Leire Narbaiza
Irailaren 27a, arratsaldeko zortziak. Egun osoan, irrati eta Twitter bidez Katalunian gertatzen ari zena segitzen. Hauteslekuak itxita, telebistaren ordua iritsi zen, botoa eman osteko galdeketak, lehenengo boto-ontzien emaitzak. Jakinda Espainiako telebistekin haserretu egingo nintzela, ETBra jo nuen.
Lehenengo eta behin, ETB1era. Pilota partidua zegoen! Ordurako, ETB2n ari ziren benetako emaitzak irten arteko denbora betetzen egunak emandakoarekin eta egindako galdeketekin. ETB1, pilotari bat elkarrizketatzen. Gaztelaniaz.
Zortzi eta erdietan, albistegia. Ostean, Maddalen Iriarteren saio berezia: Katalunia, agur!. Gustura ikusi nuen. Bitartean ETB2n albistegia eta Bartzelonatik saio berezia, Kataluniako parlamentuko lorategietan, aurkezle bi eta gonbidatu birekin, gehi zuzeneko hainbat lotura, eta itzultzailea.
ETB1era pasatu nintzen ea zein gonbidatu zeuden. Bilbotik eginda, aurkezle bakarra eta gonbidatu bakarra!!! Haluzinatu egin nuen! Zer zen hura? Nola liteke halako hauteskunde-gau batean pertsona birekin egitea saioa, etxe bereko beste kateak programa oparoagoa eskaintzen zuen bitartean. Gainera, ETB1ekoa bukatu zenean film bat jarri zuten, baina ETB2koa amaitutakoan, beste saio bat egin zuten Bilboko estudioetatik, aurkezle bakar eta lau kazetarirekin! Konparazioak gorrotagarriak dira, ezta?
Ez dut baloratu nahi saio bakoitzean zeuden beharginen lana, profesionalak dira eta ondo egiten dutelakoan nago, gehiago ala gutxiago gustatu bakoitzaren profila. Ez naiz horretan sartuko. Lotsagarria iritzi nion telebista kate biek, etxe publiko berekoak izanda zelako desberdintasunak zituzten baliabide eta errekurtsoetan. Latzena da, baina, euskaraz informatzeko genuen telebista bakarra (edo bitarteko nahikoa zuen euskarazko telebista bakarra) berriro ere hirugarren mailako kate bihurtu zela. Euskaldunok baztertuta, atzera ere.
Baztertuta ez ezik, minduta ere sentitu nintzen. Nire moduan jende asko. Euskarazko telebista publikoak berriz ere defraudatu gintuen, bigarren mailakotzat tratatu gintuelako beste behin ere. Ohituta egon beharko genuke, baina ez gara ohitzen, ondo gogoan dugulako ETBren hasierako asmoa euskara sustatzea zela. Ez da horrela izan, ordea. Kirolez, saio mutuz eta herrietan grabatutako varietées emanaldiekin bete duelako programazioa. Albistegiak ere laburragoak dira (betiere erdarazko katearekin konparatuta), ia guztia produktu aurre-izoztua, mila aldiz errepikatua. Etxe handiko ahizpa pobrea, besteen hondakinak jatera behartuta dagoena.
Aspaldian gabiltza horrela. Zapping egitean ere, pasatzen ez dugun katea da ETB1, sarriegi desengainatu gaituelako. Kontua da ezagutu genuela beste ETB1, hasierakoa, denetatik zuena. Beharbada, amateurregia, baina gehiago asetzen zuena, publiko guztiendako, film, telesail eta etxean egindako saioak zituena. Gazteendako programak zeuzkana, baita umeendako ere. Elkarrizketak ere bazeuden eta umorea. Baliteke gaur egun orduko saio horiek naif-egiak edo modaz pasatuta egotea iriztea. Baina sasoi hartarako egokiak ziren. Ilusioa ere pizten zuten.
Ezinezkoa litzateke halakorik egitea orain? Ala ahizpa erdaldunak fagozitatu behar du euskalduna? Euskadi irratian lortu da kalitateko irrati euskaldun aniztuna egitea. Telebistan hain zaila litzateke? Ezezkoan nago!
Leave a Reply