[Museora] Lili jauregia. Zein da lilitarren sekretua?

[Museora] Lili jauregia. Zein da lilitarren sekretua?

Eider Goenaga Lizaso

Lili jauregian bizi diren azken lilitarrak dira Andre Madalen —Magdalena Amilibia du izena— eta haren senarra —Sebastian de Lili—. 1678. urtea da, eta bi urte barru lilitarrak kalera jaitsiko dira bizitzera. Karrera militarrean eta klase mailaketan gora egiteko asmoz, senarrak kanpoan egiten du denbora luzea, eta Andre Madalenek bakarrik gobernatzen du jauregia. Traizio barkaezina egin diote, ordea, eta jauregiko langile guztiak kaleratu ditu. Zerbitzua osatuko duten langile berriak behar ditu, eta konfiantzazko zerbitzari bat bidaliko du horien bila. Zerbitzari horrek txanpon bana emango die zerbitzura sartuko den langile posible bakoitzari, Andre Madaleni erakutsi eta hark konfiantzazko langile gisa identifika ditzan.

“Hala, Lili jauregia bisitatzera datorrenari txanpon bat emango zaio sarreran, eta horrek identifikatuko ditu jauregira lanera datozen langile gisa”, azaldu du Juanjo Aranburu (Zarautz, 1973) Lili jauregiko kudeatzaileak. 25 minutu inguru irauten du bisitak. Andre Madalenek bere sentimenduak azalduko dizkie bisitariei, eta etxea erakutsiko die, nola bizi diren azaldu, eraikinari buruzko datuak eman; eta, amaieran, zerbitzariekin konfiantza lortzen duenean, lilitarren sekretua zein den azalduko die, zein den Andre Madaleni egin dioten traizio hori.

“Ez dizut kontatuko zein den sekretua, baina barrenak mugitzen dituen sekretu bat da. Benetako gertaera bat izan zen: dokumentatuta utzi zuten, eta, gaur egungo begiekin ikusita, halako zirrara bat sortzen du”, azaldu du Aranburuk, bisitari posibleei Lili jauregira etortzeko amua botaz.

Duela bost urte ireki zuten Lili jauregia bisitarientzat. Bisita bereziak egiten dituzte, antzezlan bateko partaide izanez bakarrik bisita baitaiteke jauregia. Andre Madalen da protagonista bakarra, eta hark gidatzen ditu bisitariak jauregian barrena.

Oraintxe hasi berri dira berriro ere bisitak eskaintzen, neguko geldialdiaren ostean martxoaren 11n ireki baitzituzten berriro jauregiaren ateak. “Andre Madalenek Italian pasatzen du negua, hango senideak bisitatzen, eta udaberrirako itzultzen da Lili jauregira berriro. Bitartean, jauregia itxita egoten da”.

Lilitarrak

Lilitarrak “bailarako jauntxoak” izan ziren, eta XIV. mendetik XVII. mendera bizi izan ziren Lili jauregian. “Erdi Aroa zen, eta lilitarrak jauntxoak ziren, baina ez aristokratak. Gerora goi burgesia deituko zena osatzen zuten; basoak kudeatzen zituzten, burdinolak, errotak…. Egungo enpresari edo merkatari handiak izango lirateke”. Langileen ugazabak ziren hasieran, eta gero hasi ziren aristokrazian sartzeko ahaleginak egiten, nobleziaren pribilegioak eskuratzeko senidetzeak egiten. Horretarako, Lili jauregia utzi eta herrira jaitsi ziren bizitzera, Zestoara. “Errentetatik bizitzera, lanik egin gabe. Aristokratek egiten zuten bezala”.

Jauregia utzi aurreko garai horretan dago girotua Lilitarren ohorea obra. “Lehen beste obra bat genuen. Bi urte egin genituen harekin, eta hirugarren urtea da Lilitarren ohorea eskaintzen. Benetako egoera bat, egoera historiko bat deskribatzen du, lilitarrek idatzita utzi baitzituzten beren kontu guztiak; ondare horretatik ateratako egoera bat da”. Monologo bat da, baina bisitariek parte hartzea ere bada helburua. Zestoako antzerki eskolako lau emakumek interpretatzen dute Andre Madalenen rola, txandaka, eta jauregia ireki zutenetik ari dira elkarlanean Lili jauregia eta antzerki eskola.

Antzerkia gorabehera, Lili jauregia erakustea da helburua. “Andre Madalenek bere sentimenduak askatzen dituen bitartean, espazioz espazio joaten da”. Eta gauza asko dago ikusteko. “Lili jauregian dauden altzari guztiak garai hartakoak dira, eta horietako asko, jauregian bertan egondakoak. Pieza oso ederrak daude: burdinolako hauspoa, idazmahaia, oheak, bidaiatzeko kutxa, sehaskak… Egiazkotasun handia ematen dio horrek antzerkiari, eta bisitaria giroan sartzen da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.