Orain 178 urte, 1837ko irailaren 14an zehazki, Andoaingo herriak bere historiako pasarte gogorrenetako bat bizi izan zuen. Lehen Karlistaldia zen, eta egun horretan gertatutakoa gogora ekarriko dute bihar Andoaingo kaleetan, antzezpen baten bitartez. Jon Unanue egitasmoaren zuzendariak azaldu ditu ibilbidearen nondik norakoak.
Andoaingo Gudua, 1837 izena jarri diote egitasmoari. 17:15ean hasita, bi abiapuntu izango ditu: karlisten gudarostea Zumea plazatik abiatuko da ordu horretan, eta liberalen gudarostea, Goikoplazatik. Bi gudarostek Gurutze Santuko zubira joko dute, han izan baitzen karlistek egin zuten azken eraso kolpea. Talde bakoitza bere musika eta abestiekin joango da zubira, eta han elkartuko dira borrokaldia antzezteko, 18:00ak inguruan.
Antzezpenak elizan eta Goikoplazan jarraituko du. “Zubian hasi zen liberalen galera, eta atzeraka joan ziren liberalak; gehienak ihesi Hernani aldera”. Unanuek dioenez, ihesaldi horretan liberalen gudarosteko ingeles eta irlandar askok babesa hartu zuten elizan, bere burua salbu izango zelakoan. “Karlistak eta herritarrak iritsi zirenean elizara, liberalak errenditu egin ziren. Aterarazi zituzten elizatik, eta horrekin batera denak garbitu zituzten, 800 liberal inguru. Sekulako hilketa izan zen”.
Liberal gudarostea, gehienak kanpotarrak —britaniar legioko kideak eta espainolak—, irailaren 8an iritsi zen Andoainera, Hernanitik abiatuta. “Kanpotarrak izanik, ez ziren fio inguruko herritarrekin, eta Andoainerako bidean topatu zuten guztia erre egin zuten. Andoainen 51 baserri erre zituzten, eta Urnieta herria ia desagerrarazi zuten, bost etxe bakarrik utziz. Izugarrizko sarraskia izan zen”.
Baserri horietatik ihesi joandako andoaindarrek eta urnietarrek babesa ibaiaren bestaldean topatu zuten, karlistekin. “Hauen kontraerasoa hasi zenean, herritar horiek karlisten atzean zeuden, laguntzeko prest. Erasoa jotzerakoan, herritar horiek guztiak amorrazioz zeuden, eta ez zuten barkatu”. Hori horrela, egitasmoaren bultzatzaileentzat ezinbestekoa da azaltzea ingelesak-eta nola ibili izan ziren aurretik: “Bestela, badirudi irailaren 14an andoaindar horiek guztiak burutik jota zeudela, karlistekin batera ia 800 lagun garbitu baitzituzten”.
Estreinaldia
Unanuek argi utzi nahi du antzezpenarekin ez dutela 800 liberalen hilketa ospatzen. “Guk egiten duguna da gure historian garrantzi ikaragarria izan duen gertakari bat gogora ekarri, guretzat gaur egun ere zer irakatsi ugari duena. Herriaren oroimena suspertzea da asmoa, eta Andoaingo herriak, Gipuzkoak eta Euskal Herriak ezagutzea zer izan zen Lehen Karlistaldia eta haren zirkunstantziak”. Pedagogia egin nahi dute gerraren gainean eta uzten dituen ondorio guztien gainean: “Andoainen 800 hildako izan ziren, eta mende erdi baterako miseria”.
Gudua gertatu zen garai historikoa ere nabarmendu du Unanuek: “Kontuan hartu behar da, burujabetasunaz asko hitz egiten den garai honetan, inoiz foru sistemaren bidez izandako burujabetasuna galdu zutela Lehen Karlistaldian”.
Orain bi urte egin zuten antzezpenaren aurrestreinaldia, eta ikusleen aldetik arrakasta handia izan zuen. Biharkoa estreinaldi moduan hartu dute, kontuan hartuta aurten 400 urte bete direla Andoain hiribildu moduan jaio zela. “Aurtengoarekin ikusi nahi dugu ekimena finkatzeko aukerarik ba ote dagoen”.
Manuel Larramendi Kultur Bazkuna da egitasmoaren bultzatzailea, eta hainbat talde eta eragile ari dira antolakuntzan parte hartzen. Antzezpenean 150 pertsona inguru izango dira. Antzezlanak lan handia eskatzen duela dio Unanuek, eta garai hartako trajeak jostea eta armak eskuratzea nabarmendu ditu egindako esfortzu horren lekuko.
Leave a Reply