Berreraikitzeko eskuak

Berreraikitzeko eskuak

Maite Alustiza

Etxe bihurtzen den harresi batekin irudikatu du GuraSOS taldeak egin beharreko bidea: “Gizarte gisa erronka bat dugu. Boterearen gaztelua inguratzen duen harresia, herritarrekiko mesfidantzaren harresia, harriz harri eta pazientziaz desegitea eta harri horiekin beroiekin guztiontzako etxe bat eraikitzea, leiho eta ate irekiak dituena”. Horretarako “esku asko” behar direnez, igandean GuraSOSek antolatutako manifestaziora batzeko deia egin du Joseba Belaustegi taldeko kide eta abokatuak. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak, aldiz, aste honetan jakinarazi du Zubietako erraustegia egiteko lanak gehienez ere hilabete eta erdi barru hasiko direla.

Donostiako Artzain Onaren katedraletik abiatuko da martxa, 12:00etan, eta Bulebarrean amaituko da. Manifestazio isila izango da, baina mezua eramango du: GuraSOSen bide orria irudikatuko dute lau pankarta koloretsuren bidez. “Irtenbide adostu bat” aldarrikatuko dute hondakinen kudeaketarentzat, babesa agertu dieten esparru ugaritako lagunekin batera.

GuraSOSen bi eskari bota berri ditu atzera EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Belaustegik argitu duenez, ordea, oraindik epaitegiek ez dute helegiterik erabaki: “Demandak erabaki bitartean guk kautelaz bertan behera uzteko eskatzen genuen, eta hori da orain arte erabaki dutena. Mamiari buruz ez dute ezer erabaki, ezta lehenengo instantzian ere”.

Auzitegietako bideak zabalik jarraitzen du, baina, hortik aparte, GuraSOSeko kideek ezinbesteko jotzen dute herritarren konfiantza: “Guk zulo bat ikusten dugu hor. Parte hartzea ukatuz mesfidantza sortzen ari da gizartean; guk gure toki nahi dugu, informazioa, eztabaida eta adostasuna”. Belaustegik dioenez, auzia luze doa, jendea “nazkatuta” dago liskarrekin, eta gizarteak adostasuna nahi duela uste du: “Ez da bakarrik lege kontu bat, ez da bakarrik herritarren parte hartzeko eskubidea, baizik eta gizartearen nahi bat da, behingoz hau ondo buka dadin. Gizarteak dauka honen giltza, eta erabakiko du azkenean”.

GuraSOSek diputazioari “hainbat aldiz” eskatu dio bilera formalki, baita publikoki ere, eta igandean gauza bera egingo dute: “Ez dugu esan nahi guk gizarte osoa ordezkatzen dugunik, inolaz ere ez, baina gizartearen zati bat gara, eta gizarte bat nahi dugu. Horregatik bakarrik uste dugu aintzat hartu behar gaituztela eta gurekin bildu, elkarrizketari eta adostasunari aukera bat eman”. Itxaropentsu agertu da Belaustegi GuraSOSek aurkeztutako bide orriak geroz eta babes handiagoa duela ikusita: “Pozgarria da lortzea aniztasun hori eta adostasunerako asmo hori. Parte hartze hau eta ilusio hau lortzeak esan nahi du gure mezuak badaukala gizartean leku bat. Batez ere gizarteak benetan berea eskatzen duenean, hori geldiezina da”.

Guraso taldearen ildotik, Lasarte-Oriako Landaberri ikastolako hainbat irakaslek euren kezka plazaratuko dute gaur, 13:15ean, Donostiako Hezkuntza ordezkaritzan. Jarraian, agiri bat aurkeztuko dute ordezkaritzaren egoitzan.

Hilabete eta erdiko epea

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak aste honetan jakinarazi du Zubietako erraustegiaren “prozesu administratiboak” aurrera jarraitzen duela. Erraustegiaren lizitazio prozesuan parte hartu duten enpresek ez dute helegiterik jarri —hurrengo astean bukatuko da helegiteak aurkezteko epea—, eta, halakorik ez bada, gehienez hilabete eta erdi barru hasiko dira obrak.

EAEko Auzitegi Nagusiaren azken bi erabakiak jakin ondoren, diputazioko ordezkarien jokaera salatu zuen guraso elkarteak. Haren arabera, “botere erakustaldi bat” egin dute: “Auzitegien eta legearen gainetik jarri dute bere burua, eta epaiak zeintzuk izango diren ere aurreratu dute”. Ildo horretatik, errespetua, gardentasuna eta zintzo jokatzea eskatu du Belaustegik: “Ereduak jartzen direnean mahai gainean, eredu osoak jarri behar dira. Suedia jartzen dugunean erraustegi modernoaren eredu bezala, guk nahi dugu Suediako gizartea, Suediako demokrazia maila, Suediako agintarien gardentasuna… Ados gaude, iparraldea da eredua, baina denetarako”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.