Miriam Luki
Legazpiko Musika Banda 1867. urtean osatu zuten lehenengoz. Aurtengoa, tartean izandako etenen gorabeheran, bandaren 150. urteurrena da. Hastapenetako banda hark jai nagusietan zein berezietan jotzen zuen, eta kontzertu bakoitzeko pitxer bat ardo eta lau librako ogi bat ematen zieten ordainsari gisa. Hiru urtez aritu ziren, baina beste karlista gerra baten eztandaren beldurrak jota, taldea desegin zuten, eta musikari batek baino gehiagok Amerikara emigratu zuen. Bigarren saiakera bat egon zen 1907an, baina kale egin zuen. 1931n beste ahalegin bat egin zuten, eta hark arrakasta izan zuen. Sorrera hura zuzenean lotuta dago Legazpi herriaren industrializazioarekin.
1931. urtean, langile uholdea iritsi zen Legazpira, Patricio Etxeberriaren lantegiaren hazkundearen karietara. Jose Mari Urzelai kazetari eta ikerle legazpiarrak adierazi duenez, “fabrikan altzairua egiten hasi ziren, eta Araiatik [Araba] nahiz Beasaindik nahikotxo jende etorri zen, arlo horretan ongi trebatutako langileak baitziren”. Araiatik etorritako hainbat langilek txaranga bat sortu zuten lehenengo, eta egungo bandaren ernamuina hurrengo. Lehenengo banda 1932. urtean osatu zuten. Egun, Legazpiko Musika Bandak lotura estua dauka Araiako bandarekin.
Urzelaik Musika eta musikari legazpiarrak XX. mendean liburua argitaratu zuen 2005. urtean. Liburuan, besteak beste, bandaren ibilbidea aletu zuen. “Legazpin musikari asko izateko zortea izan dugu. Aspaldian etenik gabe aritu diren taldeak ditugu herrian”.
Urzelairen liburuan jasota daude aipatutako ordainsarien nolakotasuna, Araiako musikariek osatutako bandako kideek Gasteizko Casa Carrion saltokian erosi zituztela lehenengo musika tresnak, edota Julio Alustiza bandako kideak akademia antzeko bat jarri zuela martxan eta, hari esker, 1933. urtean beste musikari batzuk sartu ahal izan zirela taldean.
1934an, Legazpiko Udalak bandaren arautegia egitea erabaki zuen, eta, hainbat herritako arautegia aztertu ondoren, Zestoako arautegia hartu zuen oinarri. Musikariak kategoriatan sailkatzea eskatzen zuen arautegiak, eta azterketa bidez zehaztea erabaki zuen udalbatzak. Orduan arazoak; udalak tinko eutsi zion erabakiari, eta musikari batzuek banda utzi zuten, haserre.
Txapelen koloreak
Haserreek ez zuten banda desegin; 36ko gerrak bai, ordea. 1941. urtera arte ez zen banda berria osatuko. Jose Maria Gorrotxategik zuzendari lanak bere gain hartu zituen —Zestoako bandako zuzendaria izandakoa zen—. Urzelaik azaldu duenez, “diktadura garaia zen, eta gobernadorea agertu zen batean, bandako musikariak txapel urdina jarrita ikusi zituen. Berehala, txapel gorria jar zezaten agindu zien”. 1947ko argazkietan, zuri-beltzean, txapela jantzita agertzen dira musikariak; zein koloretakoak ziren ez dago jakiterik.
Gorrotxategi zuzendariak bete zuen musika bandaren loraldiko etapa. Urzelairen hitzetan, bandak 1940ko zein 1950eko hamarkadetan eta 1960ko hamarraldiko hasierara arte, hainbat funtzio bete zituen; besteak beste, “kontzertuak, kalejirak, festak alaitzea eta udalbatzari laguntzea jaiegun berezietan”. Dantzaldiak, Legazpin, hamabostean behin egiten ziren, eta estu lotuta zeuden futbol denboraldiarekin, hura amaitzeaz batera eteten baitzituzten.
1960ko hamarkadan, gizarte ereduaren aldaketa Legazpira iritsi, eta gazte jendeak dantzaldietan parte hartzeari utzi zion. Banda garai berrietara egokitzen saiatu zen arren, 1976. urtean desegin egin zen, ofizialki, baina ez zion utzi kontzertuak egiteari.
Gorrotxategik 1988ra arte bete zituen zuzendari lanak. Lekukoa Ramon Esnaola urretxuarrak hartu zion, eta Esnaolari Jesus Castillejosek, 1995ean. Castillejosen aita Legazpira lan egitera iritsitako langile horietako bat izan zen; langilea eta musikaria, tronboia jotzen zuen, hain zuzen, eta bandako partaidea izan zen. Castillejos semeak, horrenbestez, musikarekiko zaletasuna berezkoa duen arren, transmitituta ere jaso du. 21 urterekin hasi zen banda zuzentzen, eta, egun ere, 76 kidek osatutako taldea gidatzen du oraindik. “Banda gaztea da, batez beste 22 urteren inguruan ibiliko gara. Musikari langileak dira, gogotsuak, gozatu egiten dute jotzen, eta nork bere buruari kalitatea eskatzen dio. Ezin gehiago eskatu”, dio Castillejos zuzendariak.
Legazpitik Vienara
Aurreko bandekin alderatuta, musika tresna gehiago eta, oro har, “denetarik gehiago” dutela dio: “1980ko urteetara arte, gizonezkoek baino ez zuten banda osatzen. Ni bandako kide nintzela sartu zen lehenengo neska, Karmele Tejedor flauta jotzailea. Egun, nahikotxo parekidea da gure banda”.
Bandan denetatik jotzen dutela dio Castillejosek. Musika kultu deitzen dio klasikoari; “izan ere, ez al dira klasikoak Dire Straits eta AC/DC?”. Musika sentsazioak direla dio, “uhinek gorputzaren kontra egiten duten hori sentitzea da musika. Musika kultuak oso ongi landu zuen”. Maisutzat ditu Beethoven, Wagner eta Mozart; batez ere, Mozart.
Bandaren urteurrena hainbat kontzertu berezirekin ospatuko dute. Esate baterako, Legazpin Patricio Etxeberriaren garaian eraikitako langile auzo batzuetan joko dute lehenengo aldiz. Bandako musikarientzat, hala ere, egitasmo bereziena beharbada uda partean Vienara (Austria) egingo duten bidaia da. Mozarten estatuaren azpian Legazpiko ereserkia joko dute, eta, beharrezko baimenak lortuz gero, kalejira egingo dute Vienako kaleetan.
Leave a Reply