Eider Goenaga Lizaso
Beasainen lehen sektoreko azoka larunbatez egin zuten lehen aldiz, joan den astean. 101 urtez astearteetan soilik egin ondoren, hileko lehen larunbatean ere baserritarren azoka egitea sustatu du udalak, kontsumitzaile askorentzat errazagoa izango delakoan jai edukita azokara joatea. Izan ere, azken 30 urteetan kontsumitzailearen eta baserritar ekoizlearen arteko haustura handia izan dela dio Ainhoa Zabala Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioko azoken koordinatzaileak, eta horrek eragina izan duela azoketan zein baserritarren jarduera ekonomikoan, baina baita kontsumo ohituretan eta kontsumitzailearen ezagutzan eta balioetan ere.
“Askorentzat, giroa sortu, turismoa erakarri, eta herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko elementu bihurtu da azoka, eta katearen katebegi garrantzitsuena osatzen dutenak —lehen sektorea, baserritarrak eta produktua bera— desagertu egiten dira”. Azokak “folklorizatu” egiten direla dio Zabalak, eta irudi horri buelta eman behar zaiola. “Baserritarrak askotan erabiliak sentitu izan dira. Sortu izan dira azokak merkataritza aktibatzeko aitzakia hutsarekin, batere diskurtsorik gabe, azoka testuinguru batean jarri gabe, lehen sektoreari erreparatu gabe. Baina, azken finean, azoka sektore baten plazaratze bat da… eta sektore horri duintasuna itzuli behar zaio”.
Erdi Aroan, hiribilduak sortzearekin batera hasi ziren azokak egiten. “Baserritarrek herrira, plazara eramaten zituzten euren produktuak, eta herritarrentzat hori zen produktu freskoa erosteko modu bakarra”. Baina hori aldatu egin da; komertzializazio bide berriak sortu dira, beste ekoizle mota batzuk ere bai, barazkiak edozein tokitatik ekar daitezke egun batetik bestera… “Eta azoken ondoan, orain, supermerkatu handiak dauzkagu, eta horietan urteko edozein sasoitan edozein produktu topa dezake kontsumitzaileak. Horrek balioen krisi bat sortzen du, ezagutza krisi bat; ez dugulako ezagutzen zein den garaiko produktua, noiz kontsumitu, nola kontsumitu; galdu egin dugu gure kultura gastronomikoa, elikadura kultura bera”.
Tomateak neguan
Azokan erosteko ohitura ez duen kontsumitzaileak supermerkatuan aurkitzen duen edozer gauza eskatzen du azokan. “Neguan tomatea edo lekak eska ditzake, eta udan azalorea edo orburuak… Eta ez du ulertuko zergatik ez dauden, supermerkatuan badaudelako. Gure aitona-amonek garaian garaikoa jaten zuten, eta haien elikadurak bazuen zentzua: neguan sendoago jaten zuten, eta udan arinago. Hori erabat nahastu da”, dio Zabalak.
Eta, elikadura ohiturekin batera, sukaldean aritzeko ohitura ere galdu da. “Ez dakigu zer kozinatu eta nola kozinatu behar dugun. Gure aitona-amonen ezagutza ia erabat galdu da, eta hain tradizionalak genituen etxeko plater horiek gastronomiak bereganatu ditu, goi mailako plater bihurtzeko”. Euskal Herria gastronomia hainbeste goratzen den tokia izanik, sukaldari izardunen diskurtsoan bertako eta garaiko produktua goratzen dela dio Zabalak, baina kontsumitzaileari ez zaiola mezua behar bezala iristen. “Sukaldariak agente inportantea dira, eta diskurtsoa egokia da, baina hor eten bat gertatzen da: sukaldariak goratzen dira, baina produktuak eta ekoizleak pisua galtzen dute, argazkitik desagertzen dira. Sukaldariak, pintxoak eta delicatessen bihurtu diren betiko produktuak bakarrik gelditu zaizkigu argazki horretan”.
Zabalaren aburuz, baserritarrari eta produktuari merezi duten balioa eman behar zaie, kontsumitzaileak ere balora ditzan. “Azokan erosten denarekiko sentsibilitatea galdu egin da, eta produktuari behar duen garrantzia ematen ez bazaio, kontsumitzaileak ere ez dio emango, eta irudituko zaio gehiegi ordaintzen ari dela, azokan dagoen eskaintza oso txikia dela supermerkatuarekin alderatuta, eta, gainera, garestia dela”.
Horregatik, landa garapeneko elkarteak lanean ari dira baserritarraren lanari merezi duen duintasuna eskaintzeko, azoken inguruko sentsibilizazioa areagotzeko, kontsumo arduratsua sustatzeko eta tokiko produktuaren ezagutza zabaltzeko. Azokak, baserritarren ekoizpenaren erakusleiho eta saltoki diren neurrian, ezinbesteko jotzen ditu Zabalak. “Badirudi ez dugula kontuan hartzen azoken garrantzia. Baserritarrak azokan beti egon direnez, beti egongo direla iruditzen zaigu, ez dugu zalantzan jartzen. Baina, egun, azokako baserritarren profila emakumea eta adinekoa da, hein handi batean. Belaunaldi gazteak ere badauden arren, ezagutzari eta transmisioari balioa eman eta bermatu beharrean gaude, azoken iraunkortasuna ahalbidetu nahi badugu”.
