Maite Alustiza
Azpeitian ekin zion martxoaren 3an, eta oraindik bide luzea du XIV. Laburbirak: euskarazko film laburren zirkuitua Gipuzkoako hamabi herritara helduko da. Zirkuituan parte hartzeko, guztira 22 lan jaso zituen Euskaltzaleen Topaguneak, eta horietatik zortzi aukeratu zituen herriz herri erakusteko. Saio bakoitzean, beraz, zortzi lanak eskainiko dituzte.
Kultura baten desagerpena kontatu du Oier Fuentes zuzendariak Azken saskia dokumentalean. Igantziko (Nafarroa) Jesus Mari Sein saskigileren ahotik, eskulangileen munduaren gainbeheraren arrazoiak eta “kontsumoaren gizarteak” kultura horrengan izan duen eragina azalduko du. Ikus-entzunezkoan agertuko den bezala, garai batean 30-40 saskigiletik gora zegoen herrian; orain, ordea, Sein da geratzen den azkena.
Lan kolektiboa da Beti bezperako koplak. Maialen Lujanbiok egin du gidoia, eta hogei artista gazteren artean zuzendu dute, Ageda Kopla Taldean. Lanak Santa Ageda bezperako ospakizuna dauka abiapuntu. Koplen bidez, “genero indarkeriaren salaketa gordina” egin dute; eta, horiek oinarri hartuta, animazio teknika ezberdinekin egindako hainbat pieza ondu dituzte. Indarkeria matxistaren agerpen ezberdinak salatzen dituzte, baita hura gainditzeko ezintasuna ere. Musikak egiten du sorkarien arteko lotura.
Ohikoa izan daitekeen gertaera batek “sorpresak” ekarriko dizkio Iosuri. Itogin bat agertuko da haren eta Maitane emaztearen etxean. Maitanek, hura ikustean, arazoaren berri emango dio Iosuri, eta mutilak bizilagunei abisatzea erabakiko du. Bisita horretan, baina, hainbat ezustekorekin egingo du topo. Alejandro Diaz Castañok zuzendu du Ihesa; antzezleen artean, berriz, Koldo Soret, Usua de la Fuente, Maria Elorza, Maider Fernandez eta Laura Flaño daude.
1925ean girotu du Kepa Sojo zuzendariak Hileta film laburra. Herri txiki batean, hilbeila egiten ari dira: bat-batean hil berri da Inge, Mikel Martikorenaren emaztea. Familiako patriarka Martin, ordea, beste zerbaitek kezkatzen du: Joanes semea desagertuta dago; teologia ikasi ondoren, “burua galduta” dabil mendian, “hildakoen berpiztea predikatzen”. Carl Theodor Dreyerrek 1955ean zuzendutako Ordet filmaren eszena baten interpretazio librea da. Aktore ugarik parte hartzen du; besteak beste, Kandido Urangak, Itziar Atienzak, Josean Bengoetxeak eta Asier Hormazak.
Hamar minutuan, Euspot euskarazko spot lehiaketaren bost aldietan aurkeztu diren lan onenen bilduma bat emango dute. Urtero, antolatzaileek gai bat proposatzen dute, eta erronka horri erantzun behar izaten diote parte hartzaileek. 2012tik 2016ra, honako gai hauek jorratu dituzte: turismoa Gipuzkoa barnealdera erakartzea; autoak eta pertsonak; pintxo-potea eta euskara; sare sozialak eta euskara; eta merkataritza eta euskara. Sormena bultzatzea eta publizitate arloan euskararen erabilera sustatzea dira Euspot lehiaketaren helburuak.
Ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari diren 18 eta 22 urte bitarteko zazpi lagunek osatzen dute Uda Films. Haien 280º lanak ere, gazte bat du protagonista, bere etorkizuna garbi duen gazte bat, zehazki: sukaldean aritu nahi du, modu profesionalean. Irratiak emango dio helburu horretarako iristeko soluzioa. Film laburrak saria jaso zuen iazko Lekeitioko (Bizkaia) Euskal Zine Bileran, Gazte 22 kategorian.
Dimaren (Bizkaia) moduko arnasgune batean euskararen erabilera beheraka zihoala jabetu eta egoera aztertzean sortu zen Elemakarrak film laburra egiteko ideia. Auzolanean egin dute: Ibon Izak gidatu du, eta harekin batera aritu dira Joseba Rodriguez, Imanol Garcia eta Urtzi Uriarte. Ikus-entzunezkoan, Natxo eta Iratiren bidez irudikatu dute egoera. Natxo elebakarra da, eta egunero bere hizkuntzaz zipriztintzen ditu ingurukoak; Irati haurrak, aldiz, argi dauka: bere hizkuntzaren alde egingo dute beti, baita medikuarengana doanean ere.
Iratze haurraren eta dantzaren arteko harremanaz gogoetatu du Eki Pagoagak Jalgi film laburrean. Dantzarik ez duen herrialde zapaldu batean jaio zen Iratze, eta, arrazoi “misteriotsuak” direla eta, amak etxea utziko du. Urte batzuk geroago, estatuak aita hilko du, eta bakarrik geratuko da Iratze, bera eta bere oroitzapenak: amaren dantzak, biak bakarrik zeudenekoak… Ihintza Irungarai aktorea izango da Iratze.
Leave a Reply