Danel Agirre
Lantokian sarri mozkortu ohi naiz, eta ahal dudan guztietan txortan ere egiten dut bertan. Zer erremedio. Horrenbeste ordu pasatu ohi ditut bulegoan, bazkaltzera bakarrik ez, egunero afaltzera eta gosaltzera geratu behar izaten baitut. Egongela dudalako enpresaren egoitza, etxetik ari den autonomoa naiz. Nire bizimoduagatik inbidia gorria didate inguruko guztiek, baina ez dakite ondo zein erratuta dauden. Izan ere, atsedenik gabe gurpilari bueltaka dabilen hamster autistaren antza du nire egunerokoak, eta ez bere ordutegia nahierara diseinatzen duen profesional liberalarena.
Ekonomialari, iragarle, analista eta ohiko beste gangsterrak entzun/irakurriko zenituen dagoeneko, laugarren industria-iraultza omen den digitalizazioa goratzen. Ni bezalako koitaduak engainatzen dabiltza hura probatu, perfekzionatu eta ondoren guztioi inposatzeko. Askatasuna erabili dute amu moduan. Gure bizitza guk gobernatu, eta nahi badugu arratsaldeko hiruretan zinemara joan ahal izango dugulako promesa. Digitalizazioa iruzur arriskutsua da, baina: gaizki mozorrotutako esklabotza. Pantaila bat dugun toki guztietan lana sartu ahalko den zirrikitu bat izango dugula esan nahi du. Ihesbiderik ez dago.
Hain da makurra asmakizun hau, ugazabarik ez baita behar inor kontrolatzeko. Beharginaren beldurra da deskonektatu ezinda mantentzen duena. Lana modu irregularrean, edozein ordutan, abisurik gabe iristen da egongelara. Mandatuak galdu edo beranduegi jasotzearen ikarak jota, pantailari kateatuta bizi gara autonomiarik batere gabeko autonomoak. Etxean lanean hasi nintzenetik, ez naiz sekula arratsaldeko hiruretan zinemara joan. Alabaina, e-mailak gaueko hamaiketan edo esnatu bezain pronto erantzutea ekidin ezinezko errutina bilakatu zait.
Coach, aholkulari eta ohiko beste gangsterren aholkuak entzun, eta neure buruari lantoki tradizional bateko ordutegiak ezartzen saiatu naiz. Egunean konplitu beharrekoen zerrenda bat idatzi, eta horiek betetakoan pantailak ahaztu beharko nituzkeela badakit. Ezinezkoa suertatzen da hori, ordea, ia sosik gabe, datorren hileko alokairua ordaintzeko beste behin kreditu txartelak erabili beharko dituzun susmoarekin bazaude.
Joan den astean, nire gisako autonomoek auzoan partekatzen duten coworking bulego batean izan nintzen, informazio eske. Pantaila etxetik atera eta bertan ipinita, bizitza normalizatzea lortzen omen dute profesional liberalek, bikain diseinatutako triptikoan irakurri nuenez. Lana egin beharraren kondenak izan dezakeen aringarri bakarra jendea ezagutzea da. Hori ere berreskuratzen da coworking gune horietan, triptikoko testigantzen arabera. Ordenagailua egongelatik kendu eta hara eramatearekin amets egin, eta kudeatzaileari mahai bat erabiltzea hilero zenbat kostatzen den galdegin nion, triptikoan “Prezio bikaina!” bakarrik ipintzen zuelako. Nire diru-sarreren erdia edo bazen kuota, eta etxetik jarraitzen dut lanean. Supermerkatura bidean, egunero pasatzen naiz coworking bulegotik. Prezio bikaina! ordaindu ahal duten autonomo irribarretsuak ikusten ditut leihotik. Digitalizazioa iruzur arriskutsua da, baina ni, gainera, zerbait oso gaizki egiten ari naiz.
Leave a Reply