Aralarren magaleko gaintxo batean dago Gaintza, Goierrin. Herri koxkorra da, eta izenari ohore eginez, 432 metroko garaieran dago; ikuspegi zoragarria dago Goierriko zein Tolosaldeko eskualdeetara. Laurehun urte bete dira aurten hiribildu titulua eskuratu zuenetik, eta bereizi ziren 30 herrien artean, bizimodua eta herria bera gutxien aldatu direna izango da, beharbada. Inoizko biztanleria kopuru txikienarekin, historiaren joanarekin baino gehiago etorkizunarekin dago kezkatuta Gaintza: iraupenarekin.
Goierri barreneko inguruko herriak bezala, 1399tik 1615era Ordiziari txertatuta egon zen. XV. mende amaierakoak dira lehen aipamen idatziak. Ahaide nagusien gehiegikerietatik nolabait babesteko, hiri forudun eta gotortuaren altzora bildu zen. Herri lurren gaineko kontrola kontzejuak berak mantendu zuen, ordea. Hala, Enirio-Aralarko Mankomunitateko berezko kide da Gaintza, 1409tik. Larreen erabilera eta basoen ustiaketa eskubideen truke, urrezko 1.400 florin zituzten.
Bost kilometro koadro doi ditu Gaintzak, sailez. Herrigunea 20 bat etxek osatzen dute. Biztanleria murritza izan du, ia beti. Hiribildu bihurtu zenean, 1615ean, 140 bat biztanle zeuden. Auzotasun eskubidea zuten 35 etxek 684.375 beloizko marabedi ordaindu zuten. Administrazioa eta ordezkaritza bere gain hartzea garestiegi suertatu zitzaionez, urte berean Oria Ibaiko Batasunean sartu zen Gaintza, Ordiziatik aldendu ziren Arama, Legorreta, Altzaga eta Zaldibiarekin batera. 1856an desegin zen partzuergo hori.
Udaletxea eta agiriak erreta
Historia osatzeko garaian ere, txikia izatearen ahultasunaz gain, zoritxarra ere iritsi zitzaion. 1912ko abenduaren 14an udaletxea erre egin zen, eta herriaren agiritegi zaharra ia erabat kiskali zen. Beste erakunde batzuek idatzitakoek mantentzen dute Gaintzaren oroimena.
Errautsetatik ernatzen jakin izan du, ordea. Bi urte geroago eraiki zuten udaletxea. Iaz, udal eraikin berria inauguratu zuten Ostatu-Etxeberri zegoen orubean, San Migel egunean, Gaintzako festa buruan.
Azkeneko 30 urteak herria berritzeari eta herritarrak bertan bizi izateko baliabideak antolatzeari emanak ibili dira gaintzarrak. 1983an errepide berria eraiki zuten Larraitz aldera; 1985ean plaza berria, ur biltegia, On-Bide kultur elkartea eta pilotaleku estalia egin zituzten. Etxebizitza berriek osatu dute kalea, eta haur eskola irekitzea lortu dute.
Bizilekuaren bilgune kontzeptua oso barneratuta daukate. Hasiera-hasierako bizilagunek adina. Gaintzan apaiz izan zen Emeterio Sorazuk Gaintza. Kondairak, ohiturak, erlijiotasuna liburuan kontatzen duenez, Aralarpeko herrixkak aspaldikoak dira: “Gaintzako herria osatu aurretikoa dugu han dagoen San Martin ermita. Inguruko herriek ere oraindik hiri-nortasunik ez zutenean, ermita hau zuten inguruko parroki guztien bilkura eta erabaki lekua”.
Gaintza nola edo zeintzuk eratu zuten dioen kondaira bat ere jaso zuen: “Herriko zaharrenek diotenez, Gaintza herria bera inguruko auzune batzuetatik urrutien zeuden baserrietakoekin osatua izan behar du. Plazatik urrutien dauden baserri-etxeak honako herri hauen partaide izan zitezkeen: Abaltzisketa, Zaldibia, Altzagarate eta Baliarrain”.
Gainbeherari gain hartzen
Laurehun urteko historian, azkeneko mendean asko jaitsi da Gaintzaren biztanleria. Hala gogoratu du Santi Garmendia gaintzarrak, Historian lizentziaduna eta irakasle izanak: “XIX. mendean 300dik gora biztanle zeudela diote datuek. Bolada bat izan zen, 1960ko eta 70eko hamarkadetatik aurrera, izugarri jaitsi zena”. Industrializazioaren eraginez, baserriak hustu izanak kinka larriak ipini zuen Gaintza.
“Lehen, familiak oso-oso handiak ziren. Zortzi, hamar edo gehiagokoak agian. Horiek denak kanpora joan ziren, inguruko herrietara, lanera. Gaur egun, erabat nekazaritzan jarduten duena bat bakarra egongo da”, dio Garmendiak. Eta landa ingurua da erabat Gaintza. Industriarik ez du batere; zerbitzuak, bi jatetxe.
Biztanleria galera geratzea lortu dute, eta hamar bat urteotan “nolabaiteko susperraldi bat” izan du herriak. “Haur kopuru mordoxka bat badago, 0-3 urte bitartekoak bertan eskolatzen dira, baina hortik aurrera Ordiziara joaten dira”. Haur horientzat Gaintzan ekitaldiak antolatzen ahalegintzen da herria, etorkizunean lagunartea han egin dezaten. “Herri bizitasuna mantenduko baldin bada, gazte jendearen ingurutik atera behar da indarra. Hor ikusten dut etorkizuna”. Orain, balio dutenak hurrengo 400 urteak dira.
Leave a Reply