Gazterik gabeko gaztetxeak

Danel Agirre

Kortxoenea zabalik mantentzen ari diren guztien artean, mugimendua elur bola bilakatu zuen pertsona oharkabean pasatzen ari da kronika, txio eta atxikimendu zerrendetan. Tabakalerako inaugurazioa boikotatu eta inside job bat eginaz Pottors ta Klito programan sartzea lortu zuen heroi anonimoaz ari naiz. Lanposturik ez dakit edukiko duen dagoeneko; kultura garaikidearen zentro bat toki kontserbadoreegia da ziur aski halako ateraldi iraultzaileak dituen norbaitentzat. Nire esker onak ez du nominarik ordaintzen, baina hori behintzat irabazia du.

Batek daki zer iritsiko den lehenago, heroi anonimoaren kargu-uztea ala gaztetxearen eraistea. Azken horrekin baikor izateko arrazoi bakar bat ere ez dut aurkitzen nik, aurrekariak ikusita. Baina Kortxoenea desagertzeak ekarpen garrantzitsu bat utziko du behintzat: izan ere, milaka donostiar Kortxoenea existitzen zela konturatu dira egunotan.

Bankuek, etxegileek eta Poliziak osatutako trinitatea menderaezina da, baina badute gaztetxeek hori baino arerio gupidagabeagorik ere. Lekukoa hartzen behar luketen belaunaldien interes falta guztien gainetik. Aspaldian bisitatu ditudanetan, kontzertuetarako batez ere, dozena bat 30 urteko zegoen bertan. Ez da dozena bat 30 urteko eta gazte piloa zegoela, ez. Dozena bat 30 urteko zegoen, eta beste inor ez.

Bistakoa da espazio horiek betetzen ari ez diren nerabeak non dabiltzan. Sakelakoan sartuta bizi dira, eta noizean behin kontsolara txango batzuk ere egiten dituzte. Guk mundua deitzen genion hori Instagramen eta Minecraften atzealdean agertzen den atrezzo arrotza da beraientzat. Sare sozialetan topatzen dituzte guk kalean topatu behar genituen guztiak, han eraiki dituzte haien gaztetxeak. Haietan ez da euskara erabiltzen, ezta gaztelera ere; horiek eskolan nola edo hala gainditu beharreko eragozpen anakronikoak dira.

Horregatik, maitagarria begitantzen zait noizean behin blogetan eta lauzpabost arapahoe batua gazteentzat zergatik erakargarria ez ote den eztabaidatzen topatzen ditudanean. Hizkuntzak desitxuratzen hasi direnean, kulturaren kontzeptua bera eraldatzen dabilen aro honetan. Jakin-nahia asetzeko modu ilustratu bat, mendeetan zehar gailendutakoa, desagertzeko zorian dagoenean.

Batek daki non amaituko den gazteek libururik, kontzerturik, zinema aretorik gabe abiatutako bidaia hau. Arrotzegia zait norabidea ezkor izan behar dudan deliberatzeko. Gauza bakarra espero dut: Instagrameko iraultzak egitea tokatzen denean Fermin Muguruza bat topatuko dutela faxistei aurre egin eta ekintza jendetsuren bat inprobisatzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.