Maite Alustiza
Argiak piztuta, aldapan behera doan pare bat auto besterik ez dabil Indianoeneko kalean. Giroa lasai dago Donostiako Ulia auzo inguruan, azken egunetan izandako ezohiko mugimenduetatik aparte. Astearte arratsaldea da, euria hasi du, eta iluntzen ari da. Indianoeneko 16. zenbakian, ordea, argiagoa da zuri-beltza: “inoiz baino indartsuago” daude Kortxoeneko lagunak. Sarrera aldameneko kontainerrak berak hala dio: Bizirik, bakarrik ezin, lagunekin bai. Bost urte egin ditu aurten Kortxoenea gaztetxeak, eta azken asteetako elkartasunaz gain, okupatu zutenetik izandako babesak eutsi dio tente. Ezagunenak, ezezagunenak eta, bereziki, bizilagunenak. “Kortxoenea zerbaitetan berezia izan badaiteke, bizilagunekiko harremanagatik da berezi”. Horren adierazle dira gaztetxearen inguruko balkoietako batzuk: Kortxoenearen aldeko pankartak eta banderak dituzte.
Bilerak egiten dituzten mahaiaren bueltan eseri da Beñat Apalategi, Amets Artelazkirekin batera. Liburutegia dute han. “Orain nahiko jasota dago, huste abisua dela eta”. Zabala da lehen solairua. Beste mahai baten inguruan ere badira beste bospasei lagun, datozen egunetarako jarduerak prestatzen. Beheko solairuan, Urban 13 taldea breakdance tailerra eskaintzen ari da. “Beste batzuk bileran daude”. Udaleko ordezkariekin egindako bilerara joanak dira, Kortxoenearen etorkizunaz hitz egitera.
2010eko ekainaren 26an okupatu zuten Kortxoenea. Kortxo eta txapa fabrika zen eraikina 1950eko hamarkadan, eta, hainbat urtez utzita egon ondoren, Zurriola ikastolak hartu zuen 1983. urtean, antzerki eskolak emateko. Gazteek okupatu zutenerako, bizpahiru urte zeramatzan erabilerarik gabe. “Tarte horretan, etxegabeak egon ziren, suteak sortzen zituzten, pixa lekuz kanpo egin, soinuak zeuden…”, dio Artelazkik. Auzoko gazte asanbladaren ekimenez eta auzoko jende ugarirekin egin zuten okupazioa. Behar bati erantzun nahi zioten: “Okupatu zen garaian bete zuen Donostiak zeukan gabezia garrantzitsu bat. Horrelako mugimendu batek indarra hartzen du jendearen artean badagoelako behar jakin bat”. Intxaurrondon bazegoen Letaman gaztetxea; Añorgan ere bazen autogestionatutako gune bat. Datu “esanguratsu” bat aipatu du Apalategik, okupazioa zein egoeratan izan zen ulertzeko: “Odonen [Elorzaren] alkatetza garaian okupatu zuten: Odon da Donostiako historian gaztetxe gehien hustu duen alkatea”.
Bost urte atzera egin du Artelazkik, aurkitu zutena deskribatzeko: “Beheko solairua erabat kiskalita zegoen; goikoa, hobeto, baina gauza ugarirekin, erabat utzita. Zarata Gela eta Serigrafia dauden lekuak oso gaizki zeuden; hori garbitzea sekulako lana izan zen”. Eraikinaren ondoko orubea ere eurena egin zuten; zuhaitzez, sasiz eta hondakinez beteta zegoen eremuan baratzea eta oilategia dituzte. “Autokonposta proiektu bat ere martxan jarri genuen, bizilagunentzako kuboak jarri eta hondakinekin konposta egiten hasi ginen”.
