Leire Narbaiza
Gaur, idazten jarri aurretxoan, izan dudan irakaslerik txarrena ikusi dut. Txarrenetan txarrena. Sailkapena egitea gaitza bada ere, bera dago desohorezko lehenengo postu horretan. Bigarrenari alde handia atera diola esan dezaket, gainera.
Kalean zetorren, ni automobilean sartzen nenbilen, eta ateak espaloi zati bat okupatzen zuen. Ez dut, hala ere, mugitu bera erosoago pasa zedin. Izorra dadila.
Ez dut gorroto, nire gorrotoa merezi ere ez duelako. Baina barkatu ere ez diot egingo. Txarrena izate hori ez da ganorabakoa zelako, bazen arren; edo txarto azaltzen zituelako gaiak, nahiz eta hori ere hala zen. Txarrena zen klasean esaten zituen gauzengatik, egiten zituen mespretxuengatik, zuen gorrotoagatik.
Bitan izan nuen irakasle. Lengua (gaztelera) eman zigun lehenengo BBBn (BUP, oraingo 3. DBHn), eta UBIn (COU, oraingo 2. Batxilergoan), Filosofia! Okerrena zen klaseetan botatzen zituen zabor-pentsamenduak inbidia, gorroto eta bekaizkeriaren erakusgarri zirena. Ikaskide bati galdetu zion ea zenbat irabazten zuen aitak, beste bati ea gurasoek nori ematen zioten botoa… eta horrelako gauzak, etengabe.
UBIn genbiltzanean, hiesaren hasierako sasoia zen. Orduan jarri berri zioten gaitzari izena, eta heroinazaleen eta homosexualen gaixotasuntzat hartzen zen. Batez ere, homosexualena. Imajina zenezakete zelako komentarioak egiten zituen: siderometalurgiko deitzen zien gaixoei, sidoso ere bai, marica-z jarduten zuen erdeinu osoz. Pentsatu barik bere aurrean geunden gaztetxoetako batzuk homosexualak izango zirenik. Edo bai, halako pertsonekin inoiz ez delako jakiten zein den gogoan duten helburua.
Horrelakoak libre botatzen zituen Aristoteles, Nietzsche edota Descartesen pentsamenduak azaldu beharrean. Ez dut uste ikastetxeko zuzendaritzak zekienik zer gertatzen zen haren orduetan, baina irakasle finkoa zen, eta erretirora arte hantxe jardun zuen beharrean, gorrotoa zabaltzen.
Guk, ikasleok, batzuetan barre egiten genuen, besteetan haluzinatu. Izan ere, eskola oso autoritario, tradizional eta atzerakoia zen, eta neska-mutilok ez geneukan ezer esaterik. Bestalde, barre egiten genuenean egoerari egiten genion barre. Esan beharra dago, zorionez, orain asko aldatu direla kontu horiek, eta lehen irria sortzen zigunak orain sumin gaitzakeela. Gaur egun gaitzetsi egiten dugu ahulari barre egitea, gaizki dagoelako, lehen arrunta zen arren. Horregatik, irakasle hori ikusi eta egunotan polemika sortu duen autobus transfobikoa akordura etorri, dena bat izan da. Bere ahotik entzundako esaldi homofobikoak etorri zaizkit trumilka. Maisu hark ez zuen inoiz transexualik aitatu —munstrokeria berarendako, ziurrenera—. Hala ere, homofobia eta transfobia gorroto beraren hari-mutur bi baino ez direla ezin denez ukatu, batzuei burla egiteak besteei trufa egitea ere badakar. Multzo berean doazen irainak.
Duela hogeita hamar urte eskolan ahalegindu ziren ezinikusi hori irakasten. Orain autobusean garraiatzen dute herra hori, kasu bietan helburua delako ahalik eta jende gehien kutsatzea gorroto eta amorruarekin. “Normalak” izatearen izenean izurritea hedatu gura dutelako. Desberdinak direnekiko trufa eta burla egin, edo iraindu. Denak balio du-eta gorrotozko ideia horiek zabaltzeko.
Kontsolamendu bakarra dut, jasotakoak jasota ere, ez garela hain txarto irten. Ezta?
Leave a Reply