Herenegun 65 urte bete ziren Arantzazuko basilika berriaren lehen harria jarri zutela, Arantzazuko Amaren egunaren aitzakian. Orain dela 60 urteko abuztuaren 20an, berriz, lehen meza eman zuten bukatu gabe zegoen basilika hartan. Sei hamarkada geroago, Arantzazuko frantziskotarrek, Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur fundazioak basilika eraiki zuten arkitektoak omenduko dituzte: Francisco Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorga. Madrilgo Arkitektoen Elkargoko kideak biak, haiek irabazi zuten, 1950eko apirilean, basilikaren diseinua egiteko lehiaketa.
Frankismo zurrunenean, inolako askatasunik eta eskubiderik gabeko urte haietan, Francoren erregimenak bere aurpegia nolabait zuritzeko beharra sentitu zuen. Nazioartetik zabalpen bat eskatzen zioten diktadoreari —Espainia Nazio Batuen Erakundean sartzekotan zen, eta AEBekin akordioa egina zuen Francisco Francok horretarako—. Aurpegi atseginago bat erakutsi behar zuen Espainiak. Aldaketak ez ziren politikoak izan, ez eta sozialak ere; horretan mugitzeko asmorik ez zeukan frankismoak. “Horrek, inplizituki, modernizazio batera derrigortu zuen Espainia. Ez zen politikan edo gizartean islatu, baina arkitekturan eta artean eragin nabarmena izan zuen”, azaldu zuen Javier Gonzalez de Durana Artiumeko zuzendariak, Arkitektura eta Eskultura Arantzazuko Basilikan liburua aurkeztu zuenean, 2003an.
Basilikaren aurreproiektuan jasota zegoen diseinutik egun ezagutzen dugun Arantzazuko basilikarako aldaketa, beraz, oso handia izan zen. Aldaketa garaiak bete-betean harrapatu zuen Arantzazuko basilika eraikitzeko prozesua. Modernitate behar horrek bultzatuta, Saenz de Oizak eta Laorgak hamaika aldaketa egin zituzten euren hasierako egitasmoan.
Hasierako diseinu hartatik, oinplanoa eta diamante itxurako kareharriekin apaindutako hiru dorreak baino ez ziren gelditu. Gainerakoa, eraiki ahala aldatuz joan ziren. Basilikako barrualdea erabat itxuraberritu zuten. Aldare nagusiko argi-zuloa, arkuak, alboko korridoreak eta Ama Birjinaren ganbaratxoa eraldatu zituzten. Barruan, aldaketa handiena habearte nagusian egin zuten Saenz de Oizak eta Laorgak. Hasieran, sabaia laua eta lauki zuzena zen. Ondoren, ordea, gangarekin eraiki zuten.
Aurrealdean, berriz, oso nabarmena izan zen Jorge Oteizaren eragina, eta aldaketa dezente egin behar izan zuten. Goialdean izan behar zituen arkuak desagertu ziren, eta, irudiei dagokienez, erabat berritu ziren, Oteizak eskatutakoaren arabera.
Bide malkartsua izan zen bi arkitektoentzat. Atzerapenak, zuzenketa etengabeak eta xehetasun askoren definizio faltak proiektua kinka larrian utzi zuten. Frantziskotarrek eraikuntza lanak beste norbaiten esku uztearekin mehatxatu zuten. Halaber, basilikaren proiektuan parte hartu zuten artisten ausardia gehiegizkoa iruditu zitzaien frantziskotarrei. 15 urtez obrak geldituta egon ziren, Vatikanoko II. Kontzilioarekin etorritako aire berriek proiektua berriro ere haizatu zuten arte.
Punta-puntako artistak
Saenz de Oizak, Laorgak eta basilikaren eraikuntzan parte hartu zuten beste artistek —Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea…— modernitatearen ikur bihurtu zuten Arantzazuko basilika. Euskal Herriko arkitektura eta arte plastikoetan mugarri izan zen frantziskotarren enkarguz eginiko tenplua; mitikoa ia. Frankismo garaian, itxurazko modernitate urratsak egin zituzten Arantzazuko basilikarekin, arkitekturari dagokionez; eta, gerora, frankismoaren kontrako borrokan eta euskalgintzaren eta euskaltasunaren historian pauso garrantzitsuak eman dira bertan —besteak beste, Euskaltzaindiak Arantzazu hautatu zuen euskara batzeko lehen arau multzoak finkatzeko, 1968an—.
Basilika zaharraren gainean eraiki zuten basilika berria Saenz de Oizak eta Laorgak. Kripta moduan gelditu zen basilika zaharra, eta lur azalean ikusgarri ageri da berria. Artista askoren lanak jasotzen dira bertan, zein baino zein ikusgarriago eta nabarmenago. Eraikinaren fatxadan, Jorge Oteizaren eta Eduardo Txillidaren lanek ematen diote nortasuna basilikari. Txillidak egin zituen sarrera nagusiko burdinazko ateak, eta, haien gainean, Oteizaren 14 apostoluek osatutako frisoa dago. Arantzazuko basilikako beiratea, berriz, Xabier Albarez de Eulate frantziskotarrak eginikoa da. Absidea Lucio Muñozek egin zuen, eta XX. mendeko Sixtoren Kapera deitu izan zaio. Basilikari ekarpena egin zion azken artista Nestor Basterretxea izan zen. 1980ko hamarkadan, kriptako basilika zaharreko horma irudiak egin zituen.
Gainerako artistek egindako ekarpena gutxietsi gabe, aurten Arantzazuko basilikaren 60. urteurrenean, obra hura diseinatu zuten arkitektoak omenduko dituzte. Bihar izango da ekitaldia, 10:30ean hasita. Gandiaga topagunean mahai ingurua antolatu dute egunari hasiera emateko. Bertan, Rafael Moneo —Saenz de Oizaren estudioan ikasle ibilitakoa—, Javier Saenz Guerra (Saenz de Oizaren semea) eta Enrique Arenas Laorga (Laorgaren biloba) izango dira hizlari. Arkitekto bien ibilbide profesional eta pertsonalaz ariko dira hirurak. 12:30ean, berriz, Nafarroako Arkitektura Eskolako zuzendari Miguel Angel Alonsok eraikinaren analisia egingo du. “Saenz de Oiza eta Laorga arkitekto gazteen lanik gabe, ez genituzkeen Oteizaren Pietatea eta Apostoluak sekula ezagutuko. Ezta Eduardo Txillidaren ateak, Nestor Basterretxearen horma irudiak, Lucio Muñozen absidea, Xabier Albarez de Eulateren beirateak eta Xabier Egañaren kaperatxoko pinturak ere”.
Leave a Reply