Ariane Vierbücher
Murumendi mendiaren magalean dago Itsasondo, Goierri eskualdean. Gipuzkoaren barren-barrenean. Udalerriaren izenaren inguruan oso teoria desberdinak daude. Gaur egun baserria den Itsasaga izeneko dorre bat zegoen Itsasondon, eta batzuek diote herriaren izena hortik datorrela.
Beste batzuek kontatzen dute Murumendi aldean batez ere isatsa izeneko landarea dela ugari, eta hortik datorkiola. Kantauri itsasertzean beste inon ez bezala, berezkoa da isats landarea Goierriko udalerri horretan. Baliteke horregatik batek baino gehiagok uste izatea garai batean Itsasondo itsasoaren ondoan zegoela, eta izena hirugarren teoria horregatik duela. Baina hiruren artean pisu gutxien duena da hori. Halere, egia da eguraldi garbia dagoenean Murumendiko puntatik itsasoa ederki asko ikusten dela.
Iparraldetik, Bidania eta Beizamarekin egiten du muga; ekialdetik, Legorreta eta Altzagarekin; hegoaldetik, Arama eta Ordiziarekin; eta, mendebaldetik, Beasainekin. Inguruan dituen herri horietako batzuekin, muga egite hutsetik harago, bestelako lotura ere izan du. Izan ere, Asier Garro Itsasondoko alkateak adierazitakoaren arabera, 1615. urte aldera erosi zion hiribildu titulua Itsasondok Errege Ogasunari, 1399az geroztik Ordizia hiribilduari loturik egon ondoren. Horixe da herriari buruz dagoen lehen agiri berria. Jauntxo feudalek egin zitzaketen gehiegikerien aurrean babesa ematen zien herritarrei agiri horrek; horrez gain, besteak beste, berezko administrazio ekonomikoari eta lurren ingurukoei eusten zien herriak, agiriari esker. 1615ean, Oria ibaiko batura osatu zuen, Arama, Gaintza, Legorreta, Altzaga eta Zaldibiarekin batera. 1845ean hautsi zen batura hori. 1966ko otsailaren 5ean, barrutia txikia zela eta dirua urri zuela argudiatuta, Itsasondoko udalerriari batzeko eskatu zion Altzagak. 1967an onetsi zuten eskaera. Baina, 1990etik, berriro bi udalerri dira Altzaga eta Itsasondo.
Bi zati nagusitan bereizten da herria. N-1 errepide zaharraren bi aldeetara hedatzen den herrigunea da gehien ezagutzen dena. Horrez gain, sakabanatutako baserri ugari daude herrigunetik gora. XX. mendeko eraikinak dira nagusi herrigunean. Jasokundeko parrokia eliza da herriko eraikin garrantzitsuenetako bat; Erdi Aroko eraikina da berez, baina gaur egun duen itxura XVI. mendean egin ziren zabalkuntza lanen ondorioa da.
Meategien ondarea
Arbel harri ugari dagoen lur eremu zabalen jabe da Itsasondo. Horixe da herriaren ezaugarri nagusietako bat. Iraganean, “lur eremu horien ustiapenak garrantzi handia izan zuen herriaren garapenean”. Meategi ugari zeuden herrian, eta arbel harria ateratzen zuten haietatik. 1856an Ferrocarril del Norte enpresaren lehenengo memoria eta aurrekontua idatzi zenean ezagutu zen; izan ere, lurraren azterketa geologiko bat egin zen, eta horri esker jakin ahal izan zuten hareharriak zeudela Telleriarten, burdina Zerain-Mutiloan eta arbela Itsasondon. “Nekazaritzari ez ezik, arbela erauzteari eta eraldatzeari ere ekin zitzaion momentu horretatik aurrera”, Asier Garro Itsasondoko alkateak adierazi bezala.
Egun, meategi zuloen irteerak ikus daitezke. Horrez gain, lan horren beste hainbat arrasto aurki daitezke herrian: “Etxe askotako teilatuak arbelezkoak dira”. 1970ean itxi zituzten arbeltegiak. Horrek erabateko aldaketa ekarri zuen herriko bizimoduan eta ekonomian. Bihar, Itsasondoko herriak barne hartzen duen paisaiaren ondarea eta herriaren iragana ezagutzeko aukera “aparta” izango da, Ondartez taldeko kide baten azalpenei esker. Herriko plazan elkartuko dira, 10:00etan. Parte hartu nahi duenak aldez aurretik izena ematea komeni da. Horretarako, Kaxintane tabernara edo Lurdesen dendara joan beharko dute interesatuek.
Herri txikiek badute bere xarma, eta badirudi Itsasondoren kasuan ere horrela dela. Alkateak emandako datuen arabera, abenduaren 31n 648 biztanle zeuden erroldatuta. Horietako 28 joan den urtean erroldatu ziren Itsasondon, eta “kanpotik etorritako biztanleak dira, gehienak atzerritik etorritakoak, euskaldunen bat ere tartean badagoen arren”.
Udaleko Ongizate Batzordeak, datu horiek ikusita, Harrera Eguna antolatu zuen. Kanpotik Itsasondora iritsitako pertsona horiei ongietorria eman nahi zieten, eta, bide batez, herria bera eta herriak eskaintzen dizkien zerbitzuak iritsi berriei aurkezteko modua izan zen.
Horretarako, udaletxean elkartu ziren, azaroaren 15ean, eta eragile ezberdinen aurkezpenak egin zituzten. Herriko baliabide gida banatu zieten, eta herriko funtzionamenduaren inguruko informazioa eman zieten. Amaitzeko, udaletxeko instalazioak nahiz herriko hainbat txoko ezagutzeko aukera izan zuten.
Harrera Egunaren helburua, Garrok esandakoaren arabera, “elkar ezagutzea da”. Udalaren asmoa da “herritar berriei informazio baliagarria eskaintzea, eta, bide batez, euren iritzi nahiz eskaerak jasotzea”. Bestalde, integrazio lan bat egin nahi dute Harrera Egunarekin, eta herrian antolatzen diren ekintzetan parte hartzea sustatu nahi dute; batzordeetan edota jaietan, besteak beste, “lehendik ere indartsua zen herri mugimendua indartzeko”.
Leave a Reply