Eider Goenaga Lizaso
Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil dira Gipuzkoan eskualde egiturarik ez duten herri bakarrak; baina, norabide horretan, urrats garrantzitsua egin dute. Joan den ostiralean, Andoaingo udaletxeko osoko bilkuren aretoan gauzatu zen haien arteko lankidetza hitzarmenaren sinadura ekitaldia. Sinatzaileek uste dute pauso handi bat eman dutela. Izan ere, eskualde egiturarik ez duten arren, Beterri eskualdea osatzen dute, eta egitura ez izateak ez die galarazi, arloz arloko lankidetza hitzarmen eta protokoloen bidez, elkarlanean bidea egitea.
Hedabideei begirako sinadura ekitaldi motza amaitu eta berehala jarri ziren lanean sei herrietako alkateak. “Izan ere, hitzarmen honen sinadura bide baten abiapuntua da”, azaldu dio Hitza-ri Jon Zuluetak, Andoaingo Sustapen Ekonomikorako zinegotzi eta lankidetza hitzarmen honetatik sortu den kudeaketa batzordeko lehendakariak.
“Erronka nagusi bat du Beterri-Buruntzako sei udalek sinatu berri dugun akordioak: udal bakoitzak toki garapenaren, sustapen ekonomikoaren eta enpleguaren alorretan egun dituen baliabideak hobeto aprobetxatzea, eta eskualdeko herritarrei eta enpresei zerbitzu bateratu eta hobea eskaintzea”, azaldu zuen Ana Karrere Andoaingo alkateak, sinadura ekitaldian. Izan ere, Gipuzkoako beste eskualdeetan garapen agentzien bidez kudeatzen dituzte arlo sozioekonomikoarekin eta turismoarekin lotutako eskualdeko programak eta zerbitzuak, baina sei herriotan, eskualde egiturarik ez dutenez, udal bakoitzak bere kasa egin ditu planak eta politikak.
Oraingoz, lankidetza hitzarmena aurrera eramango duen batzorde kudeatzaile bat osatu dute, udal bakoitzeko bi zinegotzirekin, baina garapen agentzia bat edo egitura baliokide bat sortzea da helburua. Lau urteko iraupena du hitzarmenak, eta sinatzaileek epe hori amaitu aurretik nahi lukete martxan garapen agentzia. “Sei udalek eskualdeko garapen agentzia bat edo beste mota bateko erakunde bat eratzea erabakitzen dutenean, hitzarmena bertan behera geldituko da, eta programa, proiektu eta zerbitzuak erakunde berri horrek bereganatuko ditu”, azaldu zuen Karrerek.
1,3 milioiko aurrekontua
2017ari begira, sei udalek 1.290.976 euroko aurrekontua onartu dute, hitzarmenetik sortzen diren planak eta programak gauzatzeko. Udal bakoitzaren ekarpena Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotzen duen foru funtsaren kopuruaren araberakoa izango da. “Baina udal guztiek ez dute ekarpena dirutan egingo”, azaldu du Zuluetak. “Udal batzuek hitzarmenak jasotzen dituen lanak egiteko teknikariak, langileak eta zerbitzuak jarriko dituzte, eta horiek udalak jarri beharreko kopurutik kenduko dira. Andoainek, adibidez, ia-ia Urnietak jarriko duen kopuru bera jarriko du, nahiz eta foru funtsetik diru gehiago jaso”.
“Zentzuzkoa da hori”, gaineratu du Mikel Pagola Urnietako alkateak. “Sei herrietatik hiru herri handiak dira, 15.000 biztanletik gorakoak, eta haiek herri txikiagoetan ez ditugun teknikari eta zerbitzuak eskain ditzakete. Dirutan jarri beharrean, lanordutan jarriko dute diruaren zati bat udal horiek”. Herri txikiago eta handiagoen artean oreka lortzeko modu bat dela dio Pagolak, eta hitzarmena oso garrantzitsua izango dela, batik bat, Astigarraga, Urnieta eta Usurbilentzat. “Gu, herri txiki bezala, hitzarmen honetan oso interesatuak gaude”.
Pagolaren arabera, alor bakoitzeko teknikari bat izatea ezinezkoa zaio Urnietaren tamainako herri bati, eta udaleko langileen artean ahal duten moduan banatzen dituzte ardurak. “Eskualdeko egitura honetan, udaletxe batzuek beren teknikari eta langile propioak jartzen dituzte, eta beste batzuen ekarpena gehiago izango da ekonomikoa. Baina guretzat errazagoa da ekarpen ekonomikoa egitea, langile propioak sortzea baino; gure egiturak ezin dira txiklea bezala luzatu”.
