330 kilometro “ikusgarri”

Uztaila iritsi eta Ehunmiliak lasterketaren inguruan berriak entzuten hastean, asko uzkurtu egiten dira korrikalariek 168 kilometro egin beharko dituztela pentsatze hutsarekin, mendian gora eta behera. Lasterketa luzeagoak ere badira, ordea, munduan. Italiako Alpeetan, esaterako, Tor Des Geants mendi lasterketa egingo dute igandean, 330 kilometrokoa. Aurten ere hainbat gipuzkoar izango dira lasterketan: besteak beste, Klaudio Rezola andoaindarra eta Carlos Moran zegamarra.

Mendiko korrikalarien artean lasterketa oso ezaguna da Tor Des Geants, eta prestigiotsua. Ez, ordea, luzeragatik bakarrik. Ibilbidearen desnibela ere esanguratsua da: 24.000 metro. Eta zailtasun teknikoa, parte hartu duten korrikalarien arabera, oso handia.

2010ean hasi ziren lasterketa egiten, Italiako Aosta eskualdean. Hain zuzen ere, eskualdeko boluntarioen artean ateratzen dute aurrera; hiru egunetik gora irauten du. Parte hartzaileak, berriz, mundu osotik joaten dira, baita Gipuzkoatik ere. Hain zuzen ere, Iker Karrera amezketarrak dauka lasterketako errekorra: 70 ordu eta 21 minutuan egin zuen ibilbidea 2013an.

Beteranoak dira Rezola eta Moran. “Lasterketa honetako parte hartzaile gehienak dira beteranoak”, argitu du Rezolak. Dagoeneko bi aldiz parte hartu du lasterketan, eta hitz bakarra nahikoa du proba definitzeko: “Ikusgarria”. Ibilbidean ikusten diren paisaiak “ikaragarriak” direla dio.

Dena den, Rezolak ez luke Tor Des Geants lasterketa modura definituko. “Nik zeharkaldia deituko nioke”. Kontuan izan behar da errekorra 70 ordu dela, hau da, hiru egun. Gehienek, ordea, lau egunetik gora behar izaten dituzte metara iristeko. “Horrek oso proba berezia egiten du. Ez da hainbeste beste batzuei irabazteko egiten duzun lasterketa bat, baizik eta zeure buruarekin duzun zerbait”.

Parte hartu duen bi aldietan bronkitisa harrapatu du, eta berriro halakorik ez gertatzea da aurten duen erronka nagusia. Denborari dagokionez, berriz, 110 orduan amaitzea gustatuko litzaioke —118 orduko denbora du egina—. Bi aldiz parte hartu izanaren esperientzia izango du lagun. Carlos Moran zegamarrak, bestalde, lehenengo aldiz parte hartuko du lasterketan, eta gogoz dago. “Halako proba batean parte hartzeko, oso mentalizatuta eta motibatuta egon behar da, eta, aldi berean, burua hotz mantentzen jakin behar da”.

Rezolak baino gorago jarri dio Moranek erronka bere buruari: 90 orduren buruan zeharkatu nahi du meta. Dena den, Moranek ez du inoiz halako lasterketa luze batean parte hartu, eta ez daki gorputzak nola erantzungo dion. 170 kilometro inguruko probetan lehiatu izan da, baina ez luzeagoetan. Beldurrik handiena, ordea, ez dio distantziari, hotzari baizik. “Ni, berriz, hotzarekin ongi moldatzen naiz”, adierazi du Rezolak. Azken finean, ez dago baldintza ezin hoberik: bakoitzak ezagutu behar du bere gorputza, eta burua.

Gakoa: indarra dosifikatzea

Burua erabiltzea eta indarra dosifikatzea da, Rezolaren hitzetan, proba amaitzeko gakoa. “330 kilometro aurrean dituzunean, ezin duzu ziztu batean hasi, bukaerarako erori egingo baitzara”. Dioenez, hobe da poliki hasi eta progresio esanguratsuak egitea. Rezolaren esanetan, beteranoen denborak begiratu besterik ez dago horretaz konturatzeko: “Beteranoak atzetik hasten dira, baina poliki-poliki aurreratuz joaten dira, eta posizio onean amaitzen dute; gazte asko, berriz, ziztuan hasten dira, eta bukaeran behera egiten dute”.

Halako lasterketetan, lo egitea ere ezinbestekoa izaten da. Moranen esanetan, bakoitzaren indarberritzeko gaitasunak zeresan handia du hor. “Batzuk oso azkar indarberritzen dira, eta lo ordu gutxiago behar dituzte; beste batzuek, ordea, denbora gehiago behar dute indarberritzeko”. Rezolari ere deskantsua beharrezkoa dela erakutsi dio bi urtetako esperientziak: “Lehenengo urtean batere lorik egin gabe egin nituen lehenengo 165 kilometroak, eta gero ordaindu egin behar izan nuen hori”. Aurten 70 kilometrotik behin bi orduz lo egiteko asmoa du, gutxi gorabehera.

Ibilbidea bera ikusgarria izateaz gain, antolakuntza ere “oso ona” dela nabarmendu du Rezolak. “Boluntarioen lana ikaragarria da; pentsa lau egunetik gorako lasterketa baterako zenbat boluntario behar diren eta nolako lana egin behar den”. Aostako eskualde osoak laguntzen du lasterketan, dena ongi atera dadin, eta korrikalari bakoitzeko bost boluntario izaten dira.

Igande goizean hasiko dute lasterketa Rezolak eta Moranek. Amaitu, berriz, ezin jakin noiz amaituko duten. Hori bai, iritsitakoan, pozez zeharkatuko dute meta, Rezolak hirugarrenez, eta Moranek lehenengo aldiz. “Ni, egia esan, ez naiz oso euforikoa, eta lasai zeharkatzen dut meta, baina jende ugari ikusten dut oso hunkituta amaitzen duenean”, esan du Rezolak. Ez da gutxiagorako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.