Sare sozialen leihoan, kukuka

Sare sozialek eta, bereziki, Twitterrek aukera ematen dute politikarien jarduna jarraitzeko. Nork bere neurrian, gutxiago edo gehiago, Gipuzkoako hautagaiak txioka dabiltza egunotan; kanpaina dela eta, ekitaldi, mitin eta abarren berri ematen dute tokian tokitik, mezu politikoak zabaltzen dituzte… Baina benetan aprobetxatzen al dituzte sare sozialek ematen dituzten aukerak?

Foru Aldundirako hautagaien eta alderdien profiletan bila aritu da Gipuzkoako Hitza. Xabier Olano (EH Bildu), Markel Olano (EAJ), Denis Itxaso (PSE-EE), Juan Carlos Cano Aristoi (PP) eta Juantxo Iturria (Podemos-Ahal Dugu) ari dira txioka egunotan; baina, txorrotxio ozen eta jorian baino gehiago, kukuka dabiltzala dirudi, oro har kanpaina politikoa sare sozialek ematen dituzten aukera ugarietara egokitu gabe. Iritzi horretakoa da Marijo Deogracias kazetari eta komunikazio multimedian aditua. “Sare sozialak eta Twitter zerbait baldin badira elkarrizketa dira, eta elkarrizketarik apenas ikusten den hautagaien eta jarraitzaileen artean. Beraz, nahiko kontu aspergarriak iruditzen zaizkit, ekarpen gutxi egiten dutenak”.

Kanpaina hasiz geroztik, hautagaiek mezu eta iritzi pertsonal gutxi ematen dute beren txioetan, eta kanpainako ekitaldien, hedabideetako elkarrizketa eta eztabaiden eta agerraldien berri ematera mugatzen dira, nagusiki. “Mezu hotzak”, Deograciasen arabera. “Eta, noski, erabiltzailea profil pertsonaletan sartzen bada, helburu batekin sartzen da, eta da, hain zuzen ere, politikari baten iritzi pertsonala ezagutzea eta bere ahotik jasotzea. Alderdiaren mezua zein den jakiteko, horretarako alderdi horren kontuan sartzen zara, eta kito. Sare sozialen erabiltzaileak beste zerbait nahi du, politikariari hitz egin, haren erantzunak jaso, iritziak ezagutu; eta halakorik ez dago”.

@XABIER_OLANO

EH Bilduren ahaldungai nagusia nahiko berria da Twitterren. Iazko abenduan, hautagai izango zela baieztatu ostean sortutakoa da. “Kaixo, lagunok, hona ere iritsi gara”, izan zen haren lehen txioa. Baina, Olanoren kontuak berezitasunik baldin badu, argi eta garbi hizkuntzarena da. Txio guzti-guztiak euskaraz egiten ditu, eta birtxiotzen dituen mezuak ere euskaraz idatzitakoak dira ia guztiak “kontua sortu zuenetik 207 txio egin ditu, eta horietako lau soilik dira gazteleraz, birtxioak denak”.

Kanpaina hasi denetik, Xabier Olanok ez du txio propiorik egin, ordea. “Lehen bai, egiten zituen, baina orain bakarrik birtxiotu egiten ditu, bai EH Bildurenak eta bai berari edo Bilduri buruz beste batzuek idatzitakoak”. Kanpainaren jarraipena, izan ere, Gipuzkoako EH Bilduren Twitter kontutik egiten ari dira, eta mezu horiek birtxiotzen ditu etengabe Olanok: “Birtxiotze jarrera horretan dago, erabat, Ahal Dugu-koarekin parez pare. Ez ditu txio berriak sortzen, baina birtxiotuz bere presentzia bermatzen du”.

@MARKELOLANO

2010eko urtarriletik du kontu pertsonala Markel Olanok, eta maiz erabiltzen du, bai mezu politikoak eta bai mezu pertsonalak zabaltzeko. Hauteskundeetarako, ordea, beste Twitter kontu bat zabaldu du EAJko hautagaiak: MarkelOlano2015. Kontuaren aurkezpenean bertan jartzen duenez, Markel Olano 2015 lantaldeak kudeatzen du, eta kanpaina hasiz geroztik Olanoren profil pertsonaleko jarduna ia-ia horiek birtxiotzera mugatzen da, tartean behin iritziren bat edo mezu pertsonalago bat txiokatzen duen arren. “Pentsatzen dut EAJren estrategia komunikatiboan sartzen den erabakia dela kanpainarako hautagaien profil paraleloak sortzea, Eneko Goiarekin [Donostiako alkategaia] ere gauza bera egin baitute; baina horrek hoztasunera eramaten du kontua, jendeak beste zerbait bilatzen baitu hautagaien txioetan”. Deograciasek zalantza du egokia ote den kontu paralelo horiek osatzea; “izan ere, mezuak hotzagoak izateaz gain, elkarrizketarik ez da sustatzen, eta ez zait iruditzen hori denik erabiltzaileak bilatzen duena”.

