Pasatu berria da munduko langileriaren eguna, eta gaiak emango zuen lagun artean hizpide bat baino gehiago, zergatik, zertarako. Etxeko txikienek zergatik jai edo zertarako manifestazioa galdetuz gero, ordea, zer erantzun?
Gure herria ez da aberastasun naturalez osatua; bizitzari eusteak bakarrik ahalegin handi eta etengabekoa eskatu izan digu mendez mende. Horregatik, beharbada, esan genezake Euskal Herria pertsona langileen herria izan dela. Lerro hau idazten dugunoi gustatzen zaigu esatea Euskal Herria profesionalen herria dela, langile kualifikatuena, eskola eskatzen duten ogibideena, dela soroan, itsasoan, mendian ala lantokian.
Gureak ez dira egun bateko lanbideak. Ikusi besterik ez dago Gipuzkoako historian lanbide heziketak zeinen eginkizun ekonomiko eta sozial garrantzitsua bete duen. Edo nola jarduera ekonomikoak gure herri eta kaleetako paisaiak baldintzatu dituen. Horra hor Eibar, Urretxu, Beasain, Pasai Antxo, Errenteria-Orereta… non azalera handiko enpresek eta langileen bizilekuek espazio urbano bitxi eta gogor bat osatu izan duten. Iraganari begira jarrita, kaleen izenetatik hasi (Zapatari, Errementari…) eta familia etxeen deituretaraino, ogibideek presentzia handia dute gure geografia kultural eta sozialean. Gurea lanaren eta lanbideen gizartea izan da. Aipatzen duguna ez da azaleko kontua, besteak beste, ogibideak berarekin dakartzalako formakuntza, ikerketa, ezagumenduen transmisioa, korporatibismoa, antolaketa soziala, eskubideen bermea… eta elkarren beharra.
Seme-alabekin gure langile izaeraz hitz egitea, ordea, ez da ariketa zail bat. Aski dugu gure seme-alabak nork bere aitona-amonei begira jartzea. Espainiako gerraren aurreko garaiak (eta zoritxarreko galtzaileen gerra ondoa) ezagutu zituzten. Gazteenek egunez lan eta gauez ikasi egiten zuten lanbide batean trebatzeko. Industrian gizon eta emakume lanean aritzen ziren (nolako kalte ekonomiko eta soziala egin zuen gure eskualde industrialenetan emazte ezkondua lan mundutik kanporatu zuen lege espainolak!). Gure aitona-amona asko lanean gaixotu, zauritu edo hil ziren; beste asko sorterria utzi eta lanagatik gure herrietara etorri ziren, dena utzita. Bere eskubideen defentsan greba eta protesta egin ere egin zutela.
Haiek ez ziren garai errazak; bai, ordea, lan gogor eta errenta eskasekoak. Gure seme-alabei esan behar genieke gure aitona-amonak ere langileak izan zirela, nork bere lanbidea izan zuela, non zuten lantokia, zertan ziharduten, orduko zailtasunak eta lanbide batean trebe izatearen harrotasuna, eta nork bere lanaz irabazitako ogiaren harrotasuna eta errespetua transmititu. Gaur egungo garaiotan iraganak, atzoko izerdiak, balio izango digu biharko ogia irabazteko.
Alegia, lan egin beharrak eta lanerako gaitasuna kualifikazio eta espezializazioz jantzi beharrak forma eman dio herri honen oinarriari. Ez gara langileak bakarrik, herri bat ere bagara; herri bat osatu gabe jai dugu. Euskal Herriak diziplina askotako profesionalak behar izan ditu. Esan daiteke diziplina profesional jakin batzuen premiak eta presentziak egin dutela Euskal Herria eta bere gizartea. Gauzak horrela, lan egiteko prestutasunaz batera lan egiteko gaitasunaren jabe izateak berebiziko garrantzia izan du eta izango du. Ontzigintza edo arrantzaren gainbeherak, nekazaritza intentsiboarekin mendi nekazaritza galtzeak, guk geure herrian bizitzeko behar ditugun gaitasunak galtzea esan nahi du, eta berdin erremintagintza edo metalen tratamendu eta transformazioarekin.
Halaber, bilakaera ekonomiko eta sozialak lanbide berrien sorrera dakar, eta geuri erne egotea dagokigu, gure lana bihar ere eragile baikorra izan dadin. Zerbitzuen ekonomia nagusitzen ari den honetan argi izan behar genuke batzuek besteek baino eragin hobea dutela gizartearen garapen eta kohesioan. Horretan jokatuz bizia. Ez baita gauza bera teknologia behar duten jarduerei lotu edo behar ez dutenei. Gauzak horrela, datorkigunari begira, lanari lotutako memoria berreskuratu eta indarrean jarri beharrean izango gara, herri eta gizarte moduan geroratu nahi badugu behintzat.
Leave a Reply