Maite Alustiza
Autoa toki ona da entrenatzeko. Anaiarekin puntuka aritzen da Mikel Artola. Bolantea hartuta Oihana Iguaran ere, bakarka eta ozen, erlojua parean duela. Lanean, Iñigo Gorostarzuk burutik kendu ezinda ibili ditu errimak eta doinuak. Imanol Irazustabarrenak puntukako saio bakarren bat egina du aitarekin, eta Unai Mendizabalen azkenetariko bertsoak haren anaiak entzun ditu: “Sasi-garbitzeko makina pasatzen ari nintzen, bertsotan; geratu, eta anaiak, ondotik: ‘Ederra huan!'”. Tolosaldeko bost bertsolariak Zizurkilgo Iriarte jatetxean bildu dira astearte arratsaldez; entrenamendu saioa egin aurretik, Gipuzkoako txapelketarako prestaketez hitz egin dute.
Obsesioa. Hitz hori darabilte azken egunetakoa definitzeko. Artolak dioenez, ia ez du “beste ezertan” pentsatzen lehian dabilen bitartean. Iguaran ere bat dator: “Zeure burua errimak egiten harrapatzen duzu”. Whatsappean duten taldean honako hau izan da azken bi asteetan gehien errepikatu den mezua: “Bidali bakarkako gaiak”.
Bakarkako lanketa, hala ere, ez da bereziki jorratu duten zerbait, Artolaren arabera: “Denetik dago, baina guk gutxiago egiten duguna etxeko lan pertsonala da. Elkartu asko, aritu asko, serio, baina etxeko lanak gutxi”. Prestaketaren hasieran Andoni Egañarekin elkartu ziren, klabe batzuk jasotzeko. Oinarrizko gako batzuk badituzte: etxean landu beharreko garrantzitsuena errimak dira, eta bakarkakoa.
Errimetarako, margaritaren formula proposatu zien Egañak: lorearen erdian errima jarri, eta petaloak bukaera hori duten hitzekin osatzea. “Esan zigun txapelketara lasai joateko 70 bat egin behar zirela. Gu gabe ere lasai joan gara ba!”, dio Artolak, barre artean. Paperean egin ez arren, errimak buruan badituztela uste du Iguaranek: “Inkontzienteki, zuk badituzu 70 errima kaxoi buruan bertso bat osatzeko adina. Beste gauza bat da errima berberekin gabiltzala toki guztietan…”.
Errimak ez ezik, doinuak lantzea ere garrantzitsua da. Bakoitzak bere galbahea pasatzen du; hala ere, gustukoenekin entrenatu ohi dira. “Doinu berriak ateratzen ere saiatu gara, baina komeni da neurri bakoitzeko bizpahiru kontrolatuta edukitzea”, dio Gorostarzuk.
Taldeko lana
Tolosaldekoek ondo ezagutzen dute elkar. Badira hiru urte Harituz bertso eskolan elkarrekin dabiltzala, eta urte osoan, astean gutxienez behin elkartzen dira; asteazkenetan, normalean. Txapelketarako bereziki, martxotik dabiltza. Biltokia txandakatzen doaz: Amasan, Alegian, Zizurkilen… Lehia arrimatzen zihoan heinean, nahi duenak ia egunero izan du kideekin bertsotan egiteko aukera. Egindako entrenamendu saioen kopuruan ez ezik, intentsitatean ere badago aldea, Mendizabalek dioenez: “Besteetan kontu batzuk esan, lasai, ariketa gehiegi egin gabe… Txapelketa prestatzen ezberdina da. Bakoitzak txapelketako ariketa bana egiten du behintzat”. Taldea zatikatu ere egin izan dute; seiko taldetik hiruko bi osatu, bertsotan gehiago egiteko.
Bertsokera aldetik, norberak landu du berea, baina nabaritu dute entrenamenduetan elkarrekin aritu direla. Artolaren arabera, sailkapen fasean nabarmendu egiten zen elkarrekin arituta zeudela: “Kantatzeko moduak eta gaiei heltzeko moduek bazuten taju bat”. Horregatik ere betiko taldetik ateratzea aberasgarria da Mendizabalentzat, bertsotan egitera ohituta ez dagoen talde bat bilatzea: “Guk bertso eskolan elkarrekin egiten dugu, eta plaza gehienetan ere elkarrekin. Elkar harritzea oso zaila da”. Hernani eta Lasarte ingurukoekin elkartu dira, tarteka Iker Iriarte izan dute, Amaia Agirre, Felix Irazustabarrena… Ondo etorri zaie kantatuko ez zuen jendea ondoan izatea, ikuspuntu objektibo batetik begiratzeko. Hala dio Irazustabarrenak: “Gaiari heltzerakoan, gehienbat, esaten digute ‘hortik ez hartu, edo’… Kantaeran ere laguntzen gaituzte”. Ate irekiko saioak ere antolatu dituzte eskualdean, entrenamendu gisa, euren buruari “presio pixka bat jartzeko”.