Pagolak esandakoaren arabera, halere, badira hiru urte, protokoloen bidez, modu horretan ari direla lanean. “Aurreko legealdian, krisi ekonomikoarekin eta langabezia handitzen ari zela, hasi ginen elkarlan honekin. Laguntzak edo proiektuak tramitatzeko garaian, Andoain eta Hernani aritu dira lan hori egiten. Herri horietako teknikariek egin dute koordinazio lana, eta batez ere Andoaingoak aritu dira”.
Zuluetak “herrien arteko elkartasuna eta eskuzabaltasuna” ezinbesteko jo du, eta, dioenez, hiru urteotako esperientziak erakutsi du herri batek eskain ditzakeen zerbitzuak eskualdearen zerbitzura jartzeak eta eskuz esku lan egiteak emaitza onak eman dituela. “Orain, lankidetza hitzarmenarekin forma emango diogu horri”.
Adibide gisa, Zuluetak esan du Astigarragak eta Urnietak ez dutela enplegu teknikaririk, eta Andoainek jarri duela bere teknikaria besteen beharretara begira, baita ekintzailetza zerbitzua ere. “Orain, garrantzitsua da herritarrak ere horren jabe egitea eta ezagutzea, orain arte herritar askok ez baitute jakin zerbitzu eta laguntza hori beste herri batean eskura zezaketenik”.
Eraginkortasuna
Karrerek esandakoaren arabera, eskualde egiturarik ez izateak, besteak beste, arlo sozioekonomikoan eskaini dituzten zerbitzuak eskaintzeko ahaleginak areagotzea eragin die sei udalei. “Hitzarmen honi esker, zerbitzuak ez bikoiztea lortuko dugu. Gainera, egoitzak, lokalak eta eraikinak partekatzeko aukera eta langileen eta zerbitzuen kontratazioa zentralizatzeko aukera emango digu. Hartara, baliabide publikoen kudeaketa eraginkorragoa izango da”.
Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkateak logiko ikusten du udalek indarrak metatzea. “Sei udalek indar handiagoa egin dezakete bakar batek baino, hori argi dago. Hainbat arlotan jada aritu gara lankidetzan. Adibidez, urte asko dira jada kirol arloko hitzarmena dugula, eta euskara arloan ere mankomunitate gisa aritzen gara”.
Orain arte egindako bideak emaitza onak izan dituela iritzi dio Zaballosek, eta lankidetza garapen sozioekonomikoarekin lotutako arloetara zabaltzeak eskualde gisa funtzionatzen lagunduko diela iritzi dio. “Elkarrekin aritu behar dugu; ez da logikoa udal bakoitzak defizitarioak izango diren zerbitzuak sortu eta eskaintzea. Dirua ez dago soberan, eta, eskualde mailan eskainita, baliabideak askoz ere modu hobean kudeatuko ditugu”. Balizko bat jarri du Zaballosek adibide gisa. “Ehorzlea, adibidez, garai batean herri bakoitzak berea zuen; baina gaur egun ez dago garai bateko behar bera, askok erraustera jotzen dute, ehorzle batek ez du egun osoko lana, eta ez da zentzuzkoa herri bakoitzean pertsona bat horretarako bakarrik edukitzea. Halako kasu batean, lankidetzan jardutea logikoa da, eta horrelako adibide pila bat daude udal zerbitzuei erreparatuz gero”.
Laguntzak eskualdeei
Eusko Jaurlaritzatik, Lanbidetik, foru aldunditik eta bestelako erakundeetatik iristen diren diru laguntzei eta enpleguaren sustapenerako eskaintzei begira ere badu garrantzia hitzarmenak. “Diru laguntzen irizpideak aldatu egin dira. Garai batean, laguntza lerroak udaletxeetara bideratuta zeuden; baina, orain, udaletxe batek onuradun izateko oso baldintza zehatzak bete behar ditu, eta gehienok ez ditugu betetzen. Orain, jada, diru laguntzak ez dituzte udalek jasotzen, baizik eta eskualdeek. Horrek eraman gintuen, 2013an, arlo sozioekonomikoari lotutako aldaketak egin eta lankidetzan hastera”. Zuluetaren arabera, irizpide aldaketak “derrigortu” egin zituen elkarrekin lan egiten hastera, eta orain garaia iritsi da bide horretan sakontzeko.