20-30 laguneko batzarrak ziren hasierakoak. Dinamikak garatuz joan ziren neurrian, baina, gero eta eragile gehiago batu ziren Kortxoenera: Urban 13 taldea, Afrikako dantzen taldeak, musika taldeak, AHTaren aurkakoa… Apalategik dioenez, jendea gerturatu ahala ohartu ziren gaztetxearen antolaketa aldatu behar zela. Orduan sortu zuten Kortxoeneko Asanblada: gazteen batzarraz gain, eragileetako ordezkariak biltzen dira horretan. Espazio fisikoa koordinatzeko hasi ziren elkartzen, “horizontaltasuna bilatzen zelako”. Gaztetxeko eragileez gain, badira gaztetxea unean-unean erabiltzen duten taldeak ere: Piratak, Askapena, Mundu Bat, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua…
Bost urte horietatik auzotarrekin eta gainerakoekin egindako harremanak nabarmendu ditu Artelazkik. Askotariko eragileak dabiltzanez, harremana adin tarte zabalekoa ere bada: “16 urtekoetatik hasita, 50 luze dituztenak arte”.
Dinamismo horri erreferentzia eginez jarri dio izena Irautea sortzea delako dokumentalari Apalategik, Markel Ormazabal eta Joseba Parronekin batera. “Irautea ez bizirik irautearen moduan, baizik eta irauteak bere horretan sorkuntza bat dakarrelako. Eta, aldi berean, sortzea irautea delako”. Kortxoeneko bost urteko bideari begiratua egin diote, “erradiografia” bat. “Honek balio dezake beste edozein espazio autogestionatuk dituen dinamikak azaltzeko”.
Jaiak berreskuratzea
Kortxoenea okupatu zutenean ezinbestekotzat jo zuten bizilagunekin tratu ona izatea. Apalategiren iritziz, auzoarekin elkarbizitza landu gabe horrelako espazio batek ez zuen zentzurik. Bereziki jorratu duten atal bat da, beraz: hasieratik bilerak egin dituzte, abisuak pasatzen dizkiete, kontzertuak 00:00etan bukatzea adostu zuten… “Hasieratik harreman zuzena egon da, inolako bitartekaririk gabe konpondu ditugu egon zitezkeen arazotxoak”. Artelazki ere bat dator: “Ikusi zuten zerbait eraikitzera gentozela, ez apurtzera. Lagun moduan hartu gintuzten”.
Harreman horretan “mugarri bat” egon zen 2011ko ekainean. Gazteek bazekiten duela 50 bat urte jaiak ospatzen zituztela Indianoeneko kalean, eta, okupazioaren urteurrenaren harira, jaiak berreskuratu zituzten. Bizilagunekin batera antolatu zuten, eta, geroztik, urtero elkartzen dira kale inguruan. “Txokolate jana egin izan dugu, bizilagunek jatekoa daramate… Inprobisatua da; iaz bizilagun batek gitarra jaitsi zuen eta kantuan aritu ginen”.
Elkartasuna are handiagoa izan da garai zailenetan. Bost urteko bidean garai “gogorrak” ere izan dituzte. Apalategik bat du gogoan: 2010eko urrian, gazteriaren aurkako sarekada batean, Espainiako Poliziak gaztetxea miatu zuen: “Sarekadan hainbat lagun atxilotu, torturatu eta espetxeratu zituzten. Eta hemendik eraman zituzten bideokamerak, argazki kamerak, dirua… Bertso eskolako izenen zerrenda…”.
Gaur egun ere egoera “konplikatua” igarotzen ari dira Kortxoeneko lagunak. Azken egunetan, gutxienez bost-hamar lagun daude momentu oro gaztetxean. Irailaren 4an hura legez kanpo botatzen ahalegindu zirenetik, 24 orduko txandak antolatu dituzte. Geroztik, beste bitan bertaratu dira langileak, gaztetxea hesiz inguratzen ahalegintzera. “Egoera honek nekea sortzen du jendearengan; tentsioa, ea langileak noiz etorriko diren…”. Gauak hizketan ematen dituzte, filmak ikusten, gitarra jotzen… “Luzea” egiten ari zaie.
