Unai Zubeldia
Batuketan dago oinarria. Desberdinetik berdinerako pausoan. Ez dago beste sekreturik. Eta, hain zuzen ere, hausnarketa horri tiraka sortu zen Iparra Hegoa egitasmoa, 1993an, Elizondon (Nafarroa). Desio baten jiran elkartu ziren Urruñako eta Segurako bi kide: Beñat Elizondo eta Xabier Albizu. Musikak batu zituen biak, kantuak, Baztandarren Biltzarraren jiran, eta desio horri segika jarraitzen dute oraindik ere, fruituak jasoz. Muga gainetik Euskal Herria lelopean, aurten ere, prest daukate aste osoko kultur ekitaldia. Hitzaldiak, dantza, musika emanaldiak, bertsolariak, gastronomia, jolasak, mendi irteerak… Ahalik eta zubirik sendoena eraikitzen saiatu dira, beste behin ere, mugek sortutako paretak eraisten jarraitzeko.
“Ohartu ginen elkar ez genuela ondo ezagutzen. Herri bera ginen, baina desadostasunak genituen arlo askotan”. Hala gogoratu izan dute Iparra Hegoa egitasmoaren bi sortzaileek sarritan, eta urteotako lan etengabeak eman die sona eta indarra. Ia oharkabean sortu zen Urruñako eta Segurako lagun taldearen arteko harremana, eta egun bakarreko jaialditik asteburura igaro zuten ekimena lehenengo, eta aste osoko kultur ekitaldira gero.
Datorren asteko ekitaldietan lehertuko da aldarria, baina Iparra Hegoa ekimena ez da mugatzen aste bakarreko jardunera; ezta bi herri horien arteko lotura hutsera ere. Urteen poderioz, urte osora eta hamaika txokotara zabalduta daukate, jada, kultur ekitaldi zabal hori. Azken asteotako beroketa lana izan da horren erakusgarri. Besteak beste, bihar bertan jokatuko dute Euskal Herriko Mus Txapelketaren finala, Anoetan. Martxoaren 10ean, berriz, Niko Etxartek afari-kontzertua eskaini zuen Urruñako Pausun (Lapurdi).
Kultur astea hasi, Eneko Bidegain hizlariaren hitzaldiarekin hasiko da, datorren astelehenean, 19:00etan, Segurako kultur etxean. Zerk bereizten gaitu? gaitzat hartuta, biharamuneko hizketaldiaren lehen urratsa izango da astelehenekoa, Zerk batzen gaitu? aztertuko dutelako asteartean, Bidegain bera moderatzaile lanetan dela. Astelehenarekin hasi, eta igandearekin amaituko da ekitaldia, eta, urtero legez, azken egun horretan egingo dute ekitaldi nagusia. Lehenik eta behin, ekitaldi instituzionala egingo dute goizez, Goierriko eta Ipar Euskal Herriko hautetsiekin, eta Euskal Herriko herrialdeen arteko lotura irudikatzen duen gereziondoaren alboko ekitaldia egingo dute gero, 14:00etan, Nikolas Blain hautetsia eta Udalbiltzako partaidea gonbidatu berezi gisa hartuta.
Txartelak, salgai
Urteroko neurrian, aste guztian jende mordoa espero dute Seguran. Ipar Euskal Herritik autobusa antolatu dute iganderako, apirilaren 2an, Segurara joateko. Senperetik abiatu, eta Azkainen, Urruñan eta Pausun egingo ditu geldialdiak. Musika eta dantza emanaldiek ez ezik, bertso afariak ere jendetza biltzen du normalean, eta salgai daude ekitaldi horretarako txartelak. Pausun, Xaia ostatuan, eta Seguran, Elorripe tabernan daude eskuragarri.
Leave a Reply