“Gustura nago udaletxean sortu den errespetu zikloarekin”

Datozen lau urteetan, Urnietak “erronka politak” izango dituela uste du Mikel Pagola EAJren alkategaiak (Urnieta, 1970), eta horiei heltzeko gogoz da. Hilaren 24an “libreki” botoa emateko eskubidea betetzeko deia egin die urnietarrei.

Zer iritzi duzu lau urteko agintaldiaz?

Agian, ez gara gu egokienak balorazioa egiteko, baina gustura nago udaletxean sortu den errespetu zikloarekin. Politikaren artean, bakoitzak bere ideiak defendatzeko eta plazaratzeko aukera izan du; gainera, arlo askotan elkarrekin batzeko aukera izan dugu, eta pozik nago errespetutik abiatuta egin ditugun gauzekin.

Zertan egin du aurrera herriak?

Batez ere, herriaren kalitatea hobetzeko apustuak egin ditugu. Lau parke berriztatu dira: hainbat belaunaldi espazio berean egoteko aukera izan dezaten saiatu gara, haien arteko harremanak lantzeko. Inbertsio moduan, herriko sarbideetan hobekuntzak egon dira. Zerbitzu aldetik, oso garrantzitsua da udalean eman den eredu aldaketa: herritarrak lehenetsi dira erabat, eta horren lekuko da herritarren arreta zerbitzua, Bertan bulegoa. Herritarren ikuspegitik hobetzeko zer genuen aztertu dugu, eta horiek izan dira kontuan hartu ditugunak.

Eta hobetzekoen artean?

Urnietako plan orokorra lehenago onartu izana, adibidez. Gusturago egongo ginateke 2014ko azaroan onartu ordez lehenago onartu izan bagenu. Dokumentu horrek gauza asko baldintzatzen ditu etorkizunean eta garapenari dagokionez. Nahi baino gehiago atzeratu da, eta horrek ekarri digu ekintza konkretu batzuk egin ez izana. Horrez gain, gusturago nengoke Egape ikastolako DBHko eraikin berriaren aurreneko obra txikiak hasi izan balira, edo beste inbertsio batzuk egiteko gai izan bagina: irisgarritasuna hobetzeko ekintzak, berrikuntzak kiroldegian…

Langardako etxebizitzen arazoa urte luzeetan egon da presente Urnietan. Auzia konpontze bidean da, azkenean.

Oraindik ez dugu dena egin, baina, behintzat, akordio bat sinatu dugu, eta soluzio baten oinarriak markatu ditugu. EH Bilduko Xabier Iurramendi zinegotzia izan da Langardako batzordeko burua, baina garbi dago udaletxeko alderdi guztiek genuela asmoa arazoari irtenbide bat bilatzeko. Nabarmentzekoa da bizilagunek eta udaleko alderdiek akordio horretara iristeko izan dugun gogoa eta nahia. Ea hemendik pare bat urtera akordio horrek isla erreala daukan eta auzo horretan saneamendu aldetik geneuzkan arazo larriak saihesteko formula aplikatzen dugun.

Hondakinen arloan, bosgarren edukiontziaren alde egin zenuten EAJk eta PSE-EEk, eta Bilduk babestu. Helburua %60 birziklatzea zen; datuak, ordea, %43 inguruan dira.

Oso baikorra da udalean ordezkaritza politikoa dugun alderdi politiko guztiek eredu batekin bat egin izana. Eredu horrek helburu batzuk jarri zituen, eta helburu horietara iristeak markatu zuen adostasun politikoa. EH Bildu alderdiak argi eta garbi esan zigun koiunturagatik onartzen zuten akordio bat zela, ikusita matematikak eginda garbi zegoela zeintzuk ziren udaleko aritmetikak, eta aritmetika horiek aukera horren aldekoak zirela. Gutxieneko horiek lortzeko epeak dira hor dauzkagun arazoak. Kontuan hartu behar dugu Europako lurralde aurreratuenetan birziklatze ehuneko altuak dituztela, %65-70ekoak, baina 30 urtetako kultura baten ondorioz. Guk urtebetean edo bi urtetan ezin ditugu gauzak bat-batean aldarazi. Baina aurreikuspenak ez dira bete. Aztertu behar dugu zergatik ez diren bete, eta berriz ere neurri batzuk planteatu beharko ditugu politikoki, herritarrek birziklatzean ezinbestean parte hartu eta emaitza hobeak lortzeko.

