jarri zuten martxan Localbier.com.

Oiarbideren arabera, garagardo munduan interes pixka bat duen jendeak erabiltzen du bilatzailea, besteak beste, norabait joaten direnean garagardo artisauak non kontsumi ditzaketen jakiteko. Kontsumitzaileek ez ezik, baina, profesionalek ere erabiltzen dute: ekoizleek, banatzaileek eta saltzaileek. “Gainera, saltzaileek aukera dute euren profila kudeatzeko. Horrela, unean uneko garagardo eskaintzaren berri eman diezaiekete kontsumitzaileei”.

Oiarbideren esanetan, hilabetez hilabete handitzen ari da garagardo artisauen bila dabiltzan kontsumitzaileen kopurua, Localbier bilatzaileak geroz eta erabiltzaile gehiago baititu. Ekoizle eta saltzaileen kopurua ere etenik gabe hazten ari da. Eta bilakaerak ildo beretik jarraituko duela uste du. “Behar edo interes bat bazegoelako sortu da azken urteetako mugimendua. Eskaintza handituz joan den heinean, jendea gehiago kontsumitzen hasi da”. Aparraldi hori hainbat faktoreren baturak bultzatu duela uste du: “Batetik, AEBetatik sektorearen garapenaren ondorioz sortutako produktuak iritsiz joan dira, eta jendeari gustatu egin zaizkio; eta, bestetik, garagardoaren eta haren ekoizpenaren inguruan geroz eta informazio gehiago dago, eta eskuragarriago ere bai”. Eta jendeak probatzeari ekin dio. “Jendea hasi da etxean garagardoa egiten, eta, ondoren, haietako zenbaitek merkaturatzeko urratsa egin dute”. Euskal Herrian eta Espainian garagardo artisaua merkaturatzen duten horietako gehienak etxean hasitakoak direla azaldu du Oiarbidek. Eta denborarekin eta informazioa zabalduz joan den heinean ugaritu egin direla garagardoa modu profesionalean ekoizteko proiektuak. Gutxinaka ostalaritzan sartzen ari direla dio, eta ondorioz salmenta puntu horiek ere espezializatzen ari direla. “Niretzat ez da moda kontu bat; garapen logiko bat izan da, eta geratzeko etorri dena. Geroz eta toki gehiagotan ikusiko dugu garagardoa, eta hemen sortu diren ekoizleek geroz eta garagardo hobea egingo dute”.

Baina, bilatzailea bakarrik ez, etxean garagardoa egiteko beharrezko guztia eskaintzen duen beste egitasmo bat ere abiatu zuten Oiarbidek eta haren lagun Joseba Karrikirik eta Beñat Irasuegik duela urte batzuk: www.lupulu.com webgunea, hain zuzen. Proiektu horrekin beste biak hasi zirela dio Oiarbidek. “Etxean garagardoa egiten zuten haiek, eta ikusi zuten esparru horretan bazirela hutsune edo behar batzuk. Konturatu ziren, batetik, gai horren inguruan euskaraz oso informazio gutxi zegoela; eta, bestetik, etxean garagardoa egiteko beharrezko material guztia lortzea ez zela horren erraza”. Horregatik, erabaki zuten euren kasa kit bat sortzea. Kit horretan, materialaz gain, azaltzen dute garagardoa nola egin modu erraz batean. Kit horiek saltzeaz gain, noizean behin ikastaroak ere ematen dituzte. “Ikastaro horiek egin ditugu elkarteetan, euskaltegietan, udaletxe batzuen bitartez…”. Lau bat orduko ikastaro praktikoak dira. Parte hartzen dutenek ikasten dute sukalde batean garagardoa ekoizteko zeintzuk pauso jarraitu behar dituzten; eta lehengaien inguruko informazioa ere jasotzen dute. “Lau ordu horietan muztioa prestatzen da, legamia gehitzen zaio, eta uzten da hartzidura egiten. Beraz, ikastaro horietan praktikoki garagardoa egiten da. Eta gero norberak etxean egin dezake”.

Hamaiketakorako aitzakia

Jon Izagirre azpeitiarrak badaki zerbait horretaz, alegia, etxean garagardoa egiteaz. “Hasieran, neu bakarrik hasi nintzen. Interneten errezeta bat topatu nuen, han jartzen zuen materiala eta osagaiak inguratu nituen, eta etxean egin nuen proba. Baina emaitzarekin ez nintzen pozik geratu. Dena bota nuen, baina ez nuen etsi”. Interneten begira jarraitu zuen Izagirrek, eta bata irakurri eta bestea irakurri, konturatu zen etxean egiteko modurik errazena jada prestatuta saltzen zuten hauts batekin zela. “Lagunengana joan nintzen; kontatu nien asmoa, eta probatzera animatu ziren”.

Hala, hamaiketakoa eginez, probatzea pentsatu zuten. “Etxean egindako garagardoak bi hartzitze prozesu izaten ditu. Horrek esan nahi zuen garagardoa egiteko prozesu horretan bi hamaiketako egingo genituela, eta hirugarrena probatzea tokatzen zenean. Eta horrelaxe hasi ginen”. Orain dela hiru bat urte hasi ziren, eta urtean bi edo hiru aldiz egiten dute. “Lehendabiziko bi edo hiru alditan, hauts horrekin egin genuen, eta bakoitzean hamar bat litro egin genituen”. Emaitzarekin pozik, hurrengo aldian lagun talde handiagoa elkartu ziren. “Hamabost bat lagun edo, eta 30 litro egin genituen. Egundoko bazkaria egin genuen, eta denok gustura”. Kontua gustatzen zitzaiela ikusita, material hobea inguratzea pentsatu zuten. “Berez garagardoa egiteko lapikoek eta hartzitzeko ontziek-eta diru dezente balio dute, baina, pixkanaka-pixkanaka, hilero diru pixka bat jarrita, erosten joan gara, eta, azkenean, garagardo natural-naturala edo behintzat ahal den naturalena egitera iritsi gara”. Orain arte, bi garagardo mota egiten probatu dute, garagar mota bera erabilita eta lupulua aldatuta. “Guk sekula ez dugu modu profesionalean ekoizterik pentsatu. Lagun artean elkarri adarra jotzen-eta aritzen gara, baina ez. Gure artean norbait dakiena izango bagenu, emaitza hobea aterako litzaiguke, baina, jakin asko ez dakigunez, esan liteke esperimentuak egiten aritzen garela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.