Danel Agirre
Mokoa nintzela, anaia zaharragoek egunkaria noiz askatuko zain ematen nituen bazkalosteak. Reaganen eta Gorbatxoven telefono gorria behingoz matxuratu izanaren itxaropenarekin arakatzen nituen azaleko izenburuak, egunero, hutsik egin gabe. Gerra nuklearra has zedin irrikan nengoen; aitak bilakatu ninduen horren liskarzale. Bonba erortzen zenerako garaje azpian bunker bat prest izango zuela hitzemana zigulako etxean.
Mokoa nintzela, harro nengoen oso nire aitaz, Musika plazako kioskoa hilabetean baino gutxiagoan eraiki zuelako, hasi eta buka. Urdaiazpikoen tamainako besondoak zituen, gihartsuak eta zailduak. Horrelako aita batek bunkerraren promesa beteko zuela ez nuen inongo zalantzarik.
Mokoa nintzela, gurearen alboko garajera hondartzako toldoak jasotzen zituzten negurako. Atea bortxatuta bertara sartzen ginen Aberri, Jurdan, Inaxio eta beste guztiok, kiribildutako toldoekin lubakiak altxatu eta amerikarren eta errusiarren pelikuletan bezala borrokatzeko. Aitaren bunkerreko bizitza lagunekin igarotako arratsalde horien gisakoa izango zela imajinatzen nuen nik, aitaren bunkerrean Aberri, Jurdan eta Inaxiorentzat tokirik izango ote genuen ziur ez banekien ere.
Nagusia naizela, benetako bunker nuklear bat bisitatu nuen lehengoan aitarekin. Mokoa nintzela okurritu ere egiten ez zitzaizkidan mila babeski eta tramankulurekin hornituta zegoen zuloa. Aitak bere promesa beteko zuela inongo zalantzarik sekula izan gabekorik nintzenez, kontuan hartu beharreko xehetasun horiek guztiak garaje azpiko gotorlekurako aurreikusiak ote zituen galdetu nion. Kanpotik ekar genezakeen kutsadura atomikoaz libratzeko deskontaminazio unitate bat. Bost metroko lodi behar duten berunezko hormak eta sabaia. Kanpoaldetik eskuratutako airea garbitzeko iragazkiak. Aireztatzeak eta beste guztiak etenaldirik ez izateko argindar sorgailuak. Erizaindegia. Urteetarako elikagaiak, latetan. Aitak kopeta ilundu eta ezetz onartu zidan, bere asmoa “zulo sinple bat egitea” baino ez zela. Hori ez litzateke bunker bat, hori hilobi bat litzateke, kexatzekotan egon nintzen ni, baina nahiago izan nuen kontua bere horretan laga.
Nagusia naizela, urdaiazpikoen tamainako besondoak ditu oraindik ere nire aitak, baina ez garai batekoak bezain gihartsu eta zailduak. Benetako bunker nuklearraren bisitatik irten ginenean, garaje azpian ezer egiteko gogorik ez zaiola geratzen ohartarazi zidan. Bonba erortzen bada, egongelako zabuan kulunkatzen harrapatuko omen du, lasai asko.
Nagusia naizela, nabigatzailea behin eta berriz freskatzen ematen ditut bazkalosteak, egunero, hutsik egin gabe. Putin, Erdogan eta Trumpen telefono gorria matxuratu ez izanaren itxaropenarekin arakatzen ditut webguneetako izenburuak. Gerra nuklearra has dadin inongo irrikarik ez dut. Mokoa nintzela uste nuenaren aurka, non ezkutaturik ez dudala izango badakidalako orain.
Leave a Reply