Lantaldeak kudeatutako kontu bat izateak, ordea, badu eragin nabarmena txio kopuruan. Kanpainaren lehen asteburuan, Markel Olanoren lantaldeak 650 txio egin zituen. Gainerako hautagaien kontuetan, ordea, kopuruak askoz ere apalagoak dira: Xabier Olanok 20, Denis Itxasok 44, Juan Carlos Canok 15 eta Juantxo Iturriak 51.

Hizkuntzari dagokionez, euskara eta gaztelera erabiltzen ditu EAJko hautagaiak, eta kanpainako mezuei erreparatuta gehiago dira euskarazkoak gaztelerazkoak baino.

@DENISITXASO

PSE-EEko hautagaia da Twitter kontua aspaldien sortu zuena. 2008tik dabil sare sozialean txioka. Eta kanpainan mezu propio gehien idazten duena ere hura da; ondorioz, baita mezu pertsonalagoak eta iritzi gehiago txiokatzen dituena ere. Markel Olanok bezala, Itxasok Facebook eta Youtube kontuak ere baditu, eta baita Instagrameko kontua ere.

Deograciasen arabera, nabarmena da Itxasok baduela esperientzia sare sozialetan. “Dagoeneko 4.600 txio dauzka. Nabaria da batzuk besteak baino arituagoak direla; ez nuke esango adituagoak, baina hori ikusten da, naturaltasun gehiagorekin jarduten baitira”.

Ildo horretan, Itxasok kanpainari begira egindako bideoak aipagarriak iruditzen zaizkio Deograciasi. Road movie izenekoa originala eta ausarta ikusten du, eta Eneko Goiak egindakoa ere ezberdina dela dio: “Kanpainaren betiko tonutik ateratzen dira, eta behinzat ausartu dira zerbait ezberdina egiten”. Alderdiek eta hautagaiek hainbat bideo jarri dituzte sare sozialetan, batik bat ekitaldienak. “Nahiko modan dagoela ematen du, eta inoiz baino gehiago ari dira erabiltzen guztiak”.

Hizkuntzari dagokionez, gaztelera euskara baino gehiago erabiltzen du Itxasok.

@CANOARISTOY

2013ko urtarrilaz geroztik dago PPko ahaldungai nagusia Twitterren. “Kaixo guztioi… Nire taldeak laguntzen nau” esaldia izan zen haren lehen txioa. Gazteleraz egin zuen, eta horrela egiten ditu gainerakoak ere, ez baita euskalduna. Bestalde, mezu horretan taldean kudeatzen den kontua dela ere argitu zuen PPko hautagaiak.

Halere, kanpainan apenas ari den txiorik egiten, eta mezu motzak eta argazki zenbait baino ez ditu txiokatu. Besteek ez bezala, Cano Aristoik ez ditu bere ekitaldiak iragartzen eta egindakoei buruz idazten. Ez dirudi sare sozialak kanpaina egiteko tresnatzat hartu dituenik.

@JUANTXO_ITURRIA

Ahal Dugu-ko hautagaia da Twitterren berriena. Martxoan sortu zuen kontua, eta kanpainan batik bat birtxiotzera mugatu du bere jarduna, hainbat mezu propio tartekatzen dituen arren. Mezu propioak, ordea, egingo dituen elkarrizketa eta agerraldiei buruzkoak dira batik bat. Deograciasen hitzetan, Ahal Dugu-koak “birtxioen sekulako jarioa” dauka. “Beraiei buruzko aipamen guztiak, aipamen on guztiak txiokatzen ditu, baina baita alderdiaren ideologiarekin bat datozen bestelako mezuak ere, nahiz eta kanpainarekin zerikusirik ez izan”.

Iturriak bi hizkuntzatan egiten ditu txio propioak, baina gazteleraren presentzia handiagoa da, gazteleraz direlako birtxio gehienak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.