Maiatza Saltsan egitasmoa antolatzen dute Zizurkilen duela dozena bat urtetik gora. Azkeneko urteetan, gai jakin baten inguruan landu dute hilabete osoko egitaraua: Jorge Oteiza, Pello Mari Otaño, El Salvadorko Meangerarekin duten senidetzea eta kanpotik Zizurkilera bizitzera joandako herritarrak hartu izan dituzte ardatz. Alaitz Ormazabal Zizurkilgo kultura zinegotziak esan duenez, aurten zalantza gutxi zuten: “Gabonen aurretik bildu ginen kultura batzordean, eta data hori buruan hartuta generaman. Aurten 400 urte dira herri aitortza jaso genuela”. Honako galdera hauen bueltan hasi ziren Maiatza Saltsan antolatzen: “Zer dakigu egiten? Zer eskain diezaiekegu gure herrikideei? Nola ospa dezakegu gure burujabetza?”.
Herritarrek egindako ekitaldiek hartuko dute, nagusiki, egitarauaren zati handiena. Besteak beste, herriko Nigeriar Taldeak ikastaroa eskainiko du hilaren 21ean, eta hilaren 29an, berriz, Nerea Barriola sopranoak emanaldia egingo du Arantzazuko Amaren elizan.
Ekitaldi nagusia, berriz, biharko herri antzerkia izango da. Bazen behin herri txiki bat… izenburua jarri diote. “Denek parte hartzeko moduko ekitaldia egin nahi genuen; hori zen gure premisa nagusia”, adierazi du Leire Zubeldia komunikazio eta parte hartze zinegotziak. 22:30ean ikusi ahal izango da: eguraldi onarekin, Joxe Arregi plazan, eta, bestela, Zizurkil goiko Intxaur frontoian.
Antzezpenak egongo dira, baina baita esketxak, dantza koreografiak, musika eta bertsoak ere. Lau ataletan banatu dute emankizuna. Lehenengoan, duela 400 urte herria sortu zeneko gizarte egitura islatu nahi zan dute. Bigarrenean, 1864tik aurrerako lehen industrializazioa kontatuko dute, eta hirugarrenean, berriz, 1965etik aurrera Zizurkilen jaso zen migrazioa. Etorkizuneko herria irudikatuz bukatuko dute antzerki lana. Iragana, oraina eta etorkizuna uztartuko dituzte, beraz.
Ikuskizuna oso-osorik herritarrek egina da, hasi gidoitik eta azken antzezpeneraino. Guztira ehun zizurkildarrek parte hartu dute. Iraitz Lizarraga herriko aktorea aritu da zuzendari lanetan, eta, besteak beste, Joseba Otaegi aizkolariak, Iker Goenaga soinu jotzaileak eta Unai Mendizabal bertsolariak parte hartuko dute.
Leave a Reply