Eihartze Aramendia Iparragirre
Txapelketetan esperientziadunak dira Izar Etxeberria (Oiartzun, 1995) eta Aimar Odriozola (Ibarra, 2000) dantzariak. Oholtza ongi ezagutzen dute, urduritasuna beti hor badago ere.
Zorionak bioi. Nola sentitzen zarete?
IZAR ETXEBERRIA: Eskerrik asko! Ni oso gustura nago.
AIMAR ODRIOZOLA: Eskerrik asko. Oso pozik. Pare bat aldiz oreka galdu nuen, eta ez nengoen batere ziur; nire izena esan zutenean, kristoren emozioa eta poza; ezin nuen sinistu.
Zure kasuan, Izar, hirugarren aldiz irabazi duzu…
ETXEBERRIA: Bai, hala da. Bi aldiz irabazten duzunean, hirugarrena irabaztearekin hasten zara pentsatzen. Garaikurra Oiartzunen gelditzea zer-nolako poza izango litzatekeen pentsatzen jarria nintzen, eta, behin hori lortuta, ikaragarria izan da.
Berezia al da Pasaiako txapelketa hau zuentzat?
ODRIOZOLA: Niretzat hau oso berezia izan da; bigarren aldia izan da, baina txapelketa honetara jende asko etortzen da, eta inpresioa eragiten du. Aurten frontoi batean egin dugu, baina bestetan kiroldegi batean izaten da, eta hainbeste jenderen aurrean txiki-txiki sentitzen zara. Dena den, orokorrean txapelketa guztiak antzekoak izaten dira.
ETXEBERRIA: Niretzat ohiko txapelketa bat da. Gure mailan bi txapelketa bakarrik egiten dira, Gipuzkoakoa eta Euskal Herrikoa, eta horien artean ez dago alde handirik. Agian Euskal Herrikoan urduritasun handiagoa izaten duzu, Euskal Herrikoa delako, baina, berez, txapelketak maila berean daude.
Zer-nolako maila topatu duzue aurten?
ETXEBERRIA: Oso-oso ona. Urtero, normalean, jende bertsuak parte hartzen du txapelketan; gehienak ezagunak gara, eta maila oso ona da; edonork zuen irabazteko aukera.
ODRIOZOLA: Aurten nahiko maila ona izan dela iruditzen zait; gainera, puntuazioetan ikusten da; denek puntuazio nahiko altua genuen, eta nahiko berdintsu ibili gara.
Nola prestatzen dituzue txapelketak?
ETXEBERRIA: Dantzari bakoitzaren araberakoa izaten da; zer egiten duen eta nola antolatzen den ikusi behar da. Hilabete lehenago pixka bat gehiago hasten gara entseatzen, eta astean bi edo hiru entsegu egiten ditugu gutxi gorabehera.
ODRIOZOLA: Dantza taldean irakasle bat daukat, eta, txapelketa noiz den esaten digutenean, hilabete lehenago hasten gara entseguak egiten, astean bitan edo.
Dantzari batentzat beharrezkoak al dira txapelketak?
ODRIOZOLA: Beharrezkoak esango nuke ezetz, baina aukera ona dira zeure burua edozeini ezagutzera emateko. Ekonomikoki ere ongi etortzen da, eta, batez ere, ikasteko. Txapelketarik izango ez banu, ez nuke hainbeste entsegu egingo, eta ez nuke edukiko edozein pauso egiteko erraztasunik. Neure buruarengan konfiantza lortzeko oso ongi etorri zaizkit txapelketak. Oso positiboak iruditzen zaizkit, ikasteko eta zeure burua hobetzeko hartzen badira betiere.
ETXEBERRIA: Beharrezkoak, beharrezkoak… ez dakit, baina nik uste jendeak gozatu egiten duela dantzatzen, eta ikusten ere bai; beraz, nik jarraituko nuke txapelketekin.
Zuen herrietan zein da dantzaren egoera?
ETXEBERRIA: Oiartzunen Olarri dantza taldea sortu dugu orain dela gutxi. Herrian dantzari asko zeudela ikusten genuen, eta denak kanpora joaten ginen, ez baitzegoen aterabiderik herrian bertan. Dantzari onak daude, asko gaude, eta talde on bat sor genezakeela pentsatu genuen. Horri eutsita, taldea sortu genuen. Oraindik lehen urtea pasatu da, eta gauza asko daude hobetzeko, baina, lehenengo emanaldia nola joan zen ikusita, ondo ari gara.
ODRIOZOLA: Ibarran egoera oso ona da. Hain herri txikia izateko, bai dantza aldetik eta bai musika aldetik, nahiko talde onak ditugu, eta hori beti eskertzen da. Ohitura handia dago, eta txikitatik eramaten gaituzte dantza ikastera.
Plazan edo txapelketan, non gozatzen duzue gehien?
ODRIOZOLA: Txapelketa oso ondo ateratzen bada, txapelketan, baina normalean inguruko jendearekin zaudenean eta jendea gozatzen ari dela ikusten duzunean, hori ere asko gustatzen zait. Plazan lasai-lasai zaudenean gehiago gozatzen da.
ETXEBERRIA: Bi esparru oso desberdin dira. Plazan jendearekin zaude, talde bat dago… ez zaude hain urduri, eta akatsen bat egiten baduzu, ez da deus ere pasatzen. Txapelketetan, aldiz, presio hori duzu, bakarrik zaude, denak zuri begira daude… Nik bietan gozatzen dut, baina gozatzeko modua desberdina da.
Zein izan da zuen ibilbidea eta nondik jo nahiko zenukete?
ETXEBERRIA: Elizalde dantza taldean hasi nintzen, Lehen Hezkuntzako 3. mailan, eta Donostiako Eskola dantza taldean hasi nintzen gero. Balletak asko erakartzen nau; gainera, euskal dantzaren oinarria ere balletetik dator, eta beti pentsatu izan dut balleta ikastea gauza polita izango zela, baina euskal dantzan sartu nintzen; 20 urte ditut, eta orain ez naiz balleta ikasten hasiko.
ODRIOZOLA: Hasi, hasi, nire kontu hasi nintzen etxean; arrebak ikusten nituen dantzan, eta ni ere horretan hasten nintzen. 3-4 urte nituela hasi nintzen herriko dantza taldean, Alurr taldean. Orain dela hiru urte balleteko klaseetara joaten hasi nintzen, eta euskal dantzatik eta balletetik, bietatik zerbait egitea da nire asmoa. Beste dantza estiloak ere probatu nahi ditut, eta nire asmoa probatzen joatea da; eta, ahal bada, etorkizun batean irakasle bezala edo dantzari bezala aritzea.
Leave a Reply