Gurtzarako eta biltzeko tokiak

Gipuzkoan dozenatik gora gunetan biltzen dira musulmanak errezorako: Eibarren, Elgoibarren, Arrasaten, Oñatin, Bergaran, Zumarragan, Villabonan, Tolosan, Errenterian, Irunen, Orion, Zumaian, Azkoitian… Meskita gisa dira ezagunak, baina batzuk kultur elkarte islamikoak dira.

Oriokoa 2007an inauguratu zuten. Aste barruan batik bat oriotarrak biltzen dira otoitzerako, baina musulmanek ostirala dute errezatzeko egun nagusia, eta orduan inguruko herrietatik etorritako musulmanak ere elkartzen dira Oriokoan: Aia, Zarautz, Getaria, Usurbil eta Lasartekoak. Horrez gain, astean hiru egunetan arabierako klaseak jasotzen dituzte haurrek.

“Herrietako bilgune edo meskita hauek musulmanon kulturako tokiak dira, eta gure seme-alabei arabiera irakasteko toki moduan ere erabiltzen ditugu. Euskaraz gainera arabiera jakitea ere garrantzitsua baita haurrentzat, gero aitona-amonekin komunikatzeko”, dio Elaouni Elghailani Orioko meskitako kideak.

Orioko meskita sortu zutenean ere bizilagunekin arazoak izan zituztela dio Elghailanik, baina gaur egun elkarbizitza ona dute. “Askotan bizilagunek ez dakite zer egiten dugun meskitetan, eta ezezaguna duten horrek kezka sortzen die. Guk ere hasieran izan genuen arazotxoren bat. Baina, behin zabaldutakoan, bakean bizi gara. Hasieran, meskita barrutik ezagutu nahi zuenarentzako ate irekien egun bat ere egin genuen”. Orioko kasuan ere, bizilagunek esaten zuten ez zela meskitarentzako toki egokiena: “Aparkaleku arazoa zegoela jarri zuten aitzakia orduan ere”.

Meskita baten funtzioa ez ezagutzeak sortzen ditu jendearengan zalantzak. Baina kultur aniztasuna herriarentzako aberatsa dela nabarmendu du oriotarrak: “Era guztietako jendea egoteak, kultur desberdinen elkarbizitzak herria aberasten du. Elkarrekin bizi eta elkar errespetatzea da herri bat aberats egiten dutena”.

Zumaiakoa da Gipuzkoako berrienetakoa; iaz inauguratu zuten. Kultur Zentro Islamiarreko kideek diotenez, herrian bada musulmanen komunitate bat, eta erlijioa praktikatzeko toki bat edukitzeko sortu zuten. Errezorako elkartzen dira, eta, horrez gain, hitzaldiak eta haurrentzako arabierako klaseak ematen dituzte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.