Eider Goenaga Lizaso
“Dirurik ez izatea ez da duintasunik ez izatea; pobrezian egotea ez da ezer lotsagarria. Lotsatu beharko luketenak, duintasuna galdu dutenak, egoera hori eragin eta ahalbidetzen dutenak dira”. Arantza Corralesek (Zumarraga, 1958) ahoan bizarrik gabe hitz egiten du, eta gauza bakoitzari bere izena eman behar zaiola dio. Gaur egun, pentsionista asko, eta batik bat emakumeak, pobrezian bizi direla dio, hotza pasatzen dutela neguan, gaizki elikatzen direla edo gosea pasatzen dutela dirua iristen ez zaielako, eta medikuak agindutako botikak hartzeari uzten diotela, ordaindu behar dituztelako.
Pentsioduna zara zu. Zein da zure egoera?
Ni maistra izan naiz, baina duela hamabost urte inguru ezgaitasuna eskatu nuen, eskolatik irtetean eroriko bat izan ostean. Funtzionarioak, baina, ez gara pentsioen erregimen orokorrean sartzen, eta gure pentsioak ezberdin kalkulatzen dira; beraz, kobratzen nuen soldatatik oso urrun, baina nahiko pentsio duina gelditu zitzaidan. Ez da nahikoa luxuzko bizimodu bat eramateko, baina bai hilabete amaierara iristeko. Semea oraintxe lanean hasi bada ere, oraindik biok bizi gara pentsio horretatik.
Duintasuna taldeak eta pentsiodun elkarteek 1.080 euroan jartzen duzue gutxieneko pentsioaren zenbatekoa.
Bai, baina hori ere uste dut berriz aztertu beharko genukeela. Nik uste dut kopuru horrekin ere oso-oso duin ezin dela bizi. Gutxienekoa behar lukeela esaten dugu, baina hori ere justukoa litzateke.
Zeu bezala, ama ere pentsioduna duzu zuk. Amaren egoera, ordea, oso bestelakoa da, ezta?
Oso. Nire ama alarguna da, eta beste alargun asko bezala oso egoera justuan bizi da. 88 urte ditu, zazpi seme-alaba izan zituen eta, pentsa, bizitza osoa jo eta ke lanean eman du. Baina, kotizatu ez zuenez, lan horri inolako balio ekonomikorik ematen ez zaionez, senarra hil ostean gelditutako pentsioari esker bizi da. Ia hogei urte dira aita hil zela, eta hark jasotzen zuen pentsioaren erdia gelditu zitzaion amari.
Baina, dirudienez, alargunen pentsioak ere aldatu nahi dituzte; hori ere ukitu nahi dutela ematen du. Ez dakigu ondo zer eta nola egin nahi duten, baina ari dira halako mezu batzuk zabaltzen. Orain arte, zorionez, halako zerbait aipatu izan den bakoitzean, nahiko erreakzio egon da, eta oraingoz ez dira ausartu ezer egiten. Baina egingo dute, ni ziur nago, eta aldaketak ez dut uste onerako izango direnik.
Zure ama nola moldatzen da hilabete amaierara iristeko?
Ama ez da 800 eurora iristen, baina emakume asko eta asko daude hori baino gutxiago kobratzen dutenak. Jende batek esaten du “pertsona batentzat nahikoa da diru hori”, baina hasi kalkulatzen etxeak bakarrik zenbat diru eramaten duen; argindarra, gasa, ura… Egun hauetan asko ari gara entzuten, eta askori ahoa betetzen zaie “pobrezia energetikoa” esaten dutenean, baina horrek badu beste izen bat, izen gordinago bat, adierazgarria oso: hotza. Emakume alargun askok pasatzen dute hotza, milaka etxetan daude hotzez, berogailua ordaintzerik ez dutelako. Eta, hotza ez bada, gosea; aukeratu egin behar dute emakume pentsiodun askok, janaria ordaindu edo berogailua ipini.
