Imanol Garcia Landa
Kutxa Kultur Moda programak bultzatuta, Gipuzkoako sei moda diseinatzaile berri eta amateur egonaldia egiten ari dira Donostiako Tabakaleran dagoen Kutxa Kultur Fabrika gunean. Bildumak egiteko baliabideak, prestakuntza, sustapena eta aholkularitza profesionala ere jasotzen dute bertan.
Egonaldia egiten ari dira Elena Silvestre (Pispiripispo), Goiuri Unanue & SOIA, Miguel Angel Lima, Saioa Matxain, Julen Linde eta Inge Zubeldia (Alegia, 1993). Zubeldiak Bartzelonan moda ikasketak bukatu berritan izan du aukera egonaldirako hautatua izateko.
Nola izan zenuen egonaldiaren berri?
Bartzelonan ikasi nuen lau urtez, eta handik abisatu zidaten deialdi bat zegoela Kutxa Kultur Modarena. Beraiekin hitz egin nuen, eta parte hartzeko asmoa nuen galdetu zidaten. Baiezkoa eman nuen, eta hautatua izan nintzen.
Zergatik erabaki zenuen parte hartzea?
Unibertsitatetik atera berritan sekulako aukera da. Azken finean, inork ez zaitu ezagutzen, eta honek aukera ematen dizu jendeak zu ezagutzeko, prestakuntza izateko. Azkenean, laguntzak dira.
Zer eskaintzen dizute egonaldian?
Hasiera batean, onena espazioa da. Sekulako espazioa da lana egiteko, etxean edo beste leku batean ez duzuna. Dirua ere ematen digute bilduma bat egiteko, prestakuntza pila bat, bai enpresa aldetik, bai goi mailako joskintza teknikak ikasteko… Promozioa ere egiten digute, esaterako, desfileak eginez. Interneten ere agertzen gara. Moda munduan bidea egiten hasteko baliabideak dira.
Eta zer moduz doa esperientzia?
Oraingoz, oso ondo; pozik nago, egia esan. Prestakuntzatik gauza positibo asko ateratzen dira, eta asko ikasten dugu. Gainera, pixkana-pixkana jendeak ezagutu egiten gaitu.
Guztira, sei egoiliar zaudete. Zuen artean harremanetan zaudete, adibidez ideiak partekatzeko?
Tabakaleran bertan ez gara asko elkartzen, bakoitza bere aukeren arabera joaten delako. Prestakuntza saioetan-eta batera egoten gara, eta tarteka ideiak sortzen dira. Baina, azkenean, mundu honetan bakoitzak bere gauzak egiten ditu. Gainera, bakoitzak bere estiloa du, eta kasualitatea da aurten gauden egoiliarrak oso ezberdinak garela; ez dugu zerikusirik batak bestearekin.
Zein da egonaldiaren helburua?
Urtea pasatzen denean, urri aldera, egonaldiaren amaierako desfilea egingo dugu. Helburu nagusia da ematen diguten prestakuntzarekin, diruarekin eta beste baliabideekin, bilduma bat egitea.
Eta gero, aurrera begira, zer ekar dakizuke egonaldi honek? Loturarik izaten ari zarete moda munduko enpresekin, adibidez?
Oraingoz, enpresekin loturarik ez dugu izan. Gero, gure kasuan, bakoitzak bere marka egin nahi du. Azken finean, beste enpresekin lotura izatea ez da guretzat hain garrantzitsua orain. Garrantzitsua da, asko ikasten duzulako, baina oraingoz ez da gure helburua. Egonaldirako hartu gintuztenean galdetu ziguten zeintzuk ziren gure helburuak, eta denok horretan bat egin genuen: gure marka egin nahi genuela, gure bidea egin nahi genuela. Hain justu, orain bi aste hasi gara prestakuntza bat izaten enpresa bat nola sor daitekeen ikasteko, jakiteko gero, egonaldia bukatutakoan, nondik nora joan gaitezkeen. Nire helburua da gutxienez saiatzea nire marka sortzen. Ez bada ateratzen, orduan beste leku batera joan beharko nuke lana egitera.
Ez da erraza izango, ezta?
Ez, ez da erraza. Moda enpresa asko daude, baina mundu hau besteak bezalakoa da, ezagutzen direnak mundu mailako enpresa indartsuak dira. Baina nik uste dut zerbait gustuko baduzu eta amets hori jarraitzen baduzu, ez bazara iristen ere Channel edo Dior izatera, behintzat horretaz bizitzeko aukera izan dezakezula.
Kanpotik begiratuta, mundu gogorra ematen du modak, lehiakortasun handikoa.
Lehiakortasun handia dago mundu honetan. Ondokoak zu zapaltzerik baldin badu bera gorago egoteko, horretara joango da. Muturrera eramaten da lehiakortasuna, eta hori ez daramat oso ondo; baina nik erabaki dut mundu honetan sartzea.
Prestakuntza jasotzeaz gain, desfileak-eta egiten dituzue?
Orain gutxi, Kutxako bezero OPIentzako [Oso Pertsona Inportantea] ekitaldi bat prestatu zen, eta hor gure arropekin desfilea egin zen. Gero, haiekin hitz egiteko aukera izan genuen, gure lana azalduz, eta ikusi ea gure bezero izan nahi zuten. Pixka bat gu ezagutzeko eta hor gaudela jakiteko balio izan zuen. Gustura geratu nintzen esperientziarekin.
Nola definituko zenuke zure estiloa?
Erromantikoa da, femeninoa, eta beti esaten dudana da ume batek dituen gustuak edo goxotasuna emakume baten dotoreziarekin uztartzen ditudala. Saiatzen naiz horiek biak lotzen, eta hortik ateratzen dena da nire estiloa.
Baduzu inspirazio iturriren bat?
Nire diseinu guztietan —eta betidanik gustatu izan zait, txikitatik—, era batera edo bestera loreak sartzen ditut. Beti ditut presente naturaren elementuak. Eta, diseinatzaileei dagokienez, asko gustatzen zaizkit Dior, Channel, Del Pozo… Beraien artean ezberdinak dira, baina bakoitzetik hartzen ditut gustatzen zaizkidan elementuak.
Eta nolako bidea egin nahiko zenuke modan?
Nire kasuan, ez dakit produkzioan sartuko naizen. Gehienbat nahi dut neurrira lan egin eta esklusibotasuna eman. Zuk nahi badituzu galtza batzuk izan, zuk bakarrik izatea galtza horiek, ez zuk eta beste hamabost pertsonak. Nire ideia hori da.
Leave a Reply