Gaztetxea zaintzen aritzearekin batera, gainera, badute zer egina: prestatu duten egitaraua aurrera eramateko ekintzak antolatzea, konponketa lanak, eguneroko batzarrak… Tentsioak, ordea, badu kontrapisu bat Apalategirentzat: “Momentu gogor hauek pizten dute ilusio handien. Ez balitz hemen egin den desobedientzia eta erresistentzia apustu honengatik, hau aspaldi botata egongo litzateke”.
Kortxoeneko erabiltzaileek argi dute hasieratik beste modu batera egin zitezkeela gauzak. “Hustera etorri zirenean, langileek bazekiten argi eta garbi ez zeukatela baimenik egin zutena egiteko”. Apalategiren arabera, jabearen helburua zen inor ez zegoenean sarrera suntsitzea, de facto erabilezin bihurtu eta husterik egin behar ez izateko. Salaketa jarri zuten Kortxoeneko kideek, jabeak ez zituelako aintzat hartu neurri batzuk —besteak beste, hesiak jartzea, autoak kentzea…— “Baldintzak ez zirelako betetzen kendu zieten baimena, baina epaileak ukatu zuen hau okupatuta zegoela”, dio Artelazkik.
Udalaren jokabidea ere kritikatu dute. Diotenez, udalak abuztu erdialdera emana zion eraiste baimena jabeari, eta gaztetxea botatzen ahalegindu eta astebetera egin zituen lehen adierazpenak Eneko Goia alkateak. “Esan zuen beti egon dela prest elkarrizketarako, udal baliabideak jartzeko prest… Udalak bazuen baimenaren berri, eta bere esku zegoen hustu baino lehen, baita baimena eman aurretik ere, arazorik sortu gabe gurekin elkarrizketa bat izatea”. Alkateak pilota euren teilatuan jarri izana ere salatu dute, pilota “udalaren esku” dagoenean. Era berean, eraikinaren jabearen aldetik ere uste dute aukera zuela hasieratik eurekin harremanetan jartzeko.
Bide batez, Egiako Porrontxo jaietan izandako gertakari baten harira Goiak esandakoak argitu nahi izan dituzte: “Badirudi jaietan txaranga bat Egiatik zebilela, eta hor zegoen jendea Tabakalerara sartu zela. Goiak dio horrelako gauzekin ez dagoela prest gurekin hitz egiteko. Guk argi eta garbi esaten dugu inondik inora ez duela zerikusirik Kortxoenearekin. Ez dezatela erabili elkarrizketak garatu aurretik elkarrizketak zapuzteko tresna gisa”.
Alternatiba bila
Eraisteko ahaleginaren ondoren, bitan elkartu dira Kortxoeneko erabiltzaileak udaleko ordezkariekin, gazteek hala eskatuta. “Lehen hartu-emanak” egin dituzte, eta uste dute prozesuak luze joko duela. Eurek, berriz, alternatibak bilatzeko “erabateko borondatea” agertu dute. Donostiako EH Bilduk proposatu berri duen aukera, esaterako, “erreal” ikusten dute.
Koalizioak Zemoria 20 eraikina jarri du aukeratzat; dioenez, eraikina udalarena da, eta horrek Eusko Jaurlaritzari utzi zion 10 urterako, 2000. urtean —institutu bat dago egun—. Jaurlaritzak hori uzteko asmoaren berri eman zion aurreko udal gobernuari, eta negoziazioak hasi zituzten eraikina berreskuratzeko eta autogestioan oinarritutako proiektu soziokultural bat garatzeko. Bat edo beste, orain arteko ereduari eutsi nahi diote Kortxoeneko lagunek: “Egun Kortxoenean dauden eta egon daitezkeen proiektuak barnebildu ditzakeen espazio bat izan behar du. Eta orain arteko funtzionamenduarekin”.
Leave a Reply