San Markoko mankomunitateko presidenteorde ere bazara. Nola ikusten duzu hondakinen kontuarekin Gipuzkoan sortutako zalaparta?

Ikuskizun txar bat ematen ari gara. Ez gara gai izan Gipuzkoako gizarteak eskatzen zigun irtenbidea topatzeko. Errua ez da inorena, baina guztiona da aldi berean. Lau urte hauetan daukagun errealitate bakarra da lurraldeko arazoa ez dela konpondu, zaildu egin dela, gaiztotu egin dela. San Markon, larrituta gaude, gure mankomunitatea delako Gipuzkoako zaborren erdia gutxi gorabehera kudeatzen duen eremua. Guztion artean saiatu beharko genuke, nahitaez, ahalik eta azkarren erantzun egokiren bat ematen; ahal den heinean, adostutakoa, nahiz eta jakin politikoki ematen zaion erabilerarekin oso zaila izango dela.

Ekonomikoki nola dago Urnietako Udala?

Ez dauka zorrik, eta ia bost milioi euroko gerakin bat ere badauka, orain dela lau urte baino zerbait gehixeago. Zerikusia izan du horretan Espainiako Gobernuak gastua kontrolatzeko jarri dizkigun neurriak eta zorroztasuna; horrek aukera eman digu diru pixka bat aurrezteko. Hori bai, arrisku bat dauka: Urnietan ez dago industria askorik; industria gune pare bat badaude, baina ez gara herri aberats esaten zaien horietako bat. Gure gastuak ondo kontrolatu beharko ditugu beti. Urtero urtero, lanketa handi bat egin behar da dauzkagun baliabideei ahalik eta etekin gehien ateratzeko. Ea datozen lau urteetan Madrilek aukera ematen digun gerakin hori libreki erabiltzeko.

Zertan inbertituko duzue?

Irisgarritasun plan bat onartu dugu legealdi honetan, eta igogailu bat jartzea litzateke aukera bat. Baita Idiazabal ibilbidean oinezkoei lehentasuna emateko ekintzak egitea, kiroldegian erreforma egitea —1985ekoa da—… Herrian, gero eta gehiago dira eguraldi txarra egiten duenerako estalitako guneak falta direla esaten dutenak; hori aztertzea ere izan daiteke. Garapen urbanistikoari dagokionez, zortzi-hamar urtetan Urnietan ez da etxerik egin. Jadanik martxan da urbanizazio bat, baina beste batzuk etorri behar dira. Etxe berriak egiten ez badira, belaunaldiren bat galtzeko arriskua dago, beraien beharrak herrian ez badituzte asetzen etxe bila kanpora joango direlako.

Herritarrei aukera emango diezue zertan inbertitu erabakitzeko?

Gure asmoa da herritarrei aukera ematea parte hartze prozesu baten bidez; galdetzea zertan inbertitu gerakin horretatik gutxienez lau bat milioi euro. Hor hainbat aukera izango dira. Aldez aurretik, asmatu behar dugu herritarrei adierazten guztiei eragiten dien gauza bat dela.

Duela lau urte boto gutxiko aldea izan zen EAJren eta EH Bilduren artean. Aurten ere hala izango delakoan zaude?

Orain ere uste dut lehia EAJren eta EH Bilduren artean egongo dela. Talde txukun bat aurkeztu dugu, eta esperantza badaukat; baina, noski, EH Bilduko hautagaiek izango duten berdina.

Aulki Zuriak hautagaitza aurkeztuko da Urnietan, Gipuzkoa osoan bakarra. Aukeratuak izanez gero, eserlekuak hutsik utziko dituzte. Zer iruditzen zaizu?

Ez dut informazio askorik. Lehenik, entzun egin beharko zaie, eta orduan bai, jakin genezake zer asmorekin datozen. Bitartean, beste edozein lehiakiderekin bezala, errespetu guztiz tratatuko ditugu. Hautagaien artean badago bat Urnietan erroldatua dagoena, herrian bizi dena, baina besteak kanpotik etorritakoak dira, asko Gipuzkoa kanpokoak ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.