Baserritarren azokak, garai batean, tamaina bateko herri gehienetan egiten zirela nabarmendu du Zabalak, baina orain herri askotan bestelako azoka bihurtu direla; baserritarren bat gelditzen da, agian, baina maindire, barruko arropa, kanpotik ekarritako fruta, oliba, etxeko tresna eta abarren artean galduta. “Baserritarren duintasunaz hitz egiten dudanean, ez dut esaten besteek duintasunik ez dutenik, ezta gutxiago ere; baina inportantea da bakoitzak bere tokia izatea, eta toki bakoitzean zein dagoen eta zein produktu eros daitekeen erraz identifikatzea. Supermerkatuetan gauzak sailkatuta egoten dira, eta azoketan ere bereizketa egitea komeni da”.
Hori azoka egiten duen herriko udalaren eskumena dela, eta, ondorioz, herri bakoitzak bere ezaugarrien arabera antolatu behar duela dio Zabalak. “Tolosan, plaza ezberdinetan daude baserritarren azoka eta beste azoka; Ordizian, adibidez, plaza berean daude, baina oso argi dago non dauden baserritarrak eta non dauden bestelako saltzaileak”. Horrez gain, baserritarrei kokapen on bat ematearen garrantzia ere azpimarratu du Landaolako ordezkariak, ez baita beti ematen. Udalak du horretan erabakia, eta Zabalarentzat “ezinbestekoa” da azoka antolatzen den herriko udalak konpromisoa hartzea, eta argi edukitzea zertarako nahi duen lehen sektoreko azoka bat.
Azokaren irizpideak
Landa garapenerako elkarteen federazioa lan handia egiten ari da azoken irizpideak argiak eta bateratuak izan daitezen, betiere sektorearen beharrak kontuan hartuta eta kontsumitzailearekiko gutxieneko baldintza eta betebeharrak finkatuta. “Identifikatua genuen ordenantza irizpide bateratuen beharra, eta landa garapenerako elkarteen aurtengo apustuetako bat irizpide horiek bateratzea da. Izan ere, udal batzuetan badaude ordenantzak, beste batzuetan ez, beste batzuek oso ordenantza zaharkituak dituzte eta egokitu behar dira”.
Irizpide horietan, eskaera batzuk udalari begirakoak dira; besteak beste, baserritarrei ematen zaien kokapenari eta atondu beharreko espazioari dagozkionak. “Osasun eta higiene arauak direla, irisgarritasun arauak direla, kokapena… Azokek, espazio bezala, behar dute berme bat”.
Beste irizpide batzuk ekoizle edo baserritarrei begirakoak dira. “Azokan bermatu beharra dago baserritar horrek esplotazio erregistro bat duela, gutxienez produktu horiek bere baserrikoak direla. Kontsumitzaileak jakin behar du zer erosten duen, eta bermatu behar zaio produktua bertakoa dela, esplotazio horretakoa dela, kalitatezkoa dela”. Azoketan ohikoa da, bere produktuak saltzen dituen ekoizleaz gain, besteen produktuak erosten dituzten birsaltzaileak egotea. “Batzuek baserriko produktuak saltzen dituzte, beste baserri batzuetakoak; baina badaude dendan produktuak erosi eta azokan saltzen dituztenak ere. Hori beti egon da azoketan, eta mantentzen da. Birsaltzaileen kopurua mugatzea eta horien kontrola egitea garrantzitsua da. Bestela, azokarako ohitura ez duen kontsumitzaileak eros dezake produktu bat, baserrikoa dela pentsatuz, eta ez da horrela”. Horretan, berriro ere, erregistro eta ikuskaritzen beharra aipatu du Zabalak. “Eta hori ez da udalaren eskumena, foru aldundiena eta Eusko Jaurlaritzarena baizik”.
Irizpide horiek maiztasun jakineko azokak dituzten herrietarako dira baliagarriak. “Baina, edozein herritan, noizbehinka antolatzen diren azoketan ere kontuan hartu beharko lirateke. Garrantzitsua litzateke azoka bat antolatzeko ideia duen edonork irizpide hauek kontuan hartuko balitu. Gero, noski, bakoitzak egokitu beharko ditu irizpideak bere ezaugarrietara”.
Landa garapenerako elkarteek bi norabidetan lan egiten dute: batetik, udalari begira, beraiek baitira erreferentzia eta aholku emaile udalentzat; eta, bestetik, baserritarrei begira. Azokak baserritarrekin elkarlanean, haien iritzia entzunda eta haiek erabaki guneetan partaide izanda kudeatu behar direla uste du Zabalak. Ildo horretan, Tolosako adibidea ipini du Zabalak. “Udalaren eta Tolomendi landa garapenerako elkartearen arteko hitzarmenaren bidez kudeatzen da azoka, baina, iaz, saltzaile, ekoizle eta baserritarren arteko elkarte bat sortu zen, eta zuzendaritza batzorde bat eratu zen hiruren partaidetzarekin. Denetariko gaiak lantzen dira, eta baserritarren iritzia kontuan hartzen da edozein erabaki hartzeko garaian”.
Landa garapenerako elkarteen lehentasuna egun dauden azokak “ondo bideratzea eta indartzea” dela dio Zabalak, eta, horretarako, azokaren inguruan mugitzen diren eragile guztien sentsibilizazioa eta elkarlana ezinbesteko jo ditu: bai administrazioak, baina baita ere kontsumitzaileak, ikastetxeak eta, noski, herriko merkatari eta ostalariak.
Leave a Reply