Errepidea ondo, baina…

E. Goenaga Lizaso

Ia 30 urte pasatuko dira Beasain eta Bergara lotuko dituen errepidea hasi zutenetik bukatu arte. 1992an, Antzizarko lotunea (Beasain) inauguratu zuten, eta handik sei urtera ireki zituzten Ormaiztegirainoko lau kilometroak. Errepidea Zumarraga sarrerara iritsi zen 2005ean, eta, 2012an, Legazpirako bidegurutzera. Azkeneko errepide zatia, Deskargako gainera iristen dena, 2015eko martxoan ireki zuten.

Zirkulazio handiko errepidea da Beasain eta Bergara artekoa. Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak dioenez, egunean 12.000 ibilgailu igarotzen dira Antzuolatik, gehienak ibilgailu astunak. “Guk inoiz ez dugu zalantzan jarri errepide honen beharra. Asko arinduko du hemendik igarotzen den ibilgailu kopurua, eta, irisgarritasunaren aldetik, bi aldeetara abiadura handiko errepideak izango ditugu, eta asko irabaziko dugu. Baita bide zaharretik joaten direnek ere, zirkulazioa asko arinduko baita”.

Bide zaharretik joatea jende askoren aukera izan daitekeela uste du Kortabarriak. Izan ere, bere kezketako bat bidesariaren ingurukoa da, errepidea amaitzen denean GI-632 errepideak bidesaria izango baitu. Ez zaio bidezkoa iruditzen antzuolarrek errepide hori ordaindu beharra. “Bai Zumarraga edo Goierri aldera eta bai Bergara-Arrasate aldera lanerako mugitu behar duenak bidesaria ordaintzea ez dut zilegi ikusten. Hemen egin diguten txikizioarekin… Gustatuko litzaidake horren inguruko akordio bat lortuko bagenu”.

Urte asko daramatzate Antzuolan errepidea amaitzeko gogoz, eta tartean izan diren gorabeherekin kezkatuta. “Guk bagenekien lur hauek oso ezegonkorrak direla; beraz, orain desio dugun bakarra da behingoz lanak amaitzea, esandako epeak betetzea eta, noski, lur mugimenduei dagokienez, segurtasunez egitea”.

Lanek irauten duten 25 hilabeteak igaro bitartean eragozpenak izango direla uste du Kortabarriak. “Ez dakit ondo noraino, biltzekoak gara foru aldundiarekin eta eraikuntza enpresarekin horri buruz hitz egiteko. Baina eragina izango du, noski; kamioien joan-etorria handituko da, baserri batzuen ondotik igarotzen da errepidea eta pista horietan ere igarriko dute…”. Eraikuntza lanen berri zehatzagoa jasotzeko zain dago alkatea: “Une bakoitzean zer egingo duten jakin, jendeari behar bezala abisatu eta guk zein neurri hartu behar ditugun garaiz jakiteko”.

Kortabarriak Antzuola inguruak urte gutxian izan duen eraldaketa azpimarratu du. “Ingurua txikituta daukagu. Batetik, errepidea egiteko lanak, eta mendi magal berean AHTaren obrak”. Inguru horretan txikizio handia egin dutela dio, eta, gainera, tentsio handiko linearen ibilbidea ere bertatik pasatuko dela nabarmendu du. “Sekulakoa da gure mendietan egingo den kaltea”.

Herritarrak, zain

Agurtzane Toledo Debatik joaten da egunero Antzuolara, lanera, eta errepidea egitea ona iruditzen zaio. “Izan ere, zirkulazioa izugarria da; zenbat kamioi eta auto ibiltzen diren… Nik pentsatzen dut asko arinduko duela errepide berriak, eta denboran ere irabaziko dugula”. Nieves Saralegi, ordea, ez dago ados errepiderako sarrera-irteerekin. “Bat Deskargan eta bestea Bergaran; guretzat ez daude gertu-gertu, behintzat. Gainera, hainbeste lur eta inguru txikitu ondoren, bada ez dakit…”. Saralegik ez du egunero erabiltzen errepidea, eta esan du ibiltzen denak seguru eskertuko duela. “Baina gero bidesaria jartzen badute… Ez dakit nik, ez zait oso ondo iruditzen. Deskargan ateratzeko bidesaria ordaindu? Jende asko zaharretik ibiliko dela iruditzen zait”. Lanak bukatzeko gogoa du Saralegik, baina zalantzak ditu. “Hor lur asko dago mugitzeko, eta arazoak izan dira dagoeneko; ea zer gertatzen den”.

Inguruetan egindako txikizioarekin du kezka Florencia Fernandezek ere, baina zirkulazioa arintzeari begira errepidea ona izango dela uste du. “Hori bai, amai dezatela lehenbailehen, eta ez gaitzatela engaina: errepide honek amaituta behar zuen aspaldi”.

Aurrekoen iritzi berekoa da Juanjo Legorburu ere. “Ona bai, ona izango da”. Besteek bezala, “baina” bat erantsi dio esaldiari. “Antzuolarrok Deskargaraino edo Bergararaino joan beharko dugu errepidea hartzeko; beraz, hor ikusten diot problematxo bat”. Abantaila handiena, bestalde, errepide zaharreko zirkulazioaren arintzea izango dela dio Legorburuk. “Oraintxe nator ni Bergaratik, eta kamioi handi baten atzetik etorri behar izan dut, poliki-poliki. Hor bai, hor irabaziko dugu”. Obra hasi zenetik, ordea, urte asko pasatu direla dio, eta “gogoa, obra behingoz amaitzeko gogoa” duela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.