Izan ere, Zuluetaren arabera, joan den ostiralean sinatutako hitzarmena arlo sozioekonomikoari lotzen zaion arren, tokiko garapena bultzatzea da xedea, eta tokiko garapenak dena hartzen du bere barnean. “Tokiko garapenak eremu guztietan koherentzia bat ezartzea eskatzen du, ez da bakarrik enplegua sortzea, horren atzean dago, baita ere, nolako enplegua sortzen den, nolako merkataritza eta industria eredua nahi den bultzatu, nolako herriak nahi ditugun. Guretzat oso inportantea da arlo horiek guztiak koherentzian joatea: hizkuntza, kultura, gizarte gaiak, turismoa… azken finean, helburua da hori dena jostea eta tokiko garapenerako oinarri sendo batzuk jartzea”.
Eskualdea helburu
Guztiz ados dago horretan Pagola ere. “Hitzarmen hau ez da soilik lankidetza sinatu dugun esparruetarako, ez da soilik sustapen ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko, baizik eta eskualde ikuspegi bat lantzeko eta eskualde izaera hori administrazioarekin lotutako beste esparruetan ere txertatzeko; adibidez, gizarte gaietarako”. Ildo horretan, hitzarmena bera garrantzitsua dela uste du Pagolak, baina betiere eskualde egitura egonkor bat sortzeko trantsizio tresna bezala. “Guk ikusten dugu lankidetza hitzarmena oso garrantzitsua dela, bana betiere izan behar duela bitarteko bat azken helburu hori lortze aldera: garapen agentzia edo antzeko egitura bat sortzea, beste esparru guztietan ere eskualdeko perspektiba zabalduko duena, eta modu egonkor batean funtzionatuko duena”.
70.000 biztanle batzen dituen eskualde bat izanik eskualde egitura ez izatea herritarrentzat eta bertako administrazioentzat kalte dela uste du Pagolak, eta horregatik nabarmendu du ez diola axola sortuko den egitura horrek garapen agentzia izan behar duen, edo bestelako figura juridiko bat izan behar duen. “Izena ere ez zait garrantzitsua iruditzen: Beterri, Beterri-Buruntza, Buruntzaldea, Donostialdea… Bere garaian, turismo ikuspegitik, adibidez, Donostiatik gertu geundela aipatzeak bazuen garrantzia, baina, bestalde, gu beti Buruntzaren azpian egon gara, eta, bestetik, beti izan da Beterri izendapena ere. Izena baino gehiago, egitura bera da niretzat garrantzitsua, eta egitura horren azpian zeintzuk diren lortu nahi ditugun helburuak”.
Zuluetaren aburuz ere, orain egindako urratsak “eskualde gisa egituratzea ekarri beharko luke”. “Hau urrats bat da, baina derrigorrean atzetik urrats gehiago eskatuko ditu. Hurrena orain arte desegituratuta egon diren zerbitzuak egituratzea eta garapen agentzia sortzea litzateke. Izan ere, biztanle asko gara; eskualde inportantea osatzen dugu herriok, eta elkar osatzen dugu. Eskualdeko izaera hori landu beharra daukagu, eta lortu behar dugu kalitatezko zerbitzu eta eskaintza hori eskualdeko herritar guztiei maila berean heltzea”.
Alderdien akordioa
Alderdi politiko ezberdinen arteko akordioa erdietsi izanarekin ere pozik daude Zaballos, Pagola eta Zulueta. “Jakin dugu alderdi politikoen interesen gainetik herritarren interesa jartzen, eta hori da bidea. Herritarren interesak lehenetsiz gero, posible da ezberdinen arteko akordioa”. Oraingoz, hiru alderdik parte hartu duten akordioan, EH-Bilduk, EAJk eta PSE-EEk; baina egin beharreko bidean eskualdean dauden alderdi politiko guztiek egon behar dutela uste du Pagolak. “Kudeaketa batzorderako, adibidez, beste alderdietako ordezkariren bat ere aukeratu da, eta gehiago ere izan beharko dira. Izan ere, alderdi guztien arteko lanketa egin behar da honetan, alderdikeriak utzita”. Zuluetaren esanetan, hitzarmena lortzeko bidean, adostasunak eta desadostasunak egon dira: “Eta horrek guztiok behartu gaitu akordioak lortzeko borondatearekin aritzera. Beraz, hitzarmena bera garrantzitsua da, baina baita hona heltzeko egin dugun bidea eta izan dugun esperientzia ere”.
Leave a Reply