A. Amas
Dunboa auzoan igaro zuen haurtzaroa, eta, orain, Alde Zaharrean bizi da Iñaki Goikoetxea (Irun, 1986). Munduko hainbat tokitan ikusiko zuten askok Youtuben, Dancing in The Basque Country-rekin dantzan, eta, ondoren, Gipuzkoako herri guztietan barrena, Gipuzkoaround proiektuarekin. Hala ere, ederki ezagutzen du Irungo bizitza, hainbat elkartetan ibilitakoa baita.
Gipuzkoaround-ekin Gipuzkoako herri guztietan ibili zara. Zer du Irunek besteek ez dutenik?
Hasteko, esango nuke Gipuzkoako jendearentzat Irun pixka bat ezezaguna dela. Gipuzkoako bigarren hiria izan arren, iruditzen zait asko ez direla Irunen egon. Irun handia da, eta ia denetarik du: dendak, kultura, aisia… Beste berezitasun bat izan daiteke, mugan egonda, Ipar Euskal Herriarekin eta Nafarroarekin konexioa duela.
Hiri batean bizitzeak zein abantaila eta zein desabantaila ditu?
Alde ona argi daukat, Irunen ia denetarik egin dezakegu hiritik atera gabe. Alde txarra izan daiteke, agian, gure artean ez dugula horrenbeste elkar ezagutzen. Agian hirian zailagoa da, gizartea polarizatuago dagoelako.
Irun bezalako hiri batean zailagoa da, beraz, herrigintza aurrera ematea?
Egia da Irun ez dela hain handia ere, eta, gutxi gorabehera, adin bertsukook edo taberna eta inguru antzekoetan ibiltzen garenok elkar ezagutzen dugula. Gainera, auzo elkarte asko daude, 10-15 inguru. Elkartegintza ere nahiko garatua dagoela esango nuke; mota guztietako elkarteak daude: jaietakoak, kultur arlokoak, kirol arlokoak…
Irun hiri erdalduntzat jotzen da. Euskarak badu presentziarik?
Horrek niri min handia ematen dit. Baztan aldera edo Gipuzkoako beste herrietara joan eta esan izan didate, “Irungoa eta euskalduna?”. Datu soziolinguistikoak hartzen badituzu, erabilera txikiagoa izango da, baina beti aldarrikatzen dut Irunen euskaldunak badirela, eta gure euskalkia ere badugula. Gure belaunaldikook, 40 urtetik beherakook, gehienok, euskaraz badakigu, eta erronkak, nire ustez, euskaldun pasiboak direnak aktibatzea izan behar du.
Etorkin asko jaso izan ditu Irunek. Zer moduzkoa da elkarbizitza?
Oso normalizatua dagoela esango nuke. Beti sor daitezke arazoak, baina beste herri guztietan ere gerta daitezkeen moduan. Elkarrekin bizitzeko irekia dagoenak ez dut uste arazorik izango duenik Irunen, eta ongi etorria izango da.
Zer gustatzen zaizu Irunen egitea?
Irunek dituen aukera guztiak aprobetxatzea, eta, batik bat, jendearekin egotea. Agian, askok Iruni buruz duten irudia da hiri handi batena, oso urbanoa, baina Irunek ere baditu bere mendiak. Kanpotik ikusita ere hiri itsusia dela dirudi, oso azkar urbanizatu zelako, baina Alde Zaharra eta erdigunea atseginak eta politak dira. Azken urteetan hirigintza arloan asko aldatu da hiria, eta liburutegi berria daukagu.
Toki bereziren bat gustatzen zaizu Irunen?
Kanpotik etortzen den jendearentzat toki polita izan daiteke San Martzial mendian dagoen ermita. Hor Irungo historian gertatutako gauza asko uler daitezke, eta ikuspegia paregabea da: Aiako Harria eta Txingudiko badia guztia.
Leave a Reply