Norberak bere ohitura edo trukoak ditu. Egañak kontatutakoak ekarri dituzte gogora: “Berak esaten zuen bazkaldu eta gero hobeto kantatzen zuela. Goizean saioa bazuen, goizeko lauretan jaikitzen zen, bederatzietan bazkaldu… Erritmo biologikoa berdina eramateko goizeko saio batera”. Horrelakorik egitera iritsi gabe, belar dendako lasaigarriak hartutakoa da Artola: “Lehen saiorako hartu nituen. Gero ia ez, eta hobe hartu izan banitu!”. Goizeko saioa tokatzen zaionean, Iguaranek garrantzi berezia ematen dio ahotsari: “Oso inportantea da ahotsa esna izatea; buruak baino gehiago larritzen nau ahotsa ondo izateak”.
Hizketaldiaren ondoren hasi da entrenamendua. Saiora batu zaie Haritz Mujika ere. Gaiak prest ekarri ditu Mendizabalek orri batean; normalean, pasatako txapelketetako gaiak aprobetxatzen dituzte. Mikrofonoarena egiteko, berriz, atril bat jarri dute mahai parean. Altxatzeko esan die Mendizabalek Iguaran eta Irazustabarrenari, eta ama-semeen rolean jarri ditu. Semeak arropa berri asko dakar azkenaldian, eta ama gaur konturatu da lapurreten aurkako gailuarekin dakartzala. “Poltsa hortan ez al dezu amantzat ezer ekarri?“, galdetu dio Iguaranek. Bertsoak entzun bitartean, errimak orrian apuntatzen ari da Mendizabal. Ariketa amaitzean, iritziak: “Oso ondo”; “bigarrena asko gustatu zait”… Horrela doa aurrera saioa, txapelketako ariketa guztiak egin arte.
Bederatzitik sei
Txapelketa “aspaldi” hasi zen haientzat. Hasierako Gipuzkoa Bertsotan fasean hasi ziren lehian, maiatzean. Bederatzi ordezkari ziren Tolosaldetik: sei horiez gain, Beñat Iguaran, Adur Gorostidi eta Txomin Azpiroz —eskualdeko Jexux Mari Irazu final-laurdenetan hasiko da lehian, hilaren 24an—.
Bederatziko taldea elkarrekin aritu da prestaketan, “beti ez batera, baina bai boladaka”. Lehian, berriz, bakantzen doaz pixkanaka: Gorostidi, Azpiroz eta Irazustabarrena Gipuzkoa Bertsotan fasean geratu ziren; datorren asteburuko saioen faltan, Oihana Iguaran eta Mendizabal final-laurdenetan dira dagoeneko, “Beñat ere ia seguru”; eta gainerako hirurek zail dute sailkatzea. “Nik behar dut milagro txiki bat… Handi xamarra”, dio Artolak, barrez. Asteburuko bi saioetako emaitzen zain egon beharko dute.
Lehenengo Gipuzkoako txapelketa dute Mendizabalek, Irazustabarrenak, Azpirozek eta Mujikak. Bigarrena da, berriz, Artola, Gorostidi eta Oihana Iguaranentzat, eta, hirugarrena Gorostarzu eta Beñat Iguaranentzat. Gustura daude orain artekoarekin. Mendizabalek, esaterako, helmuga jakinik gabe eman zuen izena, parte hartzeko intentzioz, eta hasierako fasea pasatzea eta orain final-laurdenetara pasatzea sekulakoa izan da harentzat. Eta ez pasatze hutsa bakarrik: “Maila horretan, izen handiko bertsolariak daude. Zeure burua horien pare ikustea eta haiekin bertsotan erritmoan zabiltzala ikustea gauza ederra da”.
Pertsonalki egiten dutenetik aparte, talde modura bizi dute txapelketa: “Txapelketak denei eman digu; prestaketa horretan, gure bertso maila koska bat igo da. Gure bertso eskolak urtebetean asko hobetu du”. Ados da Iguaran: batzuk atzean geratu dira, baina denek hobetu dute. Argi dute egun bateko aldagai askok erabaki dezaketela saioa hobea edo okerragoa izatea: gaiek, zorteak, bakoitzaren egoerak… “Ez da Tourrean bezala etapa pila bat dauzkazula; bat daukazu, eta hor huts egiten baduzu, geratu egiten zara”.
Hala ere, azkeneko astea edo egun parea urduri pasatzen duten arren, prestaketan aritu izanak lasaitasun pixka bat ere eman die. Segurtasuna. Duela lau urteko txapelketa ekarri du gogora Artolak: “Egunean bertan oso larri gogoratzen dut neure burua, trabatuko ginelako eta…”. Asko prestatzeak laguntzen duela konturatuta dago, aurrez pentsatzen zuenaren kontra: “Nik esaten nuen astean behin elkartuta nahikoa zela, gero ideia freskoagoekin egoteko… Baina ez. Gero eta gehiago aritu, gero eta hobeto”. Aurreko lan hori baliatuta, beste jarrera batekin doaz bertso saioetara, Iguaranek dioenez: “Ni orain saio batera noa, eta badaukat eskaintzeko, eta pentsatzen dut: ‘ea asmatzen dudan daukadana ematen’, eta ez ea huts egingo dudan. Oso ezberdina da jarrera”.
Aurrera pasatu edo ez, gustura daude taldean lortutakoarekin. Hasieran “espero baino gehiagok” egin dute aurrera. Apustuak ere egin zituzten euren artean: bederatzietatik erdiz atzera geratzen zirenek aurrean geratzen zirenei afaria pagatu beharra. Eguna jartzeko daukate oraindik.
Leave a Reply