Final-zortzirenak bukatuta, hilaren 24an ekingo diote berriro lehiari

Final-zortzirenak bukatuta, hilaren 24an ekingo diote berriro lehiari

Maite Alustiza

Asteburuan atseden hartuko du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Dagoeneko osatuta dago final-laurdenetan ariko diren bertsolarien zerrenda, eta hilaren 24an hasiko dute hurrengo fasea, Urretxu-Zumarragan. Guztira, bost saio jokatuko dituzte fase horretan; azaroaren 8an izango da azkena.

Final-zortzirenen ondoren, 23 bertsolarik lortu dute final-laurdenetara sailkatzea, horietako seik saioa irabazita: Jon Maiak, Arkaitz Oiartzabal Xamoa-k, Beñat Lizasok, Manu Goioganak, Felix Zubiak eta Jokin Urangak —hura da, gainera, fase guztian puntuazio altuena lortu duena, 457,5 punturekin—. Puntuazioaren arabera pasatu direnen artean, berriz, Ane Labaka izan da onena: bigarrena izan zen bere saioan, Beasainen, eta hirugarrena da sailkapen orokorrean (444 puntu). Azken sailkatuak, Mikel Artolak, 415 punturekin egin du aurrera.

Faseko 23 sailkatuei beste zazpi bertsolari batuko zaizkie final-laurdenetan. Horiek zuzenean sartuko dira datorren fasean, 2011ko Gipuzkoako txapelketan lortu zuten postuari esker: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean igaroko da finalaurrekoetara, eta puntu gehien biltzen duten hamahiru bertsolariekin osatuko da lehia.

Finalaurrekoak

Final-laurdenak azaroaren 8an bukatuko dira, eta azaroaren 22an hasiko dira finalaurrekoak. Hiru saio izango dira: Zarautzen, lehena; Tolosan, azaroaren 29an; eta Eibarren, abenduaren 6an. Aurreko fasetik sailkatzen diren hemezortzi bertsolariak ariko dira: sei bertsolariz osatutako hiru talde egingo dituzte, eta saio bakarrera lehiatuko dira.

Aurreko faseetan bezala, finalaurreko bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalera, eta puntu gehien batzen duten bost bertsolariekin osatuko da finaleko zortzikotea.

Abenduaren 20an izango da finala, Donostian, Illunben, 17:00etan. Aitor Sarriegi egungo txapelduna ez da lehiara aurkeztu; beraz, buruz aldatuko da txapela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.