Soldatak eta lan baldintzak hobetzeko eskaerak. Blokeoa negoziazioan. Greba. Egoera ez da berria Gipuzkoako zahar etxeetako langileentzat. 2013an bezala, kalera atera dira berriro ere; hiru eguneko grebara deitu ditu ELAk aste honetan. Arrazoia: enpresa itunak eta sektoreko hitzarmena berritzeko negoziazio falta. Zahar etxeen sektoreko ordezkaritzaren %56 du ELAk; LABek eta biek ia %80 ordezkatzen dute; CCOOk eta UGTk, berriz, %21.
Bi urte atzera eginda, adinekoen egoitzetako langileen protestak aurki daitezke hemerotekan. Zehazki, 2012ko urrian hasi zen lan hitzarmena berritzeko gatazka. Patronalek —Adegi eta Lares— eta langileen ordezkariek negoziazioak hasi zituzten orduan, baina akordiorik ez zenez, lehen lanuzteak iritsi ziren: hiru eguneko greba 2013ko otsailean, astebeteko lanuzteak gero, eta, ELAk deituta, greba mugagabea urte bereko maiatzaren 13tik aurrera. Sektoreko hitzarmen kolektibo berria sinatzea zuten helburu, eta zenbait baldintza lotzea: soldatak igotzea, Espainiako Gobernuaren lan erreforma ez aplikatzea, eta itunak blindatzea. Lan erreforma aplikatzeak aldaketa nabariak ekarriko lizkieke langileei: hilean 400 euroko jaitsiera, eta urtean 200 ordu gehiagoz lanean aritu beharra.
Orain bezala, orduko hartan ere, patronalaren jarrera kritikatu zuten sindikatuek. ELAk Adegiri egotzi zion langileen soldaten eta lan baldintzen kontura irabaziak handitu nahi izatea. Gipuzkoako Aldundia tartean hartu zuen gatazkak. Zahar etxeetako eta eguneko zentroetako gastuen %87 finantzatzen ditu, eta negoziazioan aurrera egiteko asmoz, bi urterako 8,2 milioiko proposamena egin zuen Ander Rodriguez Gizarte Gaietarako diputatuak 2013ko otsailean. Administrazioarekin hitzartutako postuak dituzten zentroetako 4.800 langileen soldatak eta baldintzak bermatzea zen asmoa; patronalak, baina, baztertu eta ezetz esan zion. Eta salaketa jarri: Adegik Gipuzkoako Aldundia salatu zuen, lan hitzarmenerako proposamena aurkezteagatik. Patronalaren arabera, negoziazio kolektiboaren subjektu bakarrak sindikatuak eta enpresak ziren, eta, beraz, “esku sartzetzat” hartu zuen aldundiaren jarduna. Diputazioak, ordea, bere eskumenen barruan jardun zuela azpimarratu zuen, helburu zehatz batekin: erabiltzaileei kalitatezko zaintza bat bermatzea. Horretarako, beharrezkotzat zuen langileek lan baldintza duinak izatea. Salaketak helburu politikoak zituela adierazi zion Gizarte Gaietarako diputatuak BERRIAri: “Arazoa da Adegik ez dituela bete bere helburu politikoak, eta horregatik jarri ditu salaketak”. EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen Adegiren eskaera aintzat hartu.
Diputazioak proposamena aurkeztu ondoren, pixkanaka, enpresak akordioak lotzen hasi ziren; egoitza batzuek langileekin hitzartu zituzten baldintzak. Azkenean, 75etik gora egoitza eta eguneko zentrotan lortu zuten akordioa sinatzea: blindatze klausulak jaso zituzten guztietan, eta Espainiako Gobernuaren lan erreforma ez aplikatzea eta lan baldintzak hobetzea lortu zuten.
Kudeaketa ere hizpide
Lan baldintzak eta itunak mahai gainean izan dira azken urteetan, baina ez horiek bakarrik: adinekoen egoitzen kudeaketa noren esku utzi ere eztabaida puntu izan da.
Iazko uztailean Kabia erakunde autonomoa aurkeztu zuen diputazioak. Horren bidez, udalek kudeatutako hamasei egoitza diputazioaren esku uzteko prozesua hasi zen, Gizarte Zerbitzuen legeak dioen bezala. Berez, 2009tik, hamasei udal egoitzaren kudeaketaren ardura aldundiarena da, nahiz eta agintaldi honetara arte eskualdaketarena geldirik egon den.
Gaia Batzar Nagusietara iritsi zen, eta PSE-EEren eta Aralarren babesa izan zuen EH Bilduk. EAJk eta PPk, berriz, egitasmoa kritikatu zuten. Hala mintzatu zen Markel Olano EAJko eleduna Batzar Nagusietan: “Kabiak okerrago kudeatuko ditu gizarte politikak; izan ere, irabazi asmorik gabeko elkarteei erasotzen die, eta lanik gabe utziko ditu”. Diputazioak azaldu zuenez, orain arte arazorik handiena irabazi asmoa duten enpresekin izan dute —zahar etxeetako lekuen %41 kudeatzen dituzte—. ELAk eta LABek positibotzat jo zuten aldundiaren proposamena, eta, era berean, jeltzaleen jarrera kritikatu zuten, “pribatizazioa” babesteagatik.
Kabia hasia da udalen esku zeuden zenbait egoitza kudeatzen. Lehenak izan dira Elgoibar, Azkoitia, Villabona eta Zumaiako egoitzak. Lasarte-Oriakoa gehituko zaie jarraian. 2016an Andoain, Arrasate, Eibar, Errenteria, Irun eta Pasaiako udal egoitzak kudeatuko ditu, eta, Bergara, Hernani, Oñati, Ordizia eta Tolosako egoitzak aldundiaren eskuetara pasatuko dira 2017 eta 2018an.
ELKARRIZKETA. Iñigo Zubeldia (ELAko ordezkaria): “Akordio integral bat nahi dugu”
Leave a Reply