Eta horri gehitu behar zaizkio edozein etxetan gertatzen diren aparteko gastuak, ustekabekoak…
Bai, bai, edozein gastu sekulako arazo bihurtzen da; dela garbigailua apurtu zaizula, dela portalean obra bat egin behar dela… Badakizu nolako lotsa pasatzen duten emakume askok portaleko bileretan; ez dira ausartzen ezetz esaten, ezin dutela ordaindu, ez dutela dirurik. Zenbat emakume etortzen zaizkidan, portaleko bileran isil-isilik egon ondoren, laguntza eske eta aholku eske. Lotsa, benetako lotsa pasatzen dute emakume askok. Izan ere, oraindik ere pobreziak edo diru faltak lotsa eragiten dute. Eta ez da zure errua; zuk ez baduzu dirurik, zure pentsioa oso baxua delako da; eta batez ere ari naiz adineko emakume alargunen kasuaz, baina ez dira bakarrak.
Gipuzkoan ia 5.000 pentsiodunek eskatzen dute Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta, pentsioarekin iristen ez zaielako.
Eta hori eskatzea ez pentsa erraza denik. Ez da eskatu eta eman. Horretarako lehenengo indarra izan behar duzu, indarra izan behar duzu esateko “nik eskubidea daukat diru hori jasotzeko”. Asko hitz egiten dugu ahalduntzeaz, eta, kasu honetan, ahalduntzea da pertsona horiek beren eskubideen jabe egitea eta eskatzea, baina gehienek ez dute egiten; isilean eramaten dute euren egoera.
Amak seme-alaben laguntzari esker egiten du aurrera, ezta?
Bai, baina anai-arreben artean ere badaude egoera hobean eta okerragoan daudenak. Zorionez, beti konpondu gara elkarri lagunduz, bai guk amari eta bai amak egoera prekarioagoan dauden seme-alabei. Denon artean moldatzen gara, eta horri esker, familia babes hori badagoelako, ez da ikusten benetan Euskal Herriko etxe askotan nolako miseria dagoen. Miseria, pobrezia… Hitzak gogorrak izango dira, baina horixe da emakume askok dutena; etxe batean dirua falta bada, pobrezia da, eta milaka familiatan gertatzen da, etxe barruan eta isilpean gordetzen den arren. Ematen duen baino askoz gehiago dira halako kasuak; askotan ez genuke imajinatu ere egingo kalean ikusten dugun emakume hori, edo gizon hori, etxean nola bizi den; etxera iristean, ohean sartu, mantaren azpian nola hala berotu, eta, ahora ezer ematekorik gabe, orduak zein poliki igarotzen diren ikusten.
Botiken berrordainketaren kontra ere borroka handia daramazue Duintasunan. Zein da egoera?
Berrordainketa jarri zutenean, pentsionistak oso gogor jarri ginen, eta horri esker —edo nik behintzat hala uste dut— lortu zen urteko pentsioa 18.000 eurotik beherakoa dutenei zati bat ordaintzea. Baina paper pila bat aurkeztu behar dira, eta pentsiodunak berak eskatu behar du dirua itzultzeko, automatikoki itzultzea hain erraza izango litzatekeen arren. Askok ez dute eskatzen.
Jendeak botikak hartzeari utzi dio?
Noski, zenbait botika ez dituzte hartzen. Nire amak, adibidez, begietako gaixotasun bat dauka aspalditik, eta horretarako behar ditu tanta berezi batzuk, behar ditu medikuak esandako bitaminak, behar ditu gasa berezi batzuk… eta denak dira ordaintzekoak. Adineko askoren kasuan, hilaren amaieran agian 100 eurora irits daitezke botikak, eta hori pentsioari kentzea… Garai batean, medikuak esaten zuen guztia hartzen genuen, eta gaur egun, berriz, arrazoi ekonomikoengatik, gerorrek erabakitzen dugu botika batzuk ez hartzea, horrek dauzkan ondorioekin.
